Zuzenean
«Ilusioz nago, eskerrak ematen dizkiet aukeratu nautenei»
Antton Valverde musikari donostiarrak jasoko du 2025eko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak urtero euskal musikari bati ematen dioten aintzatespenik garrantzitsuenetakoa.

«Ilusioz nago, eskerrak ematen dizkiet aukeratu nautenei»

Ekitaldia ekainaren 21ean izango da, Victoria Eugenia antzokian, eta Eneko Goia alkatearen eskutik jasoko du. Saria jaso ondoren eskainiko du Antton Valverdek kontzertu berezia, betiko pianoarekin eta lagunak dituen musikariekin.
«Eskerrak ematen dizkiet aukeratu nautenei eta ilusioz nago», adierazi du Valverdek sariaren berri jakin ondoren. Musikariak ibilbide luzea egin du euskal poesiari musika jarriz, eta sei hamarkadatan zehar ahots eta pianoaren bidez, literaturaren eta musikaren arteko zubi bihurtu da.
Musika oso gaztetatik zeraman barruan. «Sei urterekin hasi nintzen pianoa jotzen, baina kantuan hasteko asmorik ez nuen. Aitak bultzatu ninduen», azaldu du. Izan ere, aitaren figura —margolaria eta grafikoa— funtsezkoa izan zen bere ibilbide sortzailean. Haren bidez ezagutu zituen Xabier Lete eta Lourdes Iriondo ere, ‘Zeruko Argia’-ko egutegi baterako argazki saio batean.
Valverdek aitortu duenez, kantaldiak ez dira beti errazak izan: «Kantaldiak asko nekatzen du, baina gustura ibiltzen ginen, ni behintzat». Hala eta guztiz ere, musika ez du sekula bere ogibide bihurtu erabat: «Musika bakarrik aukeratuz, gorriak eta beltzak ikusiko nituen. Beste lasaitasun bat eman dit inprimategiak».
Bere diskorik garrantzitsuenetakoa Lauaxetari eskainitakoa izan da. «Niretzat Lauaxeta oso pertsonaje maitagarria izan zen, eta disko horretan bere ikuspegi konpletuena eman nahi izan nuen», dio. Bizkaitar hizkeraren zaintza eta azalerako diseinua ere berak zaindu zituen.
Orain, Adarra Sariaren bidez, urte luzez euskarari eta kulturari egin dion ekarpena ofizialki jendaurrean aitortua izango da. «Gogoz eta eskertuta nago. Aprobetxatzen dut berriro ere eskerrak emateko hori erabaki dutenei eta bai, ilusioarekin nago kantaldi hori egiteko», adierazi du amaieran.