Zuzenean

Iraia Cambra

«Zer gehiago behar du Europak zerbait egiteko? Zenbat haur hil behar dituzte?»

Joan den ostiralean Askatasunaren Ontzidia erasotu zuten israeldarrek Gazara bidean, Mediterraneoan, Maltako uretan zegoela. Itsasontzietan 21 herrialdetako boluntarioak daude, tartean Euskal Herrikoak.

Audio_placeholder

«Zer gehiago behar du Europak zerbait egiteko? Zenbat haur hil behar dituzte?»

Loading player...

Maiatzaren 2ko ostiralean Israelek erasoa jo zuen Askatasunaren Ontzidiaren aurka, Gaza aldera zihoala, Maltako uretan. 21 herrialdetako boluntarioak zihoazen itsasontzian, tartean Euskal Herrikoak. Haizea Ziluaga abokatu eta ontzidiaren sustatzaileetako bat NAIZ Irratian egon da eta egoera salatu du: «Israelek bonbardatu du laguntza humanitarioa zeraman ontzia, Mediterraneoan, Europako ateetan, eta hori guztiz salagarria da».

Ziluagak azaldu duenez, ontzia guztiz suntsituta geratu da: «Dronekin bi bonba bota zituzten brankan, tamaina handiko zulo bat sortu zuten eta sistema elektriko guztia kaltetuta geratu zen. Argia da zein izan den erantzulea: Israelgo Estatua».

Ontzidian zihoan Euskal Herriko partaideetako bat zen Mikel Zuloaga onik dago jada etxean. «Berak dio fokua ez dela jarri behar Askatasunaren Ontzidian bakarrik, baizik eta Palestinako egoeran. Gazan, bonbek ez bazaituzte hiltzen, goseak hiltzen zaitu», azaldu du Ziluagak.

Blokeo humanitarioa «erabatekoa» dela dio, eta nazioarteko komunitatearen isiltasuna gaitzetsi du: «Nazio Batuetako eta Gorte Penalen ebazpenek ez dute inolako eraginik Israelen. Europak zer gehiago behar du zerbait egiteko? Noraino iritsi behar du genozidioak? Zenbat haur hil behar dituzte?»

Denon egitekoa

Horregatik, herritarrei eta instituzioei interpelazioa zuzendu die: «Gure plazetan pankartak jarri behar ditugu, gure balkoietan bandera palestinarrak, eta Israelgo produktuei boikota egin. Ez gaitezen konplize izan». Hainbat euskal erakunderi ere eskatu die neurriak har ditzatela: «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta unibertsitateek Israelekin harreman oro eten beharko lukete: militarra, komertziala, instituzionala eta kulturala».

Etorkizunari begira, flotillaren ekimenak jarraipena izango duela berretsi du: «Askatasunaren Ontzidia ez da geratuko. Ahal dugun neurrian, Palestinako herriari laguntza ematen jarraituko dugu».

Jaurlaritza Logoa