Zuzenean

Pasahitz seguruaren eguna izan da maiatzaren 4a. Egun ia dena egin daiteke modu digitalean, baina horretarako erabiltzaile eta pasahitzak behar ditugu. Segurua izan ezean, gure datuak eta zerbait gehiago lapurtu diezagukete. Horregatik jo dugu ZIUR Fundazioko Maria Penilla zuzendariarengana.
NAIZ Irratian azaldu duenez, oso garrantzitsuak dira pasahitzak, «gure atean jarritako giltza» dira, eta ondo kudeatu behar ditugu ziberkriminalen erasoak saihesteko. «Ziberkriminalaren helburua da gure sisteman sartzea, hortik mugimenduak egiteko eta zerbait lortzeko. Bankuen kasuan helburua da gure kontuan sartu eta hortik dirua lapurtu».
«Baina askotan ez gara horretaz jabetzen, eta ez ditugu pasahitz onak erabiltzen», gaineratu du, munduan gehien erabiltzen den pasahitza ‘123456’ dela gogoratuz. Gaur egun, ziberkriminalek erabiltzen dituzten sistemak gero eta azkarragoak dira, eta «segundu gutxi behar dituzte pasahitza lortzeko, eta kasurik okerrenean, dirua lapurtzeko».
Egoera horri aurre egiteko, Penillak gure pasahitzak gutxienez zortzi karaktere izan behar dituela nabarmendu du. Letra larriak eta xeheak erabili behar dira, baita zenbakiak eta ikurrak. «Mende bat egon beharko lirateke ziberkrimalek lanean halako pasahitza bat eskuratzeko, eta hainbeste denbora ez dira egongo», dio, eta zazpi karaktere erabili ezkero epe hori murrizten dela ohartarazi du. «Zazpi karaktereekin jaisten da, hogei urteetara».



