Zuzenean

Itzalaldiaren egunean, 20 bat minutuz egon ziren argindar gabe Aramaion, tarte hori behar izan zuen udal teknikari batek sorgailua pizteko. Udal konpainia publikoa arduratzen da argindarra sortzeaz eta herrian banatzeaz, horregatik itzalaldiak eragindako ziurgabetasuna azkar gainditu zuten. Asier Agirrek, Aramaioko alkateak, eta Xabier Arriolabengoak, argindar enpresako teknikari ohiak, NAIZ irratian energia sorgailuaren sekretuak kontatu dituzte eta energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egin dute ere bai.
Agirrek azaldu du herri txiki batean argindarra galtzea ohikoa ez den arren, «gertatzen den gauza bat» dela. «Bakarrak ez ginela jakitea ezustekoa izan zen». Sistema propioa izanik, Internet bidez argindarra berrezartzeko aukera dute: «Hiru minututan sorgailua aktibatzeko gaitasuna dugu». Dena den, itzalaldian interneterako konexioa «ezegonkorra» izan zenez, prozesuak 20 bat minutu iraun zuen, udal teknikari batek berrezarri zuen arte. Argi etenaldi bat dagoenean SOS sistema bat dela azaldu du alkateak: «Gertaera bat dagoenean zerbitzua mantentzera behartuak gaude».
Agirre alkateak energia berriztagarriak goraipatu ditu: «Bide hori hartu behar dugu, zalantzarik gabe». Aramaion, hain zuzen ere, bide horri ekin diote, eta alkateak esan duenez, Kiroldegiko plakek energia berriztagarriak dute energia iturri. Nahiz eta prozesua «ongi eta modu pausatuan» aztertu behar den, Agirrek nabarmendu du «oso berandu» gabiltzala. Energia kudeatzen dutenei kritika egin die eta energia sistema lokala aldarrikatu du: «Guk gure energia sortu eta banatu beharko genuke, herriak bere izaera propioa izateko».
Xabier Arriolabengoak, enpresako teknikari ohiak, sistema Aramaio herrian ematen ziren argi etenaldiei aurre egiteko jarri zutela aipatu du. «Sistema propioa izateak argi etenaldiak saihesten ditu».


