Zuzenean

Eli Pagola Apezetxea

Elektrizitate-mendekotasunaren eta esku hartzearen gainean gogoetan

Marta Barba, Aleka eta Amillubiko kidea; Alazne Arruti, Goiener Taldeko kidea; eta Joana Detchart, OSTIA Kolektiboko kidea izan ditugu hilabeteroko mahai inguruan. Astebete lehenago izandako itzalaldia abiapuntutzat hartuta, garaiaren analisia egiteko baliatu dugu.

Audio_placeholder

Elektrizitate-mendekotasunaren eta esku hartzearen gainean gogoetan

Loading player...
Hernaniko elektrizitate dorre baten langile bat konponketa lanak egiten
Hernaniko elektrizitate dorre baten langile bat konponketa lanak egiten (Jon Urbe)

Hiru egoera desberdinetan tokatu ziren solasaldiko hizlariak joan den asteko asteleheneko argindar etetean. Arruti telelanean, Barba baratzean eta Detchart ohiko ibilian, itzalaldiak ez baitzuen eraginik izan beren inguruan. Lan jarduna eten edo ez, alarma sentipena piztu, urduritasuna ernatu eta blokeo eragin zuen gertakaria izan zen.

Arruti Goienerreko langilea da. Aitortu duenez, ez du sarearen begirada oso orokorra baina, energian oinarritzen den kooperatibako langilea den heinean, informatuta mantentzen saiatu da lanean duen eragina medio. Antonio Turielen azalpenak argigarriak izan zaizkiola aipatu du eta teknologia zaharrek kontsumo aldaketen aurrean duten erantzuna eta teknologia berriagoak sistema horretan izan duten txertatzea alderatu ditu. Iturri berriztagarriak darabiltzaten sistema zentralizatuak ere izan ditu aipagai eta ezegonkortzearen gaineko argibideak eman ditu.

Ez dago argi zer izan zen huts egin zuena eta, agian, ez du guztiz erantzun teknikoa izango galdera horrek. Interes ekonomikoek eragina dute energiaren kudeaketan eta kontrolean eta, baieztatzerik ez dugun arren, gertakari honetan ere hala izan denaren itxura omen du.
Eztabaidara gehitu dira beste teknologia batzuen alde haizatu diren aldarri interesatuak, tentuz lantzeko gaia, inondik inora.

Finean, zentralizazioa eta horren ondorioak agerian geratu ondoren, horren aurrean izan ditzakegun erreakzioez hitz egin dugu eta, soluzio indibidualak beharrean (norbere bateria norbere etxean), irtenbide kolektiboen eta dugun mendekotasunaren eta esku-hartzearen gaineko gogoeta luzatu da. Horren eta Europar Batasunak gomendatutako segurtasun kitaren harira, segurtasun kit deituko ez den segurtasun kit baten premia azaleratu da, alegia, mendekotasuna apalduko duen oinarrizko baliabide batzuk bermatuko dituen egituratzea.  

Energia eta horren sorkuntza-banaketa ereduak ekarri ditugunez, aprobetxatu dugu Apirilaren 5an izan zen Nafarkoopen batzar nagusia ekartzeko eta baita datozen ekitaldiei begira jartzeko ere, horien artean, Amillubiko Udaberriko Festa eta Marieniako Landatze Eguna.

Jaurlaritza Logoa