Zuzenean
«Pila bat entrenatu dut ondo egoteko eta txapelketa hau asko disfrutatzen ari naiz»
Iazko Buruz Buruko Serie B-ko txapeldun izan zen Iker Larrazabal (Amurrio, 2002), 2023an Binakakoan txapela jantzi eta gero. Arabarra abiadura handian dator aurtengo txapelketa nagusian: Ezkurdia kaleratu zuen eta ligaxkan lorturiko beste bi garaipenek finalerdietarako txartela eman diote.

«Pila bat entrenatu dut ondo egoteko eta txapelketa hau asko disfrutatzen ari naiz»

Buruz Buruko Txapelketa nagusiaren historian bi aldiz bakarrik iritsi da txapela Arabara. Bietan Ogueta handiak lortu zuen janztea. Gasteizeko pilotalekuak bere izena darama, baina aurtengo txapelketan gauzak nola dauden ikusita, herrialde horretako pilotazale asko garaipen handi batekin amesten hasi dira. Arrazoiak badu izen eta abizena: Iker Larrazabal. Amurrioko aurrelari gazteak iazko Buruz Buruko Serie B-ko txapela lortzeagatik lortu zuen aurtengo Lehen Mailakoan aritzeko saria, eta debutari baten esfortzua ez ezik, beste gauza bat ere lortu du: errebelazioa izaten ari da eta, final-laurdenetako ligaxkan jardunaldi baten faltan, finalerdietarako txartela poltsikoan du dagoeneko.
Final-zortzirenetan Joseba Ezkurdia kaleratu zuen (21-22), eta final-laurdenetako ligaxkan beste bi garaipen erdietsi ditu amurrioarrak: 14-22 Altuna III.a egungo txapelduna eta 20-22 Darioren aurka. Gaur bertan, Iruñeko Labriten, ez da ezer egongo jokoan kanporatuta dagoen Zabalaren aurka, baina Larrazabalek mentalki eta fisikoki oso ondo prestatu du txapelketa eta finalerdietara ahalik eta hoberen iristea du helburu.
Zure lehen Buruz Burukoa duzu Lehen Mailan eta dagoeneko finalerdietarako sailkatuta zaude jardunaldi baten faltan. Zure ametsik gozoenean ere halakorik espero al zenuen txapelketa hasi aurretik?
Ez nuen espero. Lehenengo partida pilotari gogor baten kontra hasi nuen, Josebaren [Ezkurdia] kontra ez nuen espero irabaztea. Partida ona atera zen. Uste dut jendeak asko disfrutatu zuela eta pozik nago irabazteagatik.
Aipatu duzu Ezkurdia, baina Jokin Altuna egungo Buruz Buruko txapelduna eta kantxa osoan asko jokatzen duen Dario ere garaitu dituzu. A zer hiru garaipen! Ez dira edonolakoak.
Partida zailak tokatu zaizkit, baina uste dut ondo jokatu dudala. Pila bat entrenatu dut ondo egoteko txapelketan, eta pozik nago txapelketa honekin.
«Orain konfiantza handiarekin nago, eskuekin ondo nago eta fisikoki nik uste dut pila bat hobetu dudala»
Pentsatzen dut sentsazio ezin hobeekin arituko zarela, joko puntu oso onean.
Bai. Orain konfiantza handiarekin nago, eskuekin ondo nago eta fisikoki nik uste dut pila bat hobetu dudala.
Esango zenuke momenturik onenean zaudela? Edo asko esatea da hori?
Txapelketa honetan ondo moldatzen ari naiz. Agian momentu batzuetan ondo egon naiz, baina mentalki eta fisikoki ondo moldatzen ari naiz orain, eta agian horregatik txapelketa ona ari naiz egiten.
Azpiratu dituzun izen handiak aipatu ditugu. Ez zaizu bereziki urduri sumatu orain arteko partidetan. Ezkurdiaren aurka egia da azken txanpa horretan gerturatu zenean bai akaso. Baina gainontzean, kanpotik ikusita, txukun eta lasai ikusi zaizu. Zu nola sentitu zara barrutik?
Entrenatzaileak esaten dit lasai egoteko [barrez], lasai egoten banaiz eta disfrutatzen badut nire jokoa egingo dut eta horrela ikusten da ondo jokatzen dudala. Horrela jarraitu behar dut eta espero dut hurrengo partidan lasai egotea eta nire jokoa egitea.
Esatea erraza da, gero egitea beste gauza bat. Nola kudeatzen duzu hau?
Zaila da. Pilotari hauen kontra lasai egotea zaila da, baina botileroarekin eta etortzen den jendearekin lasaitzen naiz. Ondo egotea, disfrutatzea eta ondo jokatzea.
«Fisikoa oso garrantzitsua da txapelketa honetan eta mentalki ere ondo egon behar zara. Frontoian bakarrik egoteko beste mentalitate bat behar duzu eta nik uste dut hori asko ikasi dudala»
Esan duzu asko prestatu duzula Buruz Buruko txapelketa eta badakigu zein gogorra den, fisikoki zenbat behartzen duen gorputza. Nola izan da prestaketa?
Binakako Txapelketan goiz kaleratu gintuzten. Egon nintzen 3-4 aste entrenatzen mentalki, fisikoki eta teknikoki. Fisikoa oso garrantzitsua da txapelketa honetan eta mentalki ere ondo egon behar zara. Frontoian bakarrik egotea beste mentalitate bat behar duzu eta nik uste dut hori asko ikasi dudala.
Alor mentala psikologoekin lantzen duzu ala zure kaxa?
Ez, ez. Psikologoa daukat eta asko laguntzen dit.
Orain, ligaxka amaitzeko azken partida bat falta zaizu, dagoeneko aukera gabe dagoen Zabalaren aurka. Beti pentsatzen da helburua irabaztea dela baina, bestalde, pentsatu beharko da gorputzari behartu asko ez ematea jakinda dagoeneko baduzula finalerdietarako txartela. Nola egiten diozu aurre larunbateko partidari?
Irabaztera atera behar gara, konfiantza asko hartu eta saiatu behar gara eskuak ondo edukitzen eta finalerdietan ondo egotea.
Esango nuke, honelako egoeretan burua askotan erlaxatu egiten dela eta Zabala, nahiz eta txapelketatik kanpo egon, garaipen bat ere nahiko du.
Bai. Nik uste dut lasai ez garela egon behar. Saiatu behar gara partida guztiak irabazten eta Zabala manomanista hutsa da eta asko jokatzen du.
Larunbat honetan gertatzen dena gertatuta, finaletik partida bakarrera zaude.
Ba ez nuen espero honetara iristea [barrez]. Oraindik ez nago horretan pentsatzen; saiatu behar naiz lehenengo partidan pentsatzen, finalerdietan ondo egoten eta gertatzen dena gertatuko da eta egin dudan txapelketarekin geratuko naiz.
Bi multzoetan egoera bera da. A multzoan zuk lortu duzu finalerdietarako txartela eta b multzoan Lasok, eta Zabala eta Elordi txapelketatik kanpo geratu dira. Beraz, finalerdietan, zure kasuan, Iñaki Artola edo Peio Etxeberria aurkari izango duzu. Aukeratzen hasita, ez dakit baten bat nahiago duzun.
[Barrez] Zaila. Biak fisikoki ikaragarriak dira eta ikusi ditugu partidetan: Peio fisikoki ikaragarria da, abiadura asko ematen dio pilotari, eta Artola berdina, agian gehiago ateratzen du baina berdinak dira. Ez zait inporta. Bien kontra nire jokoa egin beharko dut eta espero dut irabaztea eta disfrutatzea.
Esan dugu zure lehen Buruz Buruko txapelketa nagusian. Askotan esaten da lehenengoan saiatu behar dela disfrutatzen. Ez dakit lortzen ari zaren.
Bai, bai. Txapelketa hau asko disfrutatzen ari naiz. Ez da urte guztietan jokatzen txapelketa hau eta pilotari hauen kontra ez da egun guztietan jokatzen. Justu tokatu zaizkit Joseba eta Altuna, pilotari onenetarikoak direla, eta Dario manomanista ikaragarria da eta asko jokatzen du.
Buruz Burukoa oso exijentea da. Eskuak zer moduz dituzu?
Bai. Fisikoki ondo moldatu naiz. Agian partidak amaitzerakoan hankak gogortuta izan ditut, baina eskuak eta fisikoki ondo. Espero dut horrela jarraitzea.
Aipatu duzu partida guztiak irabaztera atera behar dela. Hala ere, orain baduzu finalerdietara fresko iristeko aukera.
Bai, bai. Orain hori eduki behar dut buruan: lasai jokatzea, irabaztea eta gero finalerdietan topera egon.
«Nire helburua zen Josebari [Ezkurdia] irabaztea; beste helburu bat jarri nuen zela finalerdietara iristea, eta orain helburua da finalean egon eta espero dut hor egotea»
Egoera ikusita, txapelerako aukera hain gertu izanda, nola kudeatzen duzu egoera? Dagoeneko helburu garbitzat hartzen duzu txapela edo nahiago duzu horretan ez pentsatu oraindik?
Zaila da ez pentsatzea. Nire helburua zen Josebari irabaztea; beste helburu bat jarri nuen zela finalerdietara iristea, eta orain helburua da finalean egon eta espero dut hor egotea.
Bi aldiz bakarrik iritsi da txapela Arabara, biak Ogetak irabazitakoak; azkena duela 66 urte. Arabarrentzat ere bertako pilotari bat hor goian ikustea poztekoa izango da. Gainera, gaztea, 22 urte besterik ez eta azken urteetan nafarrak eta gipuzkoarrak izan direla nagusi ikusita.
Jende askok esan dit hori, duela asko ez dela ekarri txapela hona. Espero dut ekartzea, polita izango litzateke irabaztea. Umeentzat eta pilotarentzat ere uste dut ona izango litzatekeela.
Irabazi ez arren, arabarrak zurekin disfrutatzen ari dira.
Bai. Nik uste dut frontoietara etortzen direla eta asko disfrutatzen dutela.
Senideak eta lagunak disfrutatzen ari al dira?
Pila bat [barrez].