Zuzenean

Eli Pagola Apezetxea
Elkarrizketa

«Osasuna desnaturalizatu eta faktore sozialek duten garrantzia ikusi behar da»

Ustelkeriak irentsitako lurralde baten etnografia ari da egiten Julia Ron antropologoa Eitzagan, Zaldibarko zabortegia kokatuta dagoen auzoan. Gorputza, baserria eta lurraldea izan ditu toxikotasunaren ulerkera aztertzeko hiru ardatzak.

Audio_placeholder

«Osasuna desnaturalizatu eta faktore sozialek duten garrantzia ikusi behar da»

Loading player...
Julia Ron antropologoa eta Jon Olaetxea Eitzagako bizilaguna
Julia Ron antropologoa eta Jon Olaetxea Eitzagako bizilaguna (Jon Urbe)

Sakrifizio eremuak dira jarduera industrialek edo inguruen degradazioak afektatutako zonaldeak eta, normalean, komunitate zaurgarrienek habitatutako hiriak, herriak edo auzoak, gehienetan, diru-iturri urriko komunitateak edo arrazializatuak. Kasu honetan, Debabarrena barnealdeko industriaguneak sakrifizio eremutzat har daitezke, kasu honetan, klase determinatzaileak historikoki izan duelako eragin garrantzitsua zonalde hauek egituratzeko eta sozialki dinamizatzeko, batez ere, migrazioari dagokionez, aurreko mendeko industriaguneak eratu zirenean, baina baita gaur egun ere.

Eitzaga industriagune horien erdian kokatzen da, Ermuko eta Eibarko auzo langileetatik oso gertu eta hazten joan den gune industrial baten erdian, beraz, Eitzaga bihurtu da ezerezaren erdian dagoen auzo bat. 'Ustelkeriak irentsitako lurralde baten etnografia: toxikoekin bizikidetza Zaldibarko zabortegiko inguruetan' lana aurkeztu du Julia Ron ikerlariak.

Nola ikertu daiteke toxikotasunaren ulerkera?

Hasiera batean ikertu nahi nuen Eitzagako bizilagunen osasunean zabortegiaren presentziak eta toxikoek zer eragin eduki zuten, bai beren osasunean, bai hori ulertzeko moduan eta baita kudeatzeko moduan ere. Baina iritsi nintzen Eitzagara eta topatu nintzen eszenatoki konkretu batekin. Ulertu nuen nik ikertu nahi nuena ulertzeko perspektiba historiko zabal batetik begiratu behar niola gaiari eta ulertu behar zela Eitzagako biztanleen errealitatea testuinguru historiko eta erlazional baten barruan eta, hortik bakarrik, ikusi toxikotasuna eta ingurumen osasuna bezalako gai zabal eta global batek nola lur hartzen duen Eitzagako kasu konkretuan.

Eitzaga bezalako baserri-auzo batean ezinezkoa izango litzateke gorputz-toxizitatea lurralde eta baserritik pasatu gabe ulertzea eta horregatik nire asmoa izan zen hiru esparru horietan toxikotasuna nola ulertzen den ikertzea eta hiru ardatz horien arteko artikulazio bat analizatzea. Hortik aurrera, ikustea nola txertatzen den toxikotasuna eitzagatarren eguneroko praktiketan.

Gorputza, baserria eta lurraldea. Zergatik?

Gorputzak ikertu nahi nituen osasun antropologia batetik abiatuta toxikotasunak gorputzetan izango lukeelako eragina, bai gorputz horien osasunean, baita gorputz horiek harremantzeko moduan ere. Kasu honetan, ingurumen osasunaren aldetik, ezinbestekoa zen lurraldearen osasunari erreparatzea, azken batean, zabortegia badelako lurraldean eragin zuzena izan duen azpiegitura postindustrial bat eta, lehen esan moduan, Eitzaga bezalako baserri-auzo batean, lurraldearen ulerkera zuzenean pasatzen delako baserritik. Azkenean, baserriak berak egituratzen du lurraldea ulertzeko modua. Ardatz horien arabera egituratu nuen ikerketa.


Zaldibarko zabortegiko 2020ko gertakariak toxikotasunaren pertzepzioan zer eragin izan zuen?

Landu dudan fenomenoetako bat da indarkeria motela eta indarkeria azkarra. Indarkeria azkarrak erreferentzia egiten dio indarkeria ikusgarriari, ez ikusia egitea zaila den katastrofearekin lotzen ditugun fenomeno horiei, oso sentsibleak diren gertakari horiei. 2020ko hondamendiak oso ondo azaleratzen du hori dena: zabor tona pila bat erortzen dira mendian behera, autobide kolapsatzen da, bi langile hiltzen dira, hurrengo egunean sekulako sute toxikotasuna sortzen dira Eibarko, Zaldibarko eta Eitzagako herritarrak konfinatuz… albora uztea zaila den gauzak gertatzen dira eta hor pizten da herri ekimena –Zaldibar Argitu– eta gu denok Eitzagako zabortegiaz orduan enteratzen gara baina eitzagarrek XX. mende amaieratik, zabortegia eratzeko lehen planak hasi zirenetik, indarkeria motel bat bizi izan dute.

Hori da indarkeria bat beren egunerokoan askoz ere txertatuagoa dagoena eta ez dena hain bisuala. Jende gutxik ezagutzen du, `pixkanaka-pixkanaka beren egunerokoan guztiz txertatzen da eta beren auzoko dinamikak guztiz baldintzatzen ditu, baita beren osasuna ere, zeren, azkenean, toxikoen eraginpean daude denbora guztian.

Zer baliabide bidez uler daiteke toxikotasuna?

Hemen kontua da guztiz desinformatuta daudela eta informazioa eskatu dutenean ukatu egin zaiela. Adibidez, 2020an, hondamendiaren ostean, eitzagarrek eskatu zuten auzoko bizilagunei mediku-analisia batzuk egiteko, jakiteko beren gorputzetan zer eragin izan zuen zabortegiak, hondamendiak berak, lehen aipatutako sute toxikoek eta abar, eta Eusko Jaurlaritzak ezeztatu egin zituen esanaz 30 pertsonako auzo batean ezin zela horrelako ikerketarik egin. Beraz, ez da bakarrik ez dela informazioa estrukturalki ematen baizik eta eskatzen denean ere ukatu egiten dela. Dokumentatuta dago, mediku-ikerketa askoren arabera, zabortegietatik gertu bizi diren komunitateek osasun arazo ugari garatzeko probabilitate handia dutela eta arrisku handien duten taldeak direla nagusiak eta haurrak. Eitzaga lehenengoz osatutako komunitate bat da.

Hemen informazioaren ukazio estruktural bat egiten da. Eta ikusten da, argi eta garbi, osasuna bizi eta kudeatzerako orduan desberdintasun sozialek zer nolako garrantzia duten. Osasuna desnaturalizatu egin behar dugu pixka bat eta ikusi faktore sozialek duten garrantzia, bai zerbitzu sozialetara daukagun sarbidean bai hori ulertu eta kudeatzeko daukagun moduan.

Zertan da baliagarria halako antropologia-lan bat?

Nik uste gutxi ikertu dela Zaldibarko zabortegiaren inguruan eta gutxiago perspektiba antropologikotik. Orain arte egindako lanak, batez ere, hondamendia gertatu eta gero eginak dira, kazetaritzatik abiatutakoak, lan azkarragoak eta foku konkretuetan zentratzen direnak. Nire intentzioa da lan motelago bat egitea landa-lana bezalako teknika batetik abiatuta, non auzoa ezagutzen duzun bere testuinguru erlazional guztian eta perspektiba mikro batetik egiten duzun lan. Horretan ari gara eta oraindik geratzen zaigu.

Hala ere, horrelako ikerketa bat garatzea zaila da ez dagoelako inolako datu epidemiologikorik ezta mediku-daturik ere. Gu puntu batera bakarrik helduko gara baina benetan beharrezkoa da ikerketak garatzen non oinarritua izan dezagun.

Auzo begirada

Jon Olaetxea Eitzagako bizilaguna da, hain zuzen ere, baserria zabortegia dagoen malkarretik beheraxeago dute. Zabortegia proiektu zenetik jasotzen duten informazio eskasa salatu du eta auzoa bazter utzi izana penatzen du «Zaldibarren jarri dute autobide, saihesbidea, zabortegia… egin dutena da auzoa kondenatu».

Zaila da toxikotasuna ulertzeko modua azaltzea, batez ere, informazio falta medio, nola ulertua subjektiboegia egiten denean. «Zabortegia hor zegoen eta behera erori aurretik ez zen neurririk hartzen. Bagenekien hor zegoela baina zelan ez dizuten informaziorik ematen zelan afektatzen duen, zer eragin duen gertu bizi den jendearen artean… ez dizute ezer azaltzen eta eta ez dakizu zenbateraino den kutsakorra». Zabortegia erori zenean, ordea, eta 2020ko otsailaren 6an konfinatu egin zituzten inguruko herritarrak, «ezin zen leihorik ireki, ez ortuan ezer landatu, urekin kontuz ibili behar zen… orduan, hor bai konturatzen zarela zerbait larria dagoela airean».

Ulerkeratik harago, bi aukera ikusten ditu auzotarra: bertan geratu edo alde egin. Lurraldeari eustea erabaki duenetakoa da Olaetxea, etsipen puntu batekin bada ere. Toxikotasunera ohitu daitekeela dio normalizatu egiten delako. «Bizi bazara hiriburu industrial batean dena kez beteta, kotxeak, zarata… azkenean, ohitu egiten zara eta zuretzat normaltasuna da nahiz eta ez izan. Eitzagan, nik uste, normaltasun moduko batera heldu garela baina kakaz beteta gaude. Kutsadurara ohitu egiten zara baina egon hor dago. Etsipenez ere hartzen duzu, zeren, zer egingo duzu? azpiegitura horiek jada hor daude, zabortegia, autobide… egon zintezke etengabe bueltak ematen kontu honi baina zure osasun psikikoari ere kalte egiten diozu».



Jaurlaritza Logoa