Zuzenean

Itxaso Leon - Peli Lekuona

«Ibaipekoaren kostuak hipotekatu ditu mugikortasun iraunkorraren aldeko gainerako aukerak»

Ekologistak Martxan taldetik, Txomin Etxeandia izan da NAIZ Irratian, Lamiakoko ibaipekoaren proiektuaren inguruko aldaketak hizpide.

Audio_placeholder

«Ibaipekoaren kostuak hipotekatu ditu mugikortasun iraunkorraren aldeko gainerako aukerak»

Loading player...
Giza-katea Artaza-Romo institutuan, hilabete honetan.
Giza-katea Artaza-Romo institutuan, hilabete honetan. (Aritz Loiola | FOKU)

Ekologistak Martxan, Aldai Auzo Elkartea, STOP Subfluvial eta Subflubiala EZ! taldeek erabat errefusatu dute Lamiakoko ibaipekoaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena aldatzeko eskaera, eta kritikak funtsezko bi alderditan zentratu dituzte: tunelaren hondeaketan leherketak baimentzea eta Ballontin pasabidea eraikitzea. Argudio hauek zertan oinarritzen diren azaldu digu Txomin Etxeandiak.

Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren baitan, lehen alegazioetako bat ezarria dago. Izan ere, txosten horrek hasiera batean esaten zuen aipatu jarduerak ez zirela posible. Hori eraldatu nahi da, eraikuntza aurrera eraman ahal izateko. Arreta deitzen du jokoaren arauak aldatu izanak.

320 metroko zubibidea litzateke, biribilgune baten gainetik igaroko litzatekeena. Adierazpenak esaten zuen ez zegoela arazorik espero den trafikoa bertatik igarotzeko, baina inguru horretan azpiegitura ugari dago, eta ez zen beharrezkoa beste bat eraikitzea. Lanek suposatzen zuten dioxido isuria justifikaturik ez zegoela ere aipatzen zen. Orain, berriro esan dute baietz, egin behar dela.

Beste elementu deigarri bat, subflubiala, izenak dion bezala, Ibaizabal ibaiaren azpitik pasako dela. Aurrekaririk badago horrelako eraikuntzetan, metroan Gurutzetatik San Inaziora igarotzen den bigarren linea.

Zentzu honetan, adierazpenean ageri diren hainbat atalen inguruan ardaztu dute haien kritika. Karbono dioxido isuriak handituko lirateke eta, batez ere, trafikoa erakarriko luke, frogatua baitago hori eragiten duela bide berrien eraikuntzak. Epaileek gauza bera aipatu zuten, gainera. Horrekin batera, txostenak aipatzen du bai Bizkaiko Foru Aldundiak, bai Eusko Jaurlaritzak, badakitela Europatik ezarritako helburu klimatikoen aurka doazela. Hirugarrenik, uste dute plangintza orokorrik gabe egin nahi dutela bide hau, Bilbo metropolitarraren garraio eta mugikortasun plan integralik gabe alegia.

Proiektuaren epeari buruz ere zalantza dago. Lau urtekoa jasotzen zen lehenengo idatzietan eta, egun, 7 urtetik gorakoa.

Leherketak ere aipatu dituzte bat egindako auzokide eta eragileek. Hain zuzen, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak berriki adierazi du horien erabilera ohikoa dela eraikuntzak egin ahal izateko, baina herrikoek iragazkortasuna areagotu daitekeela ohartarazi dute maila freatikoari eta inguruko eraikinei egitura kalteak ekarriko lizkien zerbait.

Hasierako proiektuan Artazako parkea bakarrik ageri zen leherketekin zulatzeko, baina orain jakinarazi dute tarte guztietan egingo direla. Era berean, bibrazioen analisia baliogabea dela salatu dute. Izan ere, erakundeek eskainitako kalkuluak kilo bateko lehergaietan oinarritzen dira, baina 2,4 eta 6,18 kilo artekoak omen dira erabiliko dituztenak.

Salaketen artean gardentasun eza ere ageri da. Diote pertsona guztiei ez zaiela jakinarazi alegazioak aurkezteko aldaketa eskaera.

Proiektua jasangaitza eta zaharkitua dela ere nabarmendu dute. Etxanobek esan zuen herritarren kezka guztiei erantzuna emango zietela, baina ez dute sentitzen honi erantzunik eman zaionik.

Aldundiaren aburuz, kotxe partikularren kopuruaren arazoa da konpondu behar dena. Aldiz, mugikortasunaren eta garraioaren planteamendu zabalago bat eskatu dute herri eragileek; esate baterako, garraio publikoa eta oinez edo bizikletaz egin daitezkeen bideak aintzat hartuko dituena.

Aukerarik ez dute izan Aldundiko ordezkariekin bertatik bertara hitz egiteko, baina Etxeandiak ez dauka zalantzarik bilera egingo luketela, talde ekologisten eskaerak beste behin helarazteko.

Jaurlaritza Logoa