Zuzenean
«Amak esan izan dit lau urterekin tronboiaren irristailua aurrera eta atzera mugitzeko keinua egiten nuela» aitortu du Ervitik. Leitzako jaietan ‘Incansables’ txarangako kideei begira orduak igarotzen zituen haur hark ordu asko eskaini zizkion tronboiari nerabezaro eta gaztaroan. «Une batean erre egin nintzen eta anaiak bateria jotzen zuenez, instrumentu horretara hurbildu nintzen».
David Barcosekin klaseak hartzen hasi zen eta hark esandakoek «bizitza aldatu» ziotela dio Ervitik. Gaur egun erabat ohikoa zaizkigun bideo tutorial antzekoak egiten hasi zen, berak zekiena jendeari erakusteko helburuz eta hortik sortu zitzaion bateria klaseak ematen hasteko aukera.
Gauza batek beste batzuk ekartzen dituela esaten da eta Ervitik bideo horiek grabatzen ikasitakoari segida eman zion, bateriak on line grabatzeko zerbitzua eskaintzen hastean. Artista ezberdinentzat kantuak grabatzen hasi zen eta bide horri segika etorri zen hurrengo urratsa. Gaur egun Erviti estudioa denaren lehen pausoak eman zituen.
Ordu asko eskaini dizkio estudioari eta bertan gauzak nola egiteari. Grabaketa, nahasketa eta masterizazio lanak egiteaz haratago, ekoizle lanak ere egiten ditu Ervitik. «Taldeekin lan egiten hasi aurretik beraiekin elkartzen naiz eta argi uzten saiatzen naiz estudio batean denok orantza berean lan egitea dela garrantzitsuena».
Zuzenean ere ari da Olaia Inziarterekin, Esti Markezekin eta Modus Operandirekin. «Zuzenekoetara joatea lagunekin plan bat egitea bezala da eta oso ondo pasatzen dut jotzen». Aurrera begira, estudioko lanetan zentratuta jarraituko du Ervitik, zuzenean aritzearekin batera.
Entzun Josu Ervitirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.


