Zuzenean

Itxaso Leon - Peli Lekuona

Barne gatazka bi portaerarekin azaleratu daiteke: «laguntza eskatu edo pertsona hori erasotu»

Zeuk Esan zerbitzuak nabarmen igo ditu azken urtean jasotako deiak. Kepa Torrealdea psikologo eta bertako koordinatzaileak azaldu digunez, «isolamenduak aurre hartu die indarkeria fisikoari, berba itsusiei edo irainei».

Audio_placeholder

Barne gatazka bi portaerarekin azaleratu daiteke: «laguntza eskatu edo pertsona hori erasotu»

Loading player...
'Zeuk Esan' zerbitzuaren prentsaurrekoa, duela astebete. Ezkerrean, Kepa Torrealdea.
'Zeuk Esan' zerbitzuaren prentsaurrekoa, duela astebete. Ezkerrean, Kepa Torrealdea. (Irekia)

Zeuk Esan telefono zerbitzuak 2.197 kontsulta jaso ditu, aurreko urtean baino 572 gehiago. Adingabeei arreta emateko zenbakian egindako kontsulten %39 ondoez psikologikoagatik izan dira; hau da, jasotako deien herena baino gehiago antsietateak, depresioak edo tristurak sortutako ondoez psikologikoengatik izan da. Datuok interpretatzeko, NAIZ Irratian izan dugu Kepa Torrealdea, psikologoa eta Zeuk Esan zerbitzuko koordinatzailea.

2024ko balantzearen arabera, Zeuk Esan zerbitzuaren kontsultek nabarmen gora egin dute. Beste hainbeste gertatu zen 2021. urtean ere, baina ordukoan pandemiaren testuingurua zegoen tartean, eta oraingoan ez dira datu horietara iritsi. Azken zifrek ere, baina, badute azalpena: «ezohiko ekintza egin dugu azkenaldian, ikastetxeetara hurbildu gara, aurrez aurreko hitzaldiak ematera. Egunean hamar hitzaldi ere eskaintzera iritsi gara».

Zerbitzu honetara dei egiten duten gazte gehienek antsietatea, depresioa ala hitz egiteko beharra dute. Ondoez psikologiko horren atzean, Kepa Torrealdeak zehaztu duenez, partekatzeko behar bat egoten da.

Sarritan nabari izaten da hurbileko ingurunean ez daukatela horretarako inor, eta gutxitu egin direla kalitatezko kontaktuak. Nerabezaroan ohikoak izaten dira bizitza zikloko desorekak, baina belaunaldi bakoitzean bere ukituak izaten ditu honek: «gaur egun, gutxitu egin dira bertatik bertarako harremanak, eta ematen du bakardade puntu bat bizitzen ari dela egungo gazteak».

Berdinen arteko jazarpena ikertu ostean, zerbitzutik ohartu dira desberdinak direla garai batean eman zitezkeenak eta egungoak. Orain, isolamendua da nagusi.

Isolamendua, indarkeriaren aurpegietako bat

Lehen «indarkeria fisikoa, berba itsusiak edo irainak» baziren inor zigortzeko edo mintzeko modua, «isolamenduak aurre hartu die pasa den urtean eta aurrekoan». Isilekoagoa da mina, eta plataforma digitalak bitartekari bilakatu dira orotariko harremanetarako, baita jazarpenerako ere. Arrazoietako bat izan daitekeela aipatu du Torrealdeak, baina betiere zehaztuz ez dela «bakarra».

Zeuk Esan zerbitzura iristen diren kasuetako askok arreta jarraikorragoa behar izaten dute. Halako kasuetan, deribazioak ematen dira. Haien kasuan, laguntza telematikoa izan ohi da, baina dispositibo presentzialak ere badituzte. «Onurak; hitzordurik ez dela behar eta telematikoa dela. Mugak; arazoak larriak direnean harrera presentziala behar izaten dutela, eta horrelakoetan bai desbideratzen ditugula beste zerbitzuetara».

Gorrotoa: barrutik kanpora

Jazarpen kasuetako askok lotura izan dezakete gizarteko diskurtso ultrekin. Indarkeriak erpin ugari ditu, eta diziplina artekoa da bere analisia. Berdinen arteko jazarpenean, kanpoan ikusi ohi da intolerantzia, barruan landuta ez dagoenarekiko. Barne gatazka hori bi motatako portaerekin azaleratu daiteke: «laguntza eskatu edo pertsona hori erasotu, zure barneko ahotsak isilarazteko».

Azken ideia horretan sakondu du Torrealdeak, nerabeen arteko indarkerietako askoren iturburua aztertze aldera. «Kanpoan zerbait desberdina, desegokia, haserregarria ikusten dugunean eta gure baitan interpelatzen gaituenean, ulertzen dugu biolentziaren manifestazioa sor daitekeela. Horregatik irauten du indarkeriak».

Jaurlaritza Logoa