Zuzenean

Jolasean ikasi, ikasitakoarekin bizi, eta bizitakoarekin eraldatu. Horixe izan zitekeen KONEKTA TÚ jolasaren leloa, urtero urtero, giza eskubideen eremu baten inguruko galderen bitartez, gure jakintzak neurtzen baititu. Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak sortutako jolas honetan 5.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute jada, eta aurtengoan ere, lehoi gehiago batuko zaizkie. Lehoiak, bai, edizio bakoitza animalia batek ordezkatzen baitu; aurtengorako lehoia aukeratu dute, emakumeen indarra eta lidergoa irudikatzen baititu.
«Beste behin ere feminismoren gaia hartu dugu, egia esan nazioartean aritzen garen elkarteok emakumeekin lan handia egiten dugu, hori da gure lan ildo nagusietako bat» esan digu Jon Mikel Benito del Valle, Medicus Mundi Bizkaiako kideak.
Ondorengo baieztapenetatik, zeinek adierazten du zuzen feminismoaren eta matxismoaren arteko aldea? edo Zer urtetara arte behar zuen Espainiako Estatuan, ezkondutako emakume batek bere senarraren baimena banku-kontu bat irekitzeko edo lan-kontratu bat sinatzeko? bezalako galderen bitartez, eztabaida sustatu nahi du elkarteak. «Tresna interesgarria da, humoretik ezagutza neurtu eta gai hauen inguruan hausnartzeko».
«Euskadiko GGKEn Koordinakundeak ibilbide luzea du eta gaur egun 83 elkarte biltzen ditu» aipatu digu. Jolasteko eta Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeaz gehiago jakiteko, Jon Mikel Benito del Valle Solaun gonbidatu dugu gurera.


