Zuzenean

Peli Lekuona-Oinatz Aizpuru
Baigorri
Elkarrizketa
Xalbat Alzugaray
Basaizea elkartea

«Kate kolektiboa sortzeko beharra zabaldu nahi dugu»

Nafarroaren Eguna antolatu du Basaizea elkarteak igande honetan Baigorrin beste urte batez. Buruko mugak apurtu eta batasun kulturaletik herri batasunera jauzi egitea dute xede. Xalbat Alzugaray «kateekin ateak hautsi» lemaz aritu da hizketan NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Kate kolektiboa sortzeko beharra zabaldu nahi dugu»

Loading player...
Tafallako eta Baigorriko ziganteak 2024ko Nafarroaren Egunean
Tafallako eta Baigorriko ziganteak 2024ko Nafarroaren Egunean (François BERLAND)

Nafarroaren eguntzat abenduaren 3a jotzen da, baina baita ere apirileko azken igandea. Zergatik dago beste Nafarroaren egun bat?

Sinpleki Basaizea elkarteak duela 40 urte pasa behar bat nabaritu zuen euskaldunak batzeko egun gisa. Bi Nafarroak batzea egun batean inguruan zen asmoa hasieran, eta ildo horretatik jarraitu dugu anitz urtez.

Festa honen lehen edizioa 1978. urtean gauzatu zen. Zein izan zen abiapuntua?

Batez ere ikusten zen Baigorri eskualdean euskara galtzen ari zela, horren harira sortu zen. Horrekin batera, euskal kulturaren ekitaldiak bazter uzten ari ziren eta Nafarroaren Eguna bere kulturaldiarekin ekimen garrantzitsuak bultzatzen saiatzen da. Hortik dator berpizkundea.

Helburuetako bat Nafarroaren batasun kulturala da...

Ez da gehiegi aldatu denboran zehar. Nahiz eta gaur egun kultur eskaintza inoiz baino handiagoa izan, behar handia ikusten dugu oraino.

Zama handia da mugarena?

Muga fisikoa baino psikologikoa da handiena. Garai batez Nafarroaren Eguna sortu zen muga hori hausteko eta Izpegiren bi aldeak batzeko; urrunago euskaldunen leku bat izateko.

Baztan eta Baigorri artean Izpegiko gaina dugu. Egun nolakoa da bi aldeen arteko elkarbizitza?

Gure aldetik, Basaizean elkarbizitza baino gehiago harreman sendoa eraiki dugu Baztanekin eta hango gazteekin. Horren emaitza da urte guztiz egiten dugun Izpegiko besten antolaketa. Garai batean muga fisikoa hor izan arren, baziren harremanak. Denboraz harremanak apaltzen joan ziren eta orain saiatzen gara harremanak loratzen eta emaitza hor da.

Aipatu dugu Izpegiko gaina. Basaizea elkarteak bertako besten antolaketan badu zer esana. Nolako helburuekin hasi zineten?

Ikusten genuelako Baztan eta Baigorriren arteko harremana apaldu zela gure belaunaldietan, bortxaz. Gure gurasoek bazuten baztandarrekin harremana eta guk ez hainbeste. Bistan da besta hori mugak hausteko sortu genuela eta zinez erakusteko egiazki mugaz gaindiko politika dela kasik egun hori sortu eta saretzea.

Nafarroaren Egunera itzulita, esango dugu jarduna ez dela igandera mugatzen. Orain artean izan dituzue jardun ezberdinak. Nola joan dira?

Ongi. Egia esan kulturaldi aberatsa ukan dugu. Elkartearen urte osoko emaitza da kulturaldia antolatzea eta eguna zutitzea. Momentuz ongi joan da kulturaldia, oraindik ekimen batzuk falta dira.

«Kateekin ateak hautsi» da aurtengo aldarria.

Norberaren etxeko atea edo indibidualismoaren atea itxi eta kate kolektiboa nahi dugu formatu. Ikusten dugu euskararen kontrako oldarraldia dela, baina baita gure herrietako lurren aurka ere. Kate kolektiboa sortzeko beharrra zabaldu nahi dugu.

Egitarau oparoa antolatu duzue aurten ere bai.

Gauza asko antolatu ditugu. Goizean askaria ikastolan eginen da, gero txarangan animaturik desfilea beheko plazatik gainekora. Altsasu, Amezketa eta Amikuzeko dantzariak izango dira eta beste hamaika kontu. Eguerditik aitzina beheko plazan txaranga eta musika izango dira. Haurren txokoa eta gauean kontzertuak goiko plazan.

Garraioarentzat autobusak antolatu dituzue.

Lekuak badira oraindik autobusetan, basaizea webgunean topatuko ditu xehetasunak horren inguruan herritarrak. Zelai batzuk ere jarriko ditugu aparkatzeko eta pazientziarekin topatuko dute lekua.

Jaurlaritza Logoa