Zuzenean
«Posta kodearen arabera eskubide batzuk aitortu edo ukatzen zaizkigu»
Nafarroako herrietako zubietan ekimena egingo du Sorionekuak taldeak`Ireki ateak euskarari’ lemapean. Etorkizuna Nafarroan euskaraz izango dela eta zonifikazioa amaituz lege berri bat egiteko momentua dela uste du Xabier Gartzia talde horretako kideak.
«Posta kodearen arabera eskubide batzuk aitortu edo ukatzen zaizkigu»

Nafarroako hainbat herritan maiatzaren 10ean zubietan elkartzeko ekimena egingo dute Sorionekuak taldeak deituta. Zubiak igaro eta leloak dioen bezala, `Ireki ateak euskarari’ aldarrikatuko dute. Nafarroan leku batean edo bestean bizi eskubide batzuk izateak ez duela zentzurik uste du Xabier Gartzia taldeko kideak. Hori gainditzeko unea dela aldarrikatu du.
Zer suposatzen du egitasmo honen parte izateak?
Duela bi urte sortu genuen egitasmoa, Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren aitzakiapean. Bere garaian esan genuen moduan, Sorionekuak etorkizunerako, harrotasunerako eta poztasunerako dei bat da. Finean, erakutsi zigun euskara beti izan dela hemen, nafar guztiona dela eta hori dela etorkizuna, euskarari lotutako Nafarroa.
Nola jaso dute herriek zuen deia?
20 bat herri eta eskualde iragarri genituen maiatzaren 10ean haien herrietako zubiak hartu eta etorkizunerako zubia irudikatzeko. Harremanetan gaude beste batzuekin eta sorionekuak.eus webgunean izena eman daiteke, edo gurekin zuzenean harremanetan jarriz.
Maiatzak 10eko jardunaldian zein funtzio izango dute zubi horiek?
Era zabalean egin dugu deia, norberak badaki bere herrian zer egin dezakeen. Etorkizunerako zubiak eraiki eta igarotzeko deia egingo dugu, euskaratik eta euskaraz izango delako etorkizuneko Nafarroa. Hainbat herritan egitarau xume batzuk ari dira lantzen eta herritarrak zubi horietan elkartuko dira.
‘Ireki ateak euskarari’ izango da lelo nagusia. Zabaldu beharreko ate asko dago oraindik?
Ukazioan oinarritzen diren diskurtso eta ideologiak daude. Nafarroari ateak ireki behar zaizkio. Goizean zubiak eraikiko ditugu eta arratsaldean Iruñean mobilizazioa egingo dugu. Elkarbizitza bultzatu behar da, errespetuz bizi behar dugu eta ateak ireki behar zaizkio euskararen jendearteari.
Euskararekiko gorrotoa nabaritzen duzu Nafarroan?
Jakina, oldarraldi judiziala, politikoa eta ideologikoa izugarria da. Nafarroan euskara ez da eremu osoan ofiziala, gure posta kodearen arabera eskubide batzuk aitortu edo ukatzen zaizkigu eta horri buelta emateko unea da. Mende honen laurdena bete da eta beste Nafarroa bat eraikitzeko momentua da.
Azpimarratu zenuten «arraroa litzatekeela euskararik gabe Nafarroa». Nolakoa da gaur egun euskarak Nafarroan duen osasuna?
Euskalgintza eta herri eragileak aurrera urratsak egiten ari gara. Geroz eta ezagutza handiagoa dago, baina erabilera ez dator bat horrekin. Belaunaldi gehienek badute harreman minimo bat euskararekin. Alabaina, orandik lotsagarria da ereduen araberako hezkuntza sistema hau. Oraingo gobernuak ez du pausorik ematen eta %65ak ez du harremanik euskararekin. Aitzitik, ezagutzak gora egin du, erabileran urratsak egin dira eta beste giro bat dago gaur egun euskararekin Nafarroan.
Aurten, irailean, Europako Kontseiluak esan zuen euskarak Nafarroan duen oztopo nagusia zonifikazioa dela. Bat egiten duzue baieztapen honekin?
Nafarroan mugituz gero eskubide horiek irabazi edo galtzen ditugu. Hori traba handia da egunerokoan euskaraz bizi nahi dugunontzat. Uste dugu ofizialtasunik gabe zonifikazioa gainditu daitekeela eta beste estatus bat lortu normalizaziorako.
Atzo bertan Albares ministroa hainbat alderdi politikorekin bildu zen Europar Batasunean euskararen eta galegoaren erabileraz hitz egiteko. Gaur egun, hautetsiek espainiar Parlamentuan euskaraz hitz egin dezakete. Ez da deigarria Madrilen erosotasun hauek izatea eta Nafarroako herritarren artean oztopoak?
Oso deigarria da, bai, eta bitxia. Madrilen gauza batzuk onartu eta hemen euskaldunok gure hizkuntzarekin ezin aritu izatea edozein administraziorekin. Hori amaitzeko unea da eta pausoak eman behar ditu gaur egungo gobernuak.
Zer egin daiteke zonifikazioa eraldatzeko?
Erraza litzateke, datorren urtean ‘Vascuencearen legeak’ 40 urte beteko ditu. Borondate politikoa behar da lege berri bat egin eta euskarari beste estatus bat emateko. Horretarako, zoritxarrez, Nafarroako Parlamentuan ez dago gehiengorik. Bai dago gehiengo bat jendartean hori aldarrikatu nahi duena eta horri kasu egin beharko diote alderdiek jendarte berria eraikitzeko.
Zerk justifikatzen du zonifikazioa?
Argi dago urte luzetan Nafarroan euskararen kontrako politika egin dela, kontra egitea ere hizkuntza politika egitea da. UPNk eta PSNk egin dute, badakitelako euskara sustatuz gero bestelako errealitate soziopolitiko bat eman daitekeela. Begiratu besterik ez da egin behar urtetan Erriberan UPNk egindakoa. Espainiarekin eta Zaragozarekin lotu du Erribera eta ez Iruñearekin. Horrek espainiartasuna ekartzen du eta euskararekiko gorroto izugarria. Buelta ematen ari zaio horri eta herri mugimenduak zerikusi nabarmena izan du.
Euskaraldia badator. Nola ikusten duzue ekimen hau?
Ekimen interesgarria da eta euskaldunok aktibatzen gaitu, baina motxila ezin da soilik norbanakoon gainean jarri. Baldintzak sortu behar dira eta zonifikatutako herrialde batean erakundeen aldetik ez baldin bada aurrerapausorik ematen, nekez lortuko dugu euskara suspertzea. Hemen euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela aldarrikatzeko balioko du.


