Zuzenean

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Elkarrizketa
Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia
Antzezleak

«Muga fisikoak daude, muga mentalak daudelako»

‘Arizona’ (Txalo) lanarekin Donostiako Antzoki zaharra hartuko dute Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek apirilaren 24tik 27ra. Mugen inguruko hausnarketa bat proposatzen dute, muturrera eramandako pertsonaien lurrazaletan sartuta: muga fisikoak zein mentalak, eta bien arteko hariak.

Audio_placeholder

«Muga fisikoak daude, muga mentalak daudelako»

Loading player...
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola.
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. (Andoni CANELLADA)

Txalo Produkzioaken eskutik dator Arizona antzezlana. Euskaraz Kepa Errastiren gidaritzapean eta gazteleraz Esteban Roelen eskutik Juan Carlos Rubio dramaturgoaren izen bereko testua du oinarri. Agertokian, bietan Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak. Ikusleriak beharbada espero ez duen leku batetik ordea oraingoan. Mugen inguruko hausnarketa honek, mugako pertsonaiak dituelako erdigunean: Ergelak. Amen esaten dutenak. Koadrikulatuak. Biolentoak. Deserosoak. Margaret eta Georgen azalean sartu dira bi aktoreak, inguratzen gaituen errealitate gordina publikoari leundurarik gabe erakusteko asmoz.

‘Arizona’ lanarekin zatozte Donostiako Antzoki Zaharrera. Lau egunez izango zarete bertan. Bada lan honengan jarri duzuen anbizio horren seinale?

Aitziber GARMENDIA: Bai. Nik uste dut, gainera, guretzat oso garrantzitsua zela lau egun horiek euskaraz izatea. Jonek deitu zidan esanez lortu genuela lau egunez euskara hutsean izatea Antzoki Zaharrean, biok ospatu genuen. Guretzat bazen apustu oso garrantzitsu bat eta lau egunetan salmenta hori edukitzea,  sarrerak horrela saltzea gozamen bat da.

Jon PLAZAOLA: Bai. Guretzat Antzoki Zaharrera joateak bietarik du:  ilusiotik asko dauka baina urduritasunetik ere bai. Toki berezia da biontzat.

‘Arizona’ lana taularatu behar duzue fitxa teknikoari dagokionez, abiapuntua Juan Carlos Rubioren testua da.

A.G.: Testu bikaina gainera. Lehenengo aldiz irakurri genuenean, gainera, kuriosoa da bioi gogoratu zigula elkarrekin ikusi genuen beste funtzio bat tonuagatik, testua ordenatzeko zuen moduagatik, eta bioi lehenengo momentutik gustatu zitzaigun.

«Jonek deitu zidan esanez lortu genuela lau egunez euskara hutsean izatea Antzoki Zaharrean, biok ospatu genuen»

Zer du berezia testuak?

J.P.: Ba zoritxarrez eternoa dela, iraungitze datarik ez daukala. Ze Juan Carlos Rubioren testua 2005ekoa da eta gaur egun inoiz baino koherenteagoa da. Badirudi atzo goizean idatzitako testua dela, zeren guk urtarrilaren 25ean estreinatu genuen Barakaldon eta aste horretan bertan Donald Trumpen inbestidura izan zen. Eta 2005ean sortutako testu honek, George Bush presidente zenean sortutako testuak, hitz egiten du Minute Man izeneko proiektu bati buruz. Proiektu horren helburua zen boluntarioak bidaltzea Arizonak Mexikorekin duen mugara  ziurtatzera mexikarrek Estatu Batuetarako norabidean muga hori zeharkatu ez zezaten. Azkenean disparate batean bihurtu zen. Hasi ziren estatubatuarrak mexikarren putzuak eta pozoitzen, tiroak ere egon ziren. Eta horregatik diot zoritxarrez iraungitzerik ez duela ze problematika horretan eboluziorik ez da egon, izatekotan, inboluzioa agian. Eta zorionez diot, badaukagulako aukera ba mezu hain indartsua daukan antzezlan bat, hain aktuala dena orain publiko aurrean antzezteko. Eta publikoari gai hori plazaratu edo mahai gainean jarri eta hausnartzeko aukera emateko.

Fitxa teknikoarekin  jarraituz, ez dugu aipatu, baina Txalo Produkzioarekin ekarri duzue lan hau gurera. Kepa Errastik berak itzuli du Rubioren testua. Halakoetan, ez da itzulpen literal bat bakarrik izaten. Zer ekarri dio Juan Carlos Rubioren testu honi Kepa Errastiren itzulpenak?

A.G.: Keparen ekarpena izugarria izan da, bai testuari dagokionean eta emanaldiari berari ere bai, bera arduratzen da eta euskarazko zuzendaritzaz. Kepak eman dio nortasuna, identitatea funtzio honi. Keparengatik izan ez balitz, beste funtzio bat izango litzateke. Guregana ekarri du funtzioa berak. Gaia bakarrik ez, pertsonaiak ere euskal testuinguru batean kokatu ditu, Boisen.  Kepak eman digun kanpo begirada oso-oso garrantzitsua da zentzu horretan.

Arrisku hori ere badagoelako, distantzia batera ikustean, ikusleek ere urruneko zerbait bezala ikustekoa.  Unibertsaltasun hori nola lortu izan da gakoetako bat?

A.G.: Bai, ez da izan itzulpen hutsa, egokitzapen bat izan da. Eta zuk esaten duzun bezala, egokitzapen horren bitartez Kepak lortu duela ere publikoa pertsonaiengandik eta planteatzen den arazo horretatik gertuago sentitzea eta hor plazaratzen ditugun sentimendu guztiak, problematika guztia barneratzea eta azalean sentitzea.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskaraz eta gazteleraz ari zarete ematen antzezlana. Desberdintasun handia dago bata eta bestearen artean?

A.G.: Momentu honetan bereziki handia. Erdarazkoak, oker ez banago, bi edo hiru egin ditugu. Bai, gehiago ez. Oraindik kulerotan dago. Euskarazkoak beste gorputz bat hartu duen bezala, gaztelerazkoari oraindik asko falta zaio, espero irailerako buelta bat ematea horri, baina oraindik nahiko berde dago.

Zuen pertsonaiak George eta Margaret dira, nola sentitzen zarete hauen azalean?

A.G.: Biak oso tontoak dira, baina George tontoagoa!

J.P.: Ez dizut ezetzik esango...

A.G.: George gorrotatuko duzue, gorrotagarria da. Margaretek zalantza asko ditu eta hausnarketarako bidea ematen du, baina egia da bere moztasunean, hala ere, men egiten diola senarrak esandakoari. Baina galderak sortzen zaizkio eta senarrari zuzentzen zaio, George isilik gelditzen da segundo batzuetan eta isiltasun horiek oso inportanteak dira. Erantzun bat aurkitu nahian. Baina hala ere beti berak ikasitako erretolika edo predikuaetara itzultzen da. Horrekin jarraitzen du. Punta asko dituen Pertsonaia da George.

J.P.: Aktoreok askotan esaten dugu gustukoen ditugun pertsonaiak direla gugandik gehien urruntzen direnak. Horiek ematen dizute bidea jolas egiteko, zuk normalean egiten ez dituzun gauzak egiteko, zuk normalean pentsatzen ez dituzun gauzak pentsatzeko. Ba esango nuke George dela orain arte egin ditudan pertsonaia guztien artean nigandik gehien urruntzen dena. Baina dudarik gabe, eta momentu batean Georgek botatzen dituenak defendatzea...

A.G.: Baina egia da, Kepak planteatu zigula pertsonaia hauek oso muturrera eramatea. Parodia egitea. Benetan oso danteskoak erakustea, oso oso parodiko, oso fartsa. Eta egia da apustu horri heltzea erabaki genionean, bertigo handia sentitu genuela. Zeren  bada nolabait gugandik espero duten horretatik diferentea den horretara.

Izan ere, publikoak kutunak dituen bi aktore zarete. Lan hau badator pixka bat publiko horrek espero dezakeena haustera?

A.G.: Bai, tonuagatik baita ere. Erabat fartsatik sortu diren pertsonaiak dira eta hasiera batean sekulako bertigoa eman zigun arren, iruditzen zait funtzionatu duela aukera horrek.

J.P.: Bai, eta funtzioak egiten ari garen heinean ere, konturatzen gara apustu horrek horrelakoa izan beharra zeukala. Konturatu garen bezala isiltasunak oso beharrezkoak direla. Margaretek George-ri planteatzen dizkion galderak eta Georgek barneratuta daukan kredo horren inguruan kuestionatzen duen guztia. Bai Georgek eta bai publikoak hausnartzeko, isiltasun horiek beharrezkoak dira.  Georgek komunikabideetatik, politikariengandik jaso duen mezu guzti hori itsu-itsuan barneratu du. Margaret da guzti hori kuestionatzen duena. Eta nik, Jonek, egia esan, Margareten bideari joko nioke, beti izan naiz gauzak asko kuestionatzekoa. Orduan, bat-batean horrelako tipo fanatiko bat, gauzak itsu-itsuan sinesten dituena egiteak asko motibatzen nau.

«Aktoreok gustukoen ditugun pertsonaiak dira gugandik gehien urruntzen direnak. Horiek ematen dizute bidea jolas egiteko»

Dokumentazio lana egiterakoan atzera jo genuenean 2005 ingurura eta Minute Man proiektu horri buruz egindako erreportajeak eta ikusi genituenean, konturatu ginen bertan agertzen ziren pertsonak askoz esajeratuagoak  zirela.

A.G.: Eta gero, lehen aipatu duguna, antzezlanak badauka hein handi batean igual publikoak gugandik espero duen horretatik ere... baina gero, batez ere azkeneko atalean  artzen dugun zaplaztekoa izugarria da... jendearen aurpegiak ikustekoak dira. Hori da gugandik gutxien espero dutena, baina ezin genuen beste modu batera egin. Guztion artean erabaki genuen zerbait izan zen. Ezin genuen jorratzen dugun gaia jorratu eta fribolizatu.

Ikusleriari begiak zabaltzeko aukera ere eman nahi duzue?

A.G.: Bai, bai. Eta gai asko ukitzen ditu gainera, ez bakarrik mugen kontuak. Muga fisikoak aipatzen dira, kasu honetan Estatu Batuak eta Mexikoren arteko mugak, baina muga horiek edonon daude eta ez dago hain urruti joan beharrik ere. Euskal Herrian bertan, baditugu adibideak. Edo Melilla ere hor dago. Badaude muga fisikoak edonon, muga mentalak ere hor daude eta horiek igual arriskutsuagoak dira. Uste dut muga fisikoak existitzen direla muga mentalak daudelako. Eta gero badago beste gai oso potolo bat funtzio honetan, gizonak emaztearekiko erabiltzen duen biolentzia hori hain zuzen ere. Tratu txarren inguruan ere badago beste errekatxo bat funtzioan bertan. Beharbada publikoak espero ez dituen puntuak dira, baina guretzako garrantzitsuak direnak.

J.P.: Badaude eszena oso gordinak, oso gogorrak.

Hitzordu garrantzitsuak egun hauetakoak Donostiako Antzoki Zaharrekoak, baina aurrera begira jarrita, nola dituzue agenda kontuak?

A.G.: Hitzordu dezente ditugu. Behin apirileko hauek eginda,  maiatzaren 3an Zizur Nagusian izango gara, 9an Zumarragan, Mungian 10ean, Tolosan 16an,  Zangotzan 17an, Lazkaon 18an, Gasteizen 22an, Andoainen 23an, Santurtzin 30ean eta 31ean Hondarribian. Eta gero ekainaren 6an Zarautzen eta hortik udako oporretara goaz.

Jaurlaritza Logoa