Zuzenean

Mecanerren itxieraren aurkako borrokan trantsizio ekosozialeko plan bat erabili zen gatazka sindikalerako tresna gisa. LAB eta ESK sindikatuen, Gune Ekosozialista eta Jauzi Ekosoziala kolektiboen eta Urdulizko Udalaren artean landutako alternatiba, horixe izan zen 'Mecaner herriarentzat!'. Stellantisek Mecaner itxi, bere langileak kaleratu eta instalazioak saldu ondoren, prozesu horretan izandako irakaspenak bildu dituzte. Jauzi Ekosoziala kolektiboko Aitor Gallastegi izan da Gelditu Makinak saioan.
Bi fasetan bereizten duzue prozesua: Mecaner ixtea ekiditeko fasea eta, behin itxiera iragarrita, erosketa publikoaren fasea.
Lehen faseak hiru hanka izan zituen: batetik, langileak indartzea eta ahalduntzea; bestetik, lekuko erakundeekin harremana; eta, hirugarrena, gizarte-eragileekin hitz egitea, adibidez Gune Ekosozialistarekin eta gurekin (Jauzi ekosozialarekin).
2024ko maiatzean, lehen faseko helburua izan zen ixtea eragoztea baina ikusi genuen Stellantisek ixtea erabakia zuela, ez zegoen inolako komunikazio kanalik eta hortik aurrera fase berri bat hasi zen. Hor sortu zen 'Mecaner herriarentzat' eta eskatzen genuena zen, behin itxiera gauzatuta, Mecanerren erosketa publikoa egitea erosketa publiko horrek ahalbidetuko lukeelako trantsizio ekosozialean oinarritutako plana gauzatzea.
Zergatik ezin du ahalbidetu pribatuak?
Enpresa pribatu eta Stellantis bezalako multinazionalen helburua delako etekinak lehenestea. Horrek, enpresaren borondatearen mende uzten du zer norabide hartuko duen trantsizioak, azkenean, adibidez, Stellantisek diru publikoa jaso du trantsizio ekosoziala gauzatu ahal izateko, baina, azkenean, gure ustez izan da ezkutuko deslokalizazio bat eta, aldiz, plan eta lidergotza publiko baten bidez bideratu genezake industria klabe ekosozialetan jartzera.
Beste leku batzuetako erreferentziak izan dituzue?
Prozesu bakoitzak bere ezaugarriak eta ibilbideak ditu. Ikerketa bat egin ostean ikusi genuen 1976an Erresuma Batuan eman zela Lucas Plan deitu zitzaion plan bat eta, bertan, armagintza industria birmoldatzen saiatu ziren langileak; 2020an Katalunian, Nissan enpresan, saiatu ziren birmoldaketa bat egiten; eta, bestalde, gertuagotik jarraitu dugun eredua, automobilgintzari lotuta 2021an Florentziako GKN enpresan egindako ibilbidea. Antzeko prozesu batean egon ziren, hasi ziren diru bilketa bat egiten erosketa publikoa egin ahal izateko eta, baita ere, lege aldaketa batzuk eskatzen erosketa publikoa errazteko. Horiek izan ziren gure hiru iturriak.
Sindikalgintza eta ekologismoa elkarrengana lotzea ez da oso ohikoa izan.
Historikoki, ekologismoa eta industria urrun egon gara. Egon gara ekologistak garen langileak baina ekologismoa industriatik mehatxu bezala ikusi izan da. Nik uste ikusten dugun mehatxua dela gure lanpostua galtzeko mehatxua eta hori oso ulergarria da, baina, ulertu behar dugu, alde batetik, lanpostuak galtzeko mehatxu hori gehiago sortzen duela bizi garen sistemak. Azkenean, gure soldata lortzeko gure lana saltzera behartuak gaude eta hor sartzen ekologismoaren argudioa.
Ekologismotik defendatzen dugu trantsizio ekosozial justu bat inor atzean utzi gabe eta, gainera, gogoratu behar dugu ekologismoaren helburua ez dela sektore bat defendatzea baizik eta pertsonak eta langileak zaintzea. Horrek esan nahi duena da langileekin batera jorratu beharko dugula bidea bat, hau da, ekologismoaren programak eta langileen programak bat etorri behar dutela. Enpresa batek trokelak egiten baditu automobilgintzarako, zergatik ez ditu egingo trokelak beharrizan gehiago dagoen beste sektore batentzat? edo zergatik ez ditu mekanizatuko beste erabilera interesgarriago batzuetako aparatuak?
Lehendik dagoen makineria eta jakintza nola bideratu beste sektore batera?
Beti beharko ditugu gauzak, energia ekoizteko tresnak, ortuetarako lanabesak edo dena delakoak. Baditugu langileak oso trebatuak hainbat gauza egiten eta, kontua da, gauza bat beharrean bestea egitea.
Gainera, ez dago beste alternatibarik, zeren, etorriko dira halako egoera gehiago, automobilgintza 2023tik krisian dago, nahi zaio airea intsuflatu artifizialki baina, alde batetik, krisian dago merkatu kontuengatik eta, bestalde, krisian dago baita ere krisi ekosozialak zeharkatzen duelako automobilgintza, garraioa baita Euskal Herrian emisio gehien dituen sektorea. Horren aurrean irtenbide bat eman beharko dugu, ezin gara besoak gurutzatuta egon eta lokatzetara jausi. Guk ez badugu trantsizio ekosozial bat planteatzen langile guzti horientzat, beste norbaitek planteatuko du, tira, jada ari dira beste neurri batzuk planteatzen zenbait tokitan eta ez doaz batere langileen klabeetan.
Mecaner ezin izan da herriarentzat izan baina datozen borroketarako irakasgaiak bildu eta zabaldu dituzue.
Beste alternatibarik ez dago eta zerbait egin beharko da irtenbide bat emateko sektore hauetako langileei eta horrelako prozesuak zabaldu beharko ditugu, bai langileengatik eta baita krisi ekosoziala ahal dugun neurrian apaltzeko ere. Irakaspen asko jaso daitezke, horietako bat, ekologismoari zuzentzen bagara, ekologismoak prest egon behar lukeela gai hauetan ere sartzeko eta tokatuko zaigula, ekologismoari, egitea tipikoak ez zaizkigun gauzak, adibidez, honakoa, industria defendatzea ez da ohikoa. Bestalde, nabarmenduko nituzke eztabaidak ahalik eta gehien ematea eta gatazkak aurreikustea. Inplikazio sozial eta sindikal handia behar da eta zenbat eta lehenago hasi frogak egiten hainbat eta lehenago aurkituko ditugu bidegurutzeak, trabak, arazoak eta horiei aurre egiteko moduak. Ekintza batasunak behar dira hemen.