Zuzenean
Hegaldien gorabeherek sortu ditzaketen galderei erantzunak Erreklamaturen eskutik
Badira galdera ohikoak hegaldien inguruan sortzen direnak. Are gehiago oporraldietako ezustekoen ingurukoak direnean. Horiei erantzuteko, NAIZ Irratian izan dugu Jon Ortiz Larrucea, hegaldien inguruko erreklamazioetan espezializatua.

Hegaldien gorabeherek sortu ditzaketen galderei erantzunak Erreklamaturen eskutik

Aste Santua pasa dugu berriki, urteko oporraldi jendetsuenetako bat, eta sarritan ezustekoz inguratuta egoten dena, hegaldiei dagokienean besteak beste.
Hain zuzen ere, Erreklamatu deritzon zerbitzuak hamar urte baino gehiago daramatza bezeroei laguntzen gisa horretako erreklamazioen kudeaketan, eta doako zerbitzu bat dauka kaltetutako bidaiariei informazioa eta aholkuak emateko. Haiekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Oporraldi jendetsuetan bereziki, hegaldien atzerapenak izaten dira sarritan. Une horietan sor daitekeen lehenengo galderetako batekin hasiz, gure hegaldia atzeratzen bada, eskubidea dugu jatekoa, edatekoa edo ostatua jasotzekoa?
Horrelakoak gertatzen direnean gure helmugara heltzeko itxaron behar izaten dugu aeroportuan edo inguruetan, eta gastu guzti horiek hegaldiaren konpainiak bere gain hartu behar ditu.
Noiz daukagu eskubidea ordain ekonomiko bat jasotzeko atzerapenagatik?
Bi kontu desberdinduko nituzke. Alde batetik, lehen aipatutako oinarrizko eskubideen ingurukoak: jatekoak, edatekoak, loa... Eta beste esparru batean sartuko nuke kalte ordain bat jasotzeko eskubidea. Kalte ordain bat jasotzeko eskubidea beti izango dugu bertan behera uztearen erantzulea konpainia bada. Beraz, oinarrizko eskubideak beteta izateaz gain, kalte ordain bat jasotzeko eskubidea ere izango genuke.
Zer hartzen den normalean «aparteko gorabeheratzat»?
Ezohiko baldintza horiek, hau da, konpainiari leporagarriak ez direnak, eguraldi kontuak izaten dira. Eguraldi txarragatik gertatu badira atzerapenak edo hegaldiak bertan behera uzteak ulertzen da ez dela konpainiaren errua. Beste gastu guztiak baditu bere gain hartu behar konpainiak, baina kalte ordainik ez luke eman beharko.
Zer gertatuko litzateke hegaldia atzeratuta iristen bada baina aire konpainiak ez badu hori onartzen?
Horrek gastu batzuk suposatzen baditu, adibidez momentuan bertan beste hegaldi bat hartzearen beharra edo oinarrizko eskubideen gastuak gure gain hartzea, tamalez momentuan guk egin beharko diegu aurre. Hala ere, gerora konpainiari erreklamarriak dira.
Atzerapenagatik konexio bat galtzekotan, hor ere erreklamatzeko aukera legoke?
Hala da. Bi kasu eman daitezke. Batetik, konexio hori erreserba berdinaren barruan egotea eta, beraz, kontuan hartzen dena da hegaldia bere osotasunean. Hau da, nondik irten garen eta amaieran nora helduko garen. Bestetik, bi erreserba desberdin badira, galdu dugun hegaldi hori gastu gehigarri bezala eskatu genezake, hotel bat galtzen dugunean bezala.
Zer gertatzen da hegaldiaren atzerapenagatik galtzen bada erreserba bat, hotelekoa, txango batena edo alokatutako autoarena adb?
Horrelakoak ere gastu gehigarrien barruan sartuko lirateke eta konpainiari eskatzeko aukera izango genuke.
Erreklamatu daiteke atzerapena Europatik kanpoko aire konpainia baten hegaldian izan bada?
Noski. Europatik irteten bada beti erregelamendu Europarra erabili dezakegu gure eskubideak bermatzeko, nahiz eta kanpoko konpainia batekin izan. Europatik kanpo badator hegaldia eta kanpoko konpainia batekin bada, ez litzateke erregelamendu berdina aplikatuko, baina badago bidea aipatu ditugun eskubideak erreklamatzeko.
Zer agiri beharko litzateke atzerapenagatik erreklamazio bat aurkezteko?
Garrantzitsuena ditugun agiri guztiak biltzea. Bidariaren erreserba nahitaezkoa da eta ontziratze txartelak ere dokumentu inportanteak dira. Aurretik aipatu ditugun gastu guzti horiek erreklamatuko baditugu, gastu horiek akreditatu beharko ditugu ere bai ala bai. Beraz, irizpide bezala, ditugun dokumentu guztiak gordetzea gomendatuko nuke.
Zenbat denbora izango genuke gisa honetako erreklamazio bat aurkezteko?
Epea nahiko luzea da orokorrean. Erreklamazio gehienetan bost urteko epea izango genuke. Lehen aipatu dugun Europatik kanpo datozen kasu zehatzetan epea 2 urtetara mugatzen da. Hala ere, zehaztuko nuke maleten kasuan, berandu edo kalteren batekin heltzen badira eta erreklamatu nahi baldin badugu, lehenengo momentutik jarri behar dugula kexa.