Zuzenean
«Egindako ikerketen emaitza, ondorio eta gomendiak gizarteratzeko helburua du ‘InpAktak’»
EHUren aztarna ekologikoa neurtu duen ikerketa bat jaso dute ‘InpAkta’ aldizkarian. Euren burua aurkezteko balio izan zuen 0 alearen ostean lanean dihardute bertako ikerlariek, aurten argitaratuko den lehenengo alea publikatzeko. NAIZ Irratian izan da Ugo Mayor, ‘InpAkta’ aldizkariko ordezkaria.

«Egindako ikerketen emaitza, ondorio eta gomendiak gizarteratzeko helburua du ‘InpAktak’»

Duela urte eta erdi, 2023ko abenduan, Euskal Herriko ikerketa zientifikoko arloari ekarpen garrantzitsua egitera zetorren aldizkari baten berri eman genizuen. 0 zenbakidun aleaz eta euren helburuaz hitz egin zigun ordukoan Ugo Mayor EHUko ikerlari eta ‘InpAkta’ aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kideak. Hilabete batzuk falta dira bigarren alea osoki eskuratu ahal izateko, baina dagoeneko argitaratu dute zeresana eman duen bigarren aleko artikulu bat, EHUren aztarna ekologikoa neurtu duena.
‘InpAkta’ aldizkariaren zergatia eta helburuak ekarri ditu gogora Mayorrek. Euskal Herriko hainbat esparrutako ikerlariek sustatutako dibulgazio ekimena da ‘InpAkta’ eta bi ardatz nagusi eraman zituen hau sortzera.
Gizarteak ba omen du interesa eragiten dizkion ikerketetan. Eta «interes horretaz jakitun izanda», aldizkariaren ordezkariaren arabera, «arlo akademikoan egindako ikerketa horien emaitza, ondorio eta gomendioak gizarteratzeko helburua» du ‘InpAktak’. «Ikusi dugu gure lurraldeari eragin ahal dizkioten lanek ikusgarritasun gutxi izaten dutela. Ariketa akademiko bezala geratzen dira eta ez da gizarteari egin ahal zaion ekarpena behar bezala egiten». Mayorrek azaldu du horretarako ere sortu zela ‘InpAkta’.
Hutsune bat betetzera etorri zen aldizkaria eta honen atzean dagoen lan taldea, baina hasierak ez dira inoiz errazak. Lehen hilabete hauetako balantzea egin du Ugo Mayorrek, baita zer nolako harrera izan duten arlo akademikoan, eta hortik kanpo. Bai gizartearen interesagatik, zein arlo akademikoan eman zaion babesagatik «oso balorazio positiboa» egin du. Ikerketa lanen jarioa hasi direla jasotzen eta «makinaria martxan jartzea» lortu dutela.
Ingurumen aztarna
EHUren ingurumen aztarna kalkulatu du unibertsitateko Aztarna taldeak, eta inpaktu kategoria gehienetan ekarpen handiena duen jarduera garraioa dela ondorioztatu du: %60 ingurukoa, hain zuzen ere, azpiegitura informatikoen eta hiri hondakinen errausketaren aurretik. Ikerketa hau ‘InpAkta’-ren lehen alearen parte da eta irakurgai dago jada.
Hilabete batzuk itxaron beharko dira ‘InpAkta’-ren lehen ale osoa edukitzeko, baina lehen artikulu honekin bezala, joango dira beste batzuk aurreratzen. Esku artean daukaten hurrengo gaiaz zertxobait aurreratu digu Ugo Mayorrek. «Tradizio luzea duen jaki batekin eta horren egoera ekologiko edo biologikoarekin egongo da lotuta hurrengo alea».