Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Olaia Inziarte
Musikaria

«Oholtzan popstarraren figuratik ihes egin nahi dut, ez naiz eroso sentitzen»

Zuhaitza bota, zerratu, lixatu eta begiratu lurrean barreiatuta geratu den zerrautsari. Barrukoak askatzearen ariketa horretatik datorren diskoa da ‘Zerrautsa’. Iluntasunetik abiatuta argirako bidea hartzen duen lana da, sakona bezain sotila, bizipen pertsonalenetatik unibertsalenetara doana.

Audio_placeholder

«Oholtzan popstarraren figuratik ihes egin nahi dut, ez naiz eroso sentitzen»

Loading player...
Olaia Inziarte, Donostiako Flamenkan emandako kontzertu batean.
Olaia Inziarte, Donostiako Flamenkan emandako kontzertu batean. (Gorka Rubio | Foku)

Gogoeta sorta luze batekin abiatzen duzue ‘Zerrautsa’ diskoa, izen bereko pistarekin. Diskoak asko du minetik, amorrutik, askatzeko beharretik.

Egun batean idatzi duen dena kolpean koaderno batean. Gaizki egon nintzen momentuetan pentsamendu intrusiboak nituen, eta horregatik da hain azeleratua, eta musika fondoan erabat disoziatua erraten ari naizenetik. Ez diot filtro handirik pasatu koadernoko orri horri, nahi nuelako egitan gardena izan zedin eta pixka bat irudikatu zezan ‘zerrauts’ hori.

Disko honetarako inspirazio iturriak edo helduleku potenteak bilatzen nituenean, argi nuen nahi nuela izatea zerbait erreala, hemen eta orain dauden gauzena, eta pentsatzen nuen naturak egin didan on guzti horretan, arboletan. Pentsatu nuen disko hau izango zela nire arboletik etorritako egurrezko figura, baina egurrezko figura hori egiteko nik moztu behar dut, zerratu, lixatu eta zerrautsa artera. Horregatik hasten da diskoa pista horrekin, pixka bat ‘zerrauts’ horiek kenduz, zuk zure figura propioa eraikitzeko ‘kaka’ hori bota behar duzulako. Hori lortu nahi nuen.

Disoziazioa aipatu duzu. Hau nola sortzen duzu? Ze pianoa pentsatzen dut hor zuk sartu duzula.

Ander Unzagak jotako pianoa da. Hasieran ez genuen horrela pentsatua, baina niri iruditzen zitzaidan audioa bera, aizkoren eta motorren hotsekin, gelditzen zela gogorra entzuteko. Lagunek esaten zidaten gorputz txarra uzten zuela, eta nik ez nuen nahi maite dudan jendea izutzea. Horregatik Ander etorri zen estudiora bere piano batzuk errebisatzera, eta bat-bateko ideia izan zen fondoan erabat zentzurik gabeko zerbait sortzea. Gustatzen zait sortzen duen efektua, eta uste dut nire burmuinak ere horrela funtzionatzen duela: ni egon naiteke munduko pentsamendu ilunena edukitzen baina aldi berean dezifratzen ‘Alfonsina y el mar’-en harmonia. Niretzat munduko zentzu guztia zuen.

«Ni egon naiteke munduko pentsamendu ilunena edukitzen baina aldi berean dezifratzen ‘Alfonsina y el mar’-en harmonia»

Segidan dator ‘Ibili hadi argi’. Sarrera indartsua duen kantua da, eta perkusioak eta pianoa nabarmentzen dira.

Disko hau eraiki dut dezente pianotik, banuelako gogoa eszenatokian frogatzeko ni piano batekin. Orain arte ez naiz ausartu, ez nuelako sentitzen kontrolatzen nuenik behar adina, beldur puntu bat ematen zidan, eta horregatik jo izan dut gehiago gitarra akustikora. Orain emanen dut pausu hori, eta bazen aitzakia ere denbora guztian mikroa eskuan nuela ez ibiltzeko, popstarraren figura horretatik ihes egiteko, ez bainaiz horrekin eroso sentitzen. Eszenatokian egoteko bertze manera bat da, probatu nahi dudana eroso nagoen ikusteko.

Mezuak badu pisua: ‘Ibili hadi argi’. Nori edo zeri egin nahi zenion erreferentzia?

Ohartzen bazara, kantu hau dago eraikia zaldi baten trostak duen erritmoaren gainean: takatan takatan… Kantugintzaren olatu handi horietan kolpez sartzen hasten zarenean, hasieran baduzu ausardia bat eta zaude zure trosta horretan, disfrutatzen, baina beti baduzu bozen bat, ez bada zurea kanpoko norbaiten, erraten: ‘bale, baina ibili hadi argi’. Ohartarazten dizu ez dagoela trosta soberan librerik, orokorrean. Hori zen nire interpreazioa, baina egon daitezke pila bat.

‘Eman abisua’ single modura etorri zen. Kantuak eskatzen du orkestrazioa, sokak irudikatzen ditut lehen zatian… idazterako garaian harmonizazioan lan handia egin duzu, ezta?

Egia da kantu honek, ‘Ibili hadi argi’ eta ‘Biziak eta hilak’-ekin batera egin duela nahiko bide luzea, ze izan ziren hiru kantu nik nere etxean idatzi eta irudikatu nituenak manera batean, baina Bartzelonako ekoizle batzuen aldeko apostua egin nuen eta mila forma eman genizkien: sokak, frikada batzuk… gauza aunitz sartuta. Eta gorpuztu ziren manera batean, baina ez nituen sentitzen nireak, ohartu nintzen zentzu handiena zuena zela nik hasiera batean irudikatu nituen bezala uztea.

Jende askok badu ‘maketitis’ erraten dena, eta ni obsesioatzen naiz eduki dudan lehen ideia horrekin, ze iruditzen zait dela organikoena edo zerbaitegatik etorri dela etorri den bezala. Niretzat, gelditu dira gelditu behar ziren bezala, baina egia da imaginatu ahal dituzula mila maneratan, eta hori da kantugintzak duen zailena: gauzak uzten jakitea.

ARG

Dena oso pausatuta egin duzu eta ezkutatuta eduki duzu. Erraza izan da zuretzako?

Kasu honetan bai. Normalean nahiko ‘kagaprisas’ naiz gauzak ateratzeko eta erakusteko, baina niri hain ongi etorri zait aldentzea kontzertuetatik eta publikatze horretatik. Disfrutatu dut edukitzen gordea eta entzun zezatela nik nahi nuen pertsona horiek soilik.

‘Tilin-talan’ ez dakit den kolunpio batean dabilen umeraren begiradatik edo zuk duzun umearen memoriatik idatzia.

Kanta bera akitzen da audio batekin, nik txikitan kantatzen nuena aitarekin, eta hori da Bertizeko kolunpio batzuetan nagoela kantatua gainera. Badu infantilitate horretatik eta ilusioak itzaltzen joaten diren momentu horretatik, iluntasun horretatik. Kantua hasten da haur baten ahotsarekin, eta bera da Malen Erviti, Josuren [Erviti, perkusioak] alaba, eta egiten zidan kristoren ilusioa berarekin grabatzeak. Intentzionalitate handiko kantua da. Erreferentzia aunitz dira deskribatzen dutenak nik ikusten dudana nere herrian, eta horregatik aipatzen dira umeak berriro daudela bizikletan oihuka, zeruan ez dagoela lainorik... Aipatzen dira 12.10 behin baino gehiagotan disko honetan eta hori da Oronozeko elizako erlojua egon delako ataskatua 12.10etan hainbat urtez. Orduan, pasatzen ahal da pasatzen ahal dena, beti direla 12.10.

Kontakizunak eramaten zaitu erreflexio bat egitera: 12.10 Oronozen, ezkilak jo dituzte, eta hileta horretara jende gutxi joan da. Eta nor joanen zen nire hiletara? Badaude erreferentziak, ‘ni hiltzen naizen egunean egizue lo lasai’, adibidez, baina eman nion buelta eta esan nuen: ‘ni hiltzen naizen egunean egongo naiz begira nor doan nire hiletara’.

‘Never be like her’ kantua 1990-2000ko pop estilokoa da, baina kalejira erritmora eramaten duzu. Itoiz-en ‘Elurretan’ aipatzen duzu eta mezua da: pop estiloa hautatu duzula norbaitek bideratu izan zaituelako pop izar hori izateko bidera, eta horrek talka bat sortu dizula.

Alde batetik bai, eta horregatik nahita dago idatzia ingelesez eta badu pop rollo hori. Ebidentemente, ironikoa da. Pentsatu nuen Taylor Swift edo halako norbaitetan. Ez da inork niri esan didanik zuzenean hori espero duela nigandik, baina bai sentitu izan dudala kanpo presio hori, eta espero izan direla nigandik gauza batzuk nik ezin ditudanak eman, ez direlako nireak edo ez ditudalako nire sentitzen. Irakurketa externoetatik iritsi den zerbait da ‘I will never be like her’, ni ez naiz hori izanen. Ez dut nahi eta ez dakit izaten, ez dakit ideal horiekin kunplitzen. Niri ezinegon handia sortu izan dit pertsona batzuekin konparatu izanak, eta sentimendu horiek onartu egin behar dira: ni ez naiz inoiz ailegatuko hori izatera, baina aldi berean ez dut nahi hori izan.

‘Kasu maitia, ez gara hain bereziak’, diozu. Eta baita zerbait ez dela egia ere. Nik galdetu nahi dizut zer ez den egia.

Etsipenetik idatzia dago, momentu batetik sentitzen nuena atzeraka handia ematen zidala musikaren bueltan biltzen den guzti horrek. Panorama musikala orokorraz ari naiz, hor ikusten denaz eta nik jaso dudanaz, hartzen diren jarrerez eta mugitzen diren manerez. Niri horrek atzeraka handia sorrarazi dit denboraldi luze batez eta musika bera ere ez dut aditu kasik denboraldi luze batez, ez dut kantatu eta instrumenturik jo denboraldi luze batez.

«Kantugintzaren olatu handietan kolpez sartzen hasten zarenean, hasieran baduzu ausardia bat, baina beti baduzu bozen bat, erraten: ‘bale, baina ibili hadi argi’»

Zuk izan duzun ibilbidea ikusita, dena alboratzea zaila behar du izan…

Bai bai. Hori heldu da etsipen batetik. Aunitzetan, zerbait mesfidantzaz begiratzen duzunean da zuri barrenean sortu zaizulako zerbait. Heldu da iluntasun egoera horretatik.

Eta atzetik dator ‘Kontatuko banizu’. Eta hemen nik bai ikusten dudala berez iluna den kantu bat argituta.

Bai. Kantu hau izan zen idazten azkenetarikoa, eta oroitzen dut idatzi nuela hiru egun eta gero gelatik irten gabe. Jateko zerbait eta gutxi gehiago. Kantu honek berak eskaini zidan argi dezente, gainera uda zen eta horregatik aipatzen du ‘gelaren ilunera ez da uda sartzen’.
Badut suertea leihotik begira ikusten dudala mendi bat, Amaburu, eta horrek argi puntu bat eskaini zidan. Egia da kontatzen dena dela gogorra, eta jokatu dut hitzekin eta bertsoen errepikekin, gero elkartzen direlako hirurak. Gustatzen zait kantuak hartu duen gorputza, zeren badakit nondik heldu den eta ematen dit halako sentsazio bat gazi-gozoa izaten ahal dena, baina aldi berean eman diogu buelta honi, ezta? Eta hori polita da.

‘Zenbat okupatzen du?’ Natxo de Feliperekin kantatu duzu. Amets bat beteta?

Bua… Entzuten dudan bakoitzean irteten zait irria! Kantua idatzi nuen pentsatzen Natxorengan eta Oskorrirengan erabat. Email bat bidali nion, eta handik aste batzuetara erantzun zidan. Kristoren ilusioa egin zidan, nik emailean nire burua aurkeztu niolako eta Natxok erantzun zidan ‘aber Olaia, badut zure berri!’. Hostia… kristoren ilusioa egin zidan. Animatzea honetan parte hartzera ni ezagutu gabe pertsonalki, opari bat izan da.

‘Naturala’ pop kantu bat da, baina baditu oszilazio bereziak. Ahots bat ere entzuten da, Amets Aranguren da?

Bai, bera da. Nik beti eduki dut ilusioa sartzeko solastutako audioren bat kantu batean, kantu honetan aukera ikusi nuen eta, niretzat Amets Aranguren denez Euskal Herrian dugun kantu idazle onenetako bat, bidali nion kantua eta eskatu nion hor badiren segundo horietan kabitzen den zerbait solasean audio bidez bidaltzeko. Kantuaren oso irakurketa ona egin zuen eta puntu berezi bat eman zion: hor erraten duen azken esaldia da ‘hainbeste galderaren artean noizbehinka erantzunak izatea ere komeni da’… Gure belaunaldiari tokatu zaigu mila galdera edukitzea etsipen batzuen baitan eta ‘erantzunak izatea komeni da’… erabat.

Kantuak dio haurtzaroko traumak azaleratu egiten direla gerora sendatzen ez diren bitartean.

Normalean helduaroan gaizki gaudenean arakatzen dugu bizitzen ari garen garaia, eta kantu hau heldu da ariketa batetik haurtzarora bidaia bat egiteko. Erreflexio bat da: nik gaur ezinegona sentitzen badut momentu jakin batean, ezinegon hori ez da bakarrik momentu horretakoa, baizik eta badu lotura bat haurtzaroarekin. Gu pertsona bezala haur ginenetik eraiki gara eta zubi bat da garai hartara.

‘Biziak eta hilak’ ahots polifonia batekin hasten da. Kantu sotilena iruditu zait baina handitasuna hartzen du. Xumetik egindako kantu handi bat da.

Posible da. Estrofa gehienak Lagun gure txakurra hil zenean idatzi nituen. Gustatu zitzaidan bakea egitea heriotzarekin, suerte handia eduki dut momentuz inguruan ez zaidala jende aunitz hil baina heriotza ikusi dut aunitz inguruan baita ere, eta ‘‘Biziak eta hilak’’ bada heriotzarekin bakeak egiteko ariketa bat. Estrofa batean dio badaudela txorien kabi batzuk hilerriko arboletan, ‘hilerriko arbolak arnasaz beteak’. Bada jendea hila eta hala ere badago arnasa, ezta? Argi puntu hori eskaini nahi izan diot.

Jaurlaritza Logoa