Zuzenean
«Nahi genuke 'Popel' baliagarri izatea Strašnicen dauden 85 deportatuen errautsak itzultzeko»
Bilbon hasi eta Pragan amaitzen den ikerketa prozesua kontatu du Oier Plazak 'Popel' dokumentalean. Pragan estreinatu da, ezin zitekeen izan bestela. Txekiar Errepublikako hiriburuan baitaude Anjel Lekuona eta Enrique Moner deportatuen errautsak, František Suchý ausartari esker.

Luzeak izan ohi dira ikerketak, baina tarteka gertatzen dira ezohiko karanbolak. Horixe gertatu zitzaien Unai Egia eta Antonio Gandariasi. Lehenak gehiago jakin nahi zuen Enrique Monerren inguruan, bigarrena Anjel Lekuona osaba deportatuaren arrastoari jarraika ari zen, eta ausaz topo egin zuten institutu batean. Lekuona sendiak gordetako gutun bati esker jakin zuten Moner eta Lekuona egun eta toki berean hil zirela, eta biak agertzen zirela František Suchýk sortutako 2.200 izeneko zerrenda batean, eta haien errautsak gordeak zeudela Pragako mausoleo batean..
Istorioak badu nahiko mami film bat egiteko, ezta? Ba, hala pentsatu zuen Oier Plaza gernikarrak ere. Pasa den apirilaren 15ean estreinatu da Pragan “Popel”, udazkenean iritsiko da Euskal Herriko zinema aretoetara.
'Popel' dokumentalaren estreinaldian hainbat senide egon dira, baita ordezkari politikoak ere.
Niretzat garrantzitsuena da istorio honen parte diren deportatuen senitartekoak proiekzioan egotea. “Popel” hitzak errautsak esan nahi du txekieraz, eta horixe da istorio honen elementu zentrala. 1942-1943 bueltan desagertu ziren pertsona errepublikazale deportatuen errautsak. Nahiko nuke istorio harrigarri honen mailan egotea dokumentala, horixe da gehien arduratzen nauena.
Baina, noiz izan zuten senideek errautsen berri?
2022an. Hau guztia Euskal Herrian hasi zen. Alde batetik, Anton Gandariasek Anjel Lekuona osabaren inguruan egindako ikerketa dago. Bestetik, Unai Egiak Enrique Moneren inguruan egindakoa. Bakoitza bere aldetik hasi zen ikertzen, baina haien ikerketek topo egin zuten. Txekiar Errepublikako hiriburuan, František Suchý izeneko gizon batek, Bigarren Mundu Gerran, 2.200 pertsonen errautsak ezkutatu zituen, zerrenda bat osatu eta sekretupean gorde zuen.
Gerra bukatuta, frantsesek berehala izan zuten zerrenda horren berri, eta errekuperatu zituzten senideen errautsak, baina albistea ez zen inoiz Euskal Herrira iritsi. Aipatutako bi ikerketa horiei esker jakin zen zerrenda horretan bazeudela espainiar Estatuko eta Euskal Herriko hainbat errepublikazale, tartean, Lekuona eta Moner. Errautsak Pragako mausoleo batean daude.
Ulertzen dut nahasi direla errauts guztiak.
Bai, hori da. Errautsak modu ezberdinean gorde zituen František Suchýk. Batzuk urnetan, beste batzuk hobi komun batean, mausoleo batean. Bigarren Mundu Gerra bukatuta Franco diktadoreak agintzen zuenez hemen, ezinezkoa zen deportatuen inguruko ikerketa bat abiatzea.
«Amnesia ariketa handi bat egin zuen Frankok, eta oso ondo egin zuen hori, gure egunetaraino iraun baitu»
Errautsak ahaztuta geratu ziren han, eta ezinekoa da orain sorlekuetara itzultzea.
Burura etortzen den lehen gauza da František Suchýk kontzentrazio esparru batean egiten zuela lan, labean...
Normalean, gure imajinarioak lotzen ditu errautsak, Bigarren Mundu Gerra eta kontzentrazio esparruak, bai. Baina kasu honetan ez zen horrela izan. Istorio honen protagonistak diren deportatuak, denak hil ziren kontzentrazio esparru batean. Pragako errausketa eraikinean nahasi egiten ziren herritarrak eta kontzentrazio esparrutik zetozenak, baina František Suchýk dena dokumentatu zuen, guztira 2200 lagun zerrendatu zituen. Gerra bukatzerakoan, errautsak atera eta omenaldiak egin ziren, baina, esan bezala, informazio hori ez zen inoiz Euskal Herrira iritsi.
Zergatik hasi zen Unai Egia Enrique Moner ikertzen, bere senidea da?
Javier Cercasen ‘El impostor’ irakurri zuen oporraldi batean. Liburu horretan dago azalduta nola Enric Marcok erabili zuen Enric Monerren izena bere gezurrari eusteko. Asko dakigu Enric Marcoren inguruan eta oso-oso gutxi Monerren inguruan, eta horregatik hasi zen ikertzen Egia.
Aldi berean, Anjel Lekuona osabaren arrastoaren atzetik zebilen Gandarias, eta hitzaldi bat eman zuen Unai Egia irakasle den institutuan. Kasualitate handi batekin ohartu ziren: Lekuona eta Moner egun, urte eta toki berean hil ziren. Hasi ziren bildutako dokumentazio guztia gurutzatzen, eta puzzleko pieza guztiek bat egiten zuten. Gandariasek duen gutun bati esker deskubritu zuten František Suchýren azaña. Gutuna Anjel Lekuonarekin batera deportatuta egon zen Gregorio Urangak idatzi zuen, eta bertan jakinarazten dio familiari Lekuonaren heriotza, eta kontatzen die nola gorpua Pragara eraman duten errausteko. Egiarekin elkartu arte, Antonek ez zion inoiz eman garrantzirik datu horri, baina horri esker iritsi ziren Suchýren zerrendara.
Noiz erabaki zenuen zuk istorio honek merezi duela dokumental bat?
Ni Gernikakoa naiz. Anton Gandarias ere Gernikakoa da. Lekuonaren historia ezagutzen nuen, baina bat-batean beste dimentsio bat hartu zuen denak František Suchýrekin.
Ia 90 minutuko dokumentala osatu duzu, erabaki asko hartu behar izan dituzu. Zer kontatu eta nola da gakoa.
Nik argi neukan deportazioaren kontakizuna egiteko animazioak erabili nahi nituela. Hasieran Txekiar Errepublikan hasi nintzen animatzaileak bilatzen, baina gero ohartu nintzen Kote Camachoren estiloa oso egokia zela istoriorako. Busturiko Urzelai margolariarengan inspiratu da animazioak egiteko, Busturikoa zen Anjel Lekuona ere. Euskal Herriko Filmak Media ekoiztetxeaz gain, nazioarteko istorio bat izanda, koprodukzioa bilatu genuen. Sartu dira proiektuan Parisko Babel Dok eta Txekiar Errepublikako I/O Post. Oso polita izan da alde horretatik lankidetza hori egotea.
Gidoi bat osatu genuen, eta argi genuen fidelak izan behar ginela aipatu dizudan ikerketa prozesu horrekiko. Dokumentalak jauziak egiten ditu denboran eta espazioan, eta ikerketaren zehar-lerro hori oso garrantzitsua da. Baina badago deportazioaren zehar-lerroa ere. Lekuonarekin hasi ginen, Gernikako bonbardaketarekin zehazki, eta nazismoaren gainbeherarekin bukatu, Pragan. Badago hirugarren zehar-lerro bat: František Suchý..
Sormen prozesuetan beti izaten dira krisi ugari. Zein izan da zurea?
Edizioa. Istorioa konplexua da, laburki azaltzea erreza da baina detaileetan hasten garenean, konplexutasun maila igotzen da.
«Muntaketa prozesua izan da luzea eta gogorra, zehazki hamaika bertsio egin ditugu»
Egia da prozesu horretan talde-lana garrantzitsua dela. Nik irizpideak ezar ditzaket, baina gero kanpo begirada garrantzitsua da. Horixe eman digute kanpoko ekoiztetxeek ere. Azkenean, dokumentala hau nonbait ikusiko bada, izango da Txekiar Errepublikan, Euskal Herrian eta espainiar Estatuan.
Gernikan belaunaldi gazteek oso presente duzue oroimen historikoa. Sortu zenuten Lobak, orain Popel...
Bai, bai. Nik ere ‘Lobak’-en ere. hartzen dut parte. Uste dut oroimen historikoa Gernikarren izatearen parte bat dela nolabait. Badaukat sentsazioa oraindik asko dauzkagula kontatzeko. Esaten da beti atzera begira ezin garela ibili, baina beti izan behar da iragarnaren prespektiba hori aurrera egiteko.
Nabarmendu nahiko nuke Popel dokumentalarekin badaukagula beste helburu bat. 85 kutxa geratu ziren Hradištko errausketa labean ahaztuta, eta nahiko genuke dokumentalaren bidez eurrautsak ahal den neurrian, ez fisikoki baina behintzat bai sinbolikoki, euren familietara itzultzea. Webgune bat daukagu horretarako, eta bertan dago zerrenda osoa.