Zuzenean

NEREA:
Kaixo, Ander! Zer moduz ibili zinen aurrekoan San Tomas egunean?
ANDER:
Primeran! Nahiz eta eguraldiak ez zuen lagundu.
NEREA:
Neuk ere azkenean Donostiako Parte zaharrean bueltatxo bat emateko aukera izan nuen.
ANDER:
Ez zintudan bertan ikusi! Tira, ez da arraroa hainbeste jende dagoenean.
NEREA:
Ez genuen elkar ikusi, ez! Baina ikusi nuena, Xixili txerria izan zen!
ANDER:
Neuk ere jendez inguratuta ikusi nuen eta horrek zer pentsatua eman zidan.
NEREA:
Zergatik?
ANDER:
Egia da duela urte dezentetik ez dela Donostiako Plaza berrian San Tomas egunean egoten den txerria zozkatzen, baina ez dakit bertan kaiola baten barnean edukitzea oso egokia ote den.
NEREA:
Egia esan, niri ez zait leku aproposa iruditzen zerri bat egoteko; bertan dagoen jende pila, zarata… ziur zerriak ere estresa sentituko zuela.
ANDER:
Hala ere, esan behar da egunean zehar zaintzaile bat izan zuela aldamenean, Manu Eizagirre, eta badirudi laguna han ikusteak lasaitu egiten zuela Xixili.
AUDIOA | Manu Eizagirre
NEREA:
Hala ere, Iker Gurrutxaga kazetariak larri ikusi du Manu.
ANDER:
Bai, «orain larriago ikusten zaitut, orain dela ordu erdi baino» esan dio.
NEREA:
Esandakoaren arabera, goizeko lehen orduetan lasai ibili da Manu, baina oraingo jendetzak eta euriak ez omen dute laguntzen.
ANDER:
«Zalaparta handia aterki artean». Hori bai, Manu hurbildu eta lasaitu egiten omen zen Xixili.
NEREA:
Ohartu al zara nola egin duen konparaketa Ikerrek? «Orain larriago ikusten zaitut, orain dela ordu erdi baino».
ANDER:
Konparaketek bi zati izan ohi dituzte, eta ohikoena baino hitza esaldiaren erdialdean joatea da. Aurreko esaldi hori egiteko hau izango litzateke egiturarik komunena: orain, duela ordu erdi baino larriago ikusten zaitut.
NEREA:
Askotan eguraldiaz mintzo garenean konparaketak erabiltzen ditugu: «gaur atzo baino euri gehiago egin du» edo «gaur euri gehiago egin du, atzo baino».
ANDER:
Bietan gauza bera esaten ariko ginateke, baino hitza leku ezberdinean jarrita.
NEREA:
«Uste baino jende gehiagok entzuten du gure irratsaioa» edo…
ANDER:
Jende gehiagok entzuten du irratsaioa uste dugunak baino.
NEREA:
Gure gaurko Manu protagonista ere San Tomas egunean ohi baino lehenago jaiki zen plazara garaiz iristeko.
AUDIOA- Manu Eizagirre
ANDER:
Gogorra izango zen goizeko 5:00etan jaikitzea!
NEREA:
Niri izarak itsatsita geratuko zitzaizkidan!
ANDER:
Baina badakigu, gogoko lekuan, aldaparik ez!
NEREA:
Esaera ederra oraintxe bota duzuna! Horrez gain, zer ikasi dugu gaurkoan, Ander?
ANDER:
Desberdintasuneko konparaketak egitean, bi eratan egin ditzakegula: «gaurko saioa atzokoa baino azkarrago pasa zait» edo «gaurko saioa azkarrago pasa zait atzokoa baino».
NEREA:
Badakizu, konpainia onean dena pasatzen da azkar!
ANDER:
Oso azkar, bai! Hausnarketarako tartea ere izan dugu gaurkoan, San Tomas egunean Donostiako Plaza berrian kaiolan dagoen zerriaren inguruko afera, hain zuzen.
NEREA:
Horren harira, nire lagun batek esaten duena etorri zait burura: «badaude dezente zerri Donostian kaiola baten barnean egon beharko luketenak, zerri koittatu horren ordez».
ANDER:
Ados nago berarekin! Hori bai, zerrenda egiten hasiko bagina, luze joango litzaiguke!
NEREA:
Arrazoi duzu! Hobe izango da saioa hemen utzi eta horrelako saltsatan ez sartzea!
ANDER:
Edo mikrofonoak itzaltzen direnean gai honi heltzea!
NEREA:
Badaezpada, ez dezatela gure entzuleek entzun!
ANDER-NEREA:
Aio!