Zuzenean

ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz zaude?
NEREA:
Ondo, milesker, eta zu?
ANDER:
Hainbestean, izan ere, azkenaldian mahai gainean dagoen kontu batekin bueltaka nabil berriz ere.
NEREA:
Zein kontu da hori?
ANDER:
Migrazioa, eta hainbat pertsona eta hainbat alderdi politiko berarekin egiten ari diren instrumentalizazioa.
NEREA:
Gai konplexua ekarri diguzu! Egia da azkenaldian oso muturreko iritziak entzuten direla migrazioari buruz.
ANDER:
Ziur nago ez dela batere erraza gai honen inguruko erabakiak hartzea, baina migrazioa beti existitu den heinean, uste dut beste modu batera jorratu beharko litzatekeela gai hori.
NEREA:
Guztiz ados nago zurekin! Gero eta ohikoagoa da migrazioa delinkuentziarekin eta arazoekin nahasten duten iritziak entzutea.
ANDER:
Hala ere, hainbat tokitan migrazioa arazo moduan ikusten den arren, Euskal Herrian ez omen da hori gertatzen. Gainera, bai instituzioek, bai zerbitzuek eta bai industriek etorkinak beharrezkoak direla diote.
AUDIOA - Arkaitz Fullaondo
ANDER:
Arkaitz Fullaondok elkarrizketan aipatu duen bezala, leku aldatzera hainbat arrazoik eraman ohi dute pertsona bat: bizi diren herrian bere bizi proiektua ezin garatzeak, gerrek…
NEREA:
Arrazoi ezberdinengatik pairatzen den jazarpenak edota, azkenaldian, aldaketa klimatikoak.
ANDER:
Migratzea erabakitzen duen pertsona batek, oztopo asko izaten ditu bidean, bai bide luzearengatik, bai tartean dauden mafiengatik, eta, Arkaitzen hitzetan, «lehen arazoa oztopo legalak dira, bai beraien herrialdetik ateratzeko, bai helmuga herrialdera iristeko».
NEREA:
Herrialdetik ateratzeko dituzten zailtasunez gain, beste batzuk ere badituztenez, bai... bai... egitura erabili du.
ANDER:
Zoritxarrez, oztopoak leku guztietan topatzen dituzte. Paperak ezin lortu, paperik gabe lanik ezin egin, etxebizitza lortzeko arazo mordoa.
NEREA:
Eta azkenaldian hainbat gobernuk hartutako erabakiek ez dute horretan batere laguntzen!
ANDER:
Zoritxarrez herrialde asko baldintzak gogortzen ari dira migratu behar izan duten pertsona hauentzat, eta eskuin muturreko alderdiak ugaritzen ari dira.
AUDIOA- Arkaitz Fullaondo
NEREA:
Bai, bai. Arkaitzek aipatu duen bezala, nonahi ari da olatu erreakzionarioa zabaltzen.
ANDER:
Europa eta Amerika aipatu ditu, bai Ipar Amerika, bai Hego Amerika.
NEREA:
Amerika osora zabaldu denez, bai batean, bai bestean egitura erabili du.
ANDER:
Horrela egin dezakegu bigarren esaldiarekin, lehenengoari zerbait gehitu nahi diogunean.
ANDER:
Bai mendia, bai hondartza, biak izugarri gustatzen zaizkit.
NEREA:
Bai Inma, bai ni, oso pozik gaude egindako lanarekin.
ANDER:
Bai pelikula hori, bai bestea, biak dira oso gomendagarriak; beraz, edozein ikustera joan zaitezke.
NEREA:
Bai atzo, bai gaur, beti ikasten dugu zerbait berria elkarrekin.
ANDER:
Gaurkoan zer izan da?
NEREA:
Migrazioaren inguruko muturreko iritziek ez dutela inondik inora gai hau konponduko.
ANDER:
Bai agintariek, bai herritarrek gaiari buruz hausnartu beharko genuke.
NEREA:
Denon artean agian, erabaki egokiak hartuko ditugu eta!
ANDER:
Guk ere hausnartuko dugu, baina mikrofonoetatik at egingo dugu oraintxe.
NEREA:
Beraz, agurtu egin behar zaituztegu!
ANDER:
Agur!
Hemen entzun dezakezue Arkaitz Fullaondori egindako elkarrizketa.