Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia

«Euskara praktikan jartzeko» aukera berriak eskaintzeko jaio da Erriberan Euskaraz

«Aniztasun eta elkarlanetik», eratu dute hainbat eragilek Erriberan Euskaraz sarea, «euskararen aldeko apustua zabaltzen laguntzeko» Nafarroako hegoaldean. Euskaltzaleen topagune izan nahi dute eskualdean, eta jada deitu dute Erriberako Euskararen Egunaren lehen edizioa maiatzaren 17rako.

Audio_placeholder

«Euskara praktikan jartzeko» aukera berriak eskaintzeko jaio da Erriberan Euskaraz

Loading player...
Pasa den martxoan aurkeztu zuten Erriberan Euskaraz Arguedasen.
Pasa den martxoan aurkeztu zuten Erriberan Euskaraz Arguedasen. (Erriberan Euskaraz )

Euskarari hauspoa emateko herri mugimendu berri bat sortu dute Nafarroan eta honi eman dioten izena, euren helburuen azalpen argia da; Erriberan Euskaraz. «Horrelako topaguneek eskaintzen dute espazio bat euskara praktikan jartzeko eta behintzat euskaraz bizi ahal izateko espazio horietan», dio Izaro Elejalde sareko partaideak. Erriberan Euskaraz ez da ezer ordezkatzera etorri, osatzera eta uztartzera baizik. Izan ere, Euskal Herriko zonalde hartan euskararen egoerak «oso prekarioa» izaten jarraitzen duela azaldu du Elejaldek, baina baita ere asko direla testuinguru zail horretan eratu diren elkarte eta mugimendu euskaltzaleak, «egia da zonifikazioak eta euskarafobiak gure zonaldean indarra dutela. Baina egia da ere euskararen aldeko proiektuek aurrera egin dutela eta Erriberan Euskaraz honen adibide argia dela».

«Korrikaren azken edizioak erantzun oso positiboa izan zuen Erriberan», Elejaldek gogora ekarri duenez, asko direla eta amankomuneko helburu bat partekatzen dutela. «Horrek asko motibatu gintuen. Indarrak batzearen garrantziaz ohartu ginen», nabarmendu du. Honek hausnarketa berri bat egitera eraman zituen Elejaldek dionez; oztopoen aurrean eroso sentitzeko inguruak behar direla, «Erriberan zehar euskara bultzatu nahi dugun pertsona eta eragile ugari egon arren, esango nuke espazio gutxi ditugula elkar ezagutu eta saretzeko. Horregatik, tresna oso baliagarria egin zaigu Erriberan Euskaraz».

Erriberako Euskararen Eguna

Sare berria ikur eta ekintzez gorpuztu nahi dute, eta jada egun bat gorriz markatu dute egutegian. Maiatzaren 17rako deitu dute Erriberako Euskararen Egunaren I. edizioa Arguedasen, Erriberan Euskaraz aurkeztu zuten udalerri berberean alegia. Egun osoko egitarauarekin datoz eta xehetasun guztiak euren sare sozialetan daude ikusgai. Erakusketa bat, tailerrak, herri bazkaria eta kontzertuak ez dira faltako. Izaro Elejaldek iragarri duenez, «dena ongi ateratzen bada gure asmoa da ekimen hau bi urtean behin egitea» eta «herri ezberdinetan egitea».

Dena ondo bidean beraz, hemendik aurrera Korrikaren bisita jasoko dute urte batean eta hurrengoan Erriberaren Euskara Eguna ospatu. «Erriberan zehar euskararen aldeko apustua zabaltzen laguntzeko aukera izan daitekeela uste dugu», ondorioztatu du Elejaldek.

Jaurlaritza Logoa