Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari |Noiz erabili behar da -rik?

[1x29] Ikasgai honetan '-rik' noiz erabili jarriko dugu praktikan: zatirik handiena / zati handia. Berriak / berri nagusiak/-rik handiena, -rik luzeena, -rik gogorrena.

 

Audio_placeholder

Adi eta Ari |Noiz erabili behar da -rik?

Loading player...
Bideoak podkastaren irudia
Bideoak podkastaren irudia (NAIZ irratia)

ANDER:
Kaixo, Nerea. – haserre antzean.

NEREA:
Kaixo, zer duzu?

ANDER:
Gaur oso haserre nator.

NEREA:
Ikusten dut, bai. Zer gertatu da?

ANDER:
Badakit gai asko daudela gure amorrua pizteko edo loa kentzeko modukoak; baina gai batek bereziki ukitu nau eta burutik kendu ezinik nabil, atzo irratian entzundakoaren ondoren.

NEREA:
Zer entzun zenuen, ba?

ANDER:
Naiz irratiak iaz sortu zuen Bideak saioko lehen atala, Bide galduak.

NEREA:
Bertan, Frantziako gobernuak Euskal Herriko muga-kontrolak ezarri zituenetik, migratzaileek pairatutako ondorioak aztertzen dira.

ANDER:
Lehen atal honetan, Bidasoa ibaia gurutzatzen hil diren hainbat pertsona aipatu dituzte.

 

AUDIOA - Bidegalduak

 

NEREA:
Esatariak audioan honakoa esan du: «bidaiaren zatirik handiena egin ostean, Euskal Herriko ibai batean itota eman zuen azken arnasa».

ANDER:
Abdulaib-ek bidaia luzea egin zuen Gineako Errepublikatik honaino, eta bide horren kilometro gehienak eginak zituenez, zatirik handiena esan du.

NEREA:
Bere herria utzi eta honaino iritsi aurretik pasatuko zituenak ez nizkioke etsairik handienari ere opa egingo.

ANDER:
Askok kontrakoa pentsatzen duten arren, erabakirik gogorrena norberaren familia eta herria uztea izango da.

NEREA:
Kasu horretan, erabaki asko hartu behar dira; eta, horien artean, gehien kostatzen dena adierazteko erabakirik gogorrena esan duzu.

ANDER:
Mugak itxi zituztenetik, kontrol kopurua ugaritu egin da, baina kontrol selektiboak egiten dira, eta ziur kontrolik sakonenak berdinek pairatzen dituztela.  

 

AUDIOA - Bide galduak

ANDER:
Izugarria da batzuek besteek baino kontrol gehiago pasatu behar izatea, ez al gara guztiok berdinak?

NEREA:
Oso ederra da ideia hori, baina badakizu gizarte honetan ez dela halakorik gertatzen! Azken aldian, Europan bertan areagotzen ari diren eskuin muturreko ideiak ikusi besterik ez dago!

ANDER:
Etorkinak euren herrietara itzultzea nahi dute askok.

NEREA:
Itzuli baino gehiago, bota egin nahi dituztela esango nuke nik.

ANDER:
Arrazoi duzu, bai. Inork egin dezakeen bidaiarik luzeena bere sorterria uztera eramaten duena da. Eta, askotan, hartzen duen herrialdean ematen zaion tratua bizitzan izandako traturik txarrena izatera irits daiteke.

NEREA:
Hala ere, bada hau guztia aldatzeko lanean ari den jende asko. Horietako hainbat mugan bertan, eta horiek gogoratu behar ditugu, itxaropen ia bakarra baitira.

ANDER:
Baina ezin diogu borrokan jarraitzeari utzi, edota behintzat gai hauei buruz hitz egiteari utzi.

NEREA:
Badakizu gu behintzat ez garela isilduko!

ANDER:
Hitz egiteaz gain, ikasi ere egiten dugu, ezta?

NEREA:
Jakina! Gaur gai sakona ekarri badugu ere, euskaraz gehientasuna adierazteko –rik –ena erabiltzen dugula ikasi dugu.

ANDER:
Aspaldian gai honi buruz irakurri dudan liburu onena Amets Arzallus eta Ibrahim Balderen Miñan izan da.

NEREA:
Gogoratu behar dugu liburu onena edo libururik onena esan dezakegula, eta biek gauza bera esan nahi dute.

ANDER:
Eta albistegietan entzun beharko litzatekeen berririk onena, gai hauei buruz hitz egin beharrik ez egotea litzateke.

NEREA:
Baina bitartean, ez gara isilduko, ezta kikilduko ere.

ANDER:
Hori litzateke jarrerarik desegokiena.

NEREA:
Fermin Muguruzak esango lukeen bezala, «Ibaiari errua leporatzen bazaio ere, ez da ibaia hiltzen duena, politika arrazistak baizik».

ANDER:
Arrazoi du hori esatean, eta hori salatzen jarraituko dugu.

NEREA:
Euskara lantzearekin batera. Hurrengora arte!

ANDER:
Agur!
 

Hemen aditu dezakezue 'Bideak' podcasta.

Jaurlaritza Logoa