Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Asier Basurto
Bizilagunekin plataforma

«Munduko bigarren kirol ikuskizunik handiena ekartzeko Donostia hipotekatzeak zulora garamatza»

2030ko Munduko Futbol Txapelketako hiriburu izateko hautagaien artean dago Donostia. Gaur-gaurkoz, turismoarekin hiriak dituen arazoak izugarri areagotuko dituela uste dute auzo elkarteek; aukera «ilusioz» bizi beharko luketela dio alkateak. 

Audio_placeholder

«Munduko bigarren kirol ikuskizunik handiena ekartzeko Donostia hipotekatzeak zulora garamatza»

Loading player...

2030ko Munduko Futbol Txapelketako hiriburuetako bat izatekotan da Donostia eta honen aurka egiteko eskatu dute hainbat auzo elkartek; Eneko Goia alkateak «ezezkoaren klubaren beste agerraldi bat» zela esanda gutxietsi zuen eskaria. Gutun hori sinatu zutenen artean dago Bizilagunekin elkartea eta bertako kidea da Asier Basurto.

Ezezkoaren klubean al zaudete?

Azken hamarkadan proiektua askori ezezkoa eman beharrean aurkitu gara. Ikusten dugulako proiektu gehienek bilatzen dutela turismoa erdigunean jartzea eta gutxi batzuen negozioa eta kalte asko ekartzen dituztela herritarrentzako.

Zer iruditu zaizue Goia alkateak zuen eskariari emandako erantzuna?

Jarrera bat da, ez entzutekoa eta edozein kritikari uko egitekoa argudiorik erabili gabe. Guk gutunean eman ditugun argudioak ez ditu atzera botatzen guri etiketa bat jartzeak, erridikulizatzeak edo kriminalizatzeak.

Goiak ilusioa eragin beharko lukeen gertakari bat dela Munduko Txapelketa aipatu zuen…

Guk Donostia asko maite dugu eta ilusio handia egingo liguke Donostia bizigarria izateak. Ez azkenaldian bihurtzen ari den hiri bizigaitz hori, bere herritarrak kanpora botatzen dituena. Arazo hori areagotu dezakeen edozer ezin dugu ilusioarekin hartu eta hor ez gara eroriko ikuskizun handien edo marketinaren edo futbolaren txundidura horretan.

Halako jarrerekin Zinemaldia, Donostiako Klasikoa edo Donosti Cup bera ere ez liratekeela egongo zioen alkateak…

Guk horien aurka ez dugu ezer esan eta, beraz, ez daukagu inongo asmorik horren inguruan hitz egiteko. Guk uste dugu 2025ean hipotekatzea hiria hurrengo bost urteetan munduko bigarren kirol ikuskizunik handiena hirira ekartzeko guztiz kaltegarria dela eta zulora garamatzan proiektu bat dela.

Zer da Bizilagunekin elkartea?

Bizilagunekin plataforma sortu zen 2018an, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma gara. Guk nahi dugu gai honen inguruan eztabaida sortu, lehendabizi uste dugulako pentsamendu bakarra sustatzen dela hiriko hainbat eragileetatik. Turismoa beti ona da, turismoaren hazkundea beti pozgarria da... eta guk bilatzen dugu hori zalantzan jartzea, badagoelako herritarren artean kezka bat. Indarrak metatu nahi ditugu herritarren bizi-baldintzak erdigunean izango dituen hiri eredu baten alde.

Uste dugu 2025ean hipotekatzea hiria hurrengo bost urteetan munduko bigarren kirol ikuskizunik handiena ekartzeko guztiz kaltegarria dela eta zulora garamatzan proiektu bat dela.

 

Denbora honetan nola aldatu da egoera?

2017aren bueltan azelerazio bat eman zen. 2015etik 2024ra hotel kopurua %40 hazi da, plazen kopurua %70 eta turisten sarrera %78.

Hori dagoeneko turismo tasa nahiko altua duen hiri batean…

Beti esan dugu hiri turistiko batean bizi garela Donostian, eta horrekin arazo berezirik gabe bizi ahal izan dugu. Baina hamar urtean %78ko hazkundea eman da bisitari kopuruan. Horri zuzenean lotuta, etxebizitzaren erosketa prezioak hamar urtean %47 igo dira. Dakizuen bezala, gure soldatak ez dira tamaina horretan hazi. Beraz, gure bizi-baldintzak asko okertu dira.

2015etik 2024ra hotel kopurua %40 hazi da, plazen kopurua %70 eta turisten sarrera %78.

 

Eta argi ikusten duzue Munduko Txapelketa batek Donostiak jada badituen arazo hauek larriagotuko lituzkeela?

Bai. Arazoetan sartuta gaude. Badago iritzi orokortua hirian turismoak ez duela gehiago hazi behar. Eta, hala ere, hau ekartzeak eragingo luke bisitari kopurua gehiago areagotzea, azpiegitura eta baliabide berriak eskaintzea turismoaren industriari eta, gainera, estrategia bezala erabiltzea hurrengo bost urteetan eta aurrera begira ere sustapen turistikorako; justu egin behar denaren kontrako norabidean doala iruditzen zaigu. Guk desazkunde turistikoaren bidea proposatzen dugu.

Eta uste duzue desazkunde horrek herritarren babesa izan dezakeela?

Guk uste dugu baietz, hor baikorrak gara. Turistifikazioaren sekulako azelerazioa ematearekin paraleloan gai honen inguruko kontzientzia asko hazi da. Gu sortu ginenean ia-ia ero bezala tratatzen gintuen jende askok. Ireki ezin ziren eztabaida batzuk irekitzen aritu gara eta uste dugu gaur egun kontzientzia handia dagoela eta jende asko dagoela kezkatuta eta jende asko dagoela prest gauza batzuk aldatzeko.

Jaurlaritza Logoa