Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Mailegu frantsesak

[1x28] Ikasgai honetan mailegu frantsesak landuko ditugu: afera, afixa, greba, krokodilo, armada...

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Mailegu frantsesak

Loading player...
Silvio Rodriguez, Donostian 2016an eman zuen kontzrtuan.
Silvio Rodriguez, Donostian 2016an eman zuen kontzrtuan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

AUDIOA- JON MAIA

NEREA:
Ander, zein modu ederra saioa hasteko!

ANDER:
Benetan hunkigarria entzundakoa, bai!

NEREA:
Ezagutzen dituzu bi ahots horiek, ezta?

ANDER:
Jakina, Jon Maia eta Silvio Rodríguez dira.

NEREA:
Zumaiako Jon Maia bertsolari eta abeslaria eta Silvio Rodríguez olerkari, abeslari eta kantautore kubatarra.

ANDER:
Elkarrekin egindako Nostalgia abesti honi esker, lehen aldiz entzun ahal izan dugu Silvio handia euskaraz kantatzen.

NEREA:
Zu izan al zara noizbait bere kontzertu batean?

ANDER:
Zoritxarrez orain arte ez dut aukerarik izan, baina gustura joango nintzateke.

NEREA:
Beharbada, laster izango dugu gurean eta euskaraz zuzenean entzun ahal izango dugu!

ANDER:
Ederra litzateke!

NEREA:
Bitartean, entzun dezagun zer dioen Jonek Silviorekin izandako esperientziaz.

 

AUDIOA -  Jon Maia


ANDER:
Jonek dioen bezalaxe, «ez da gure afera soilik». Hau da, ez da guri eragiten digun kontua bakarrik.

NEREA:
Izan ere, «horrelako pertsonaia historiko batek, kantugile unibertsal batek, gazteleraz egon eta dagoen kantugile handienetakoa denak, euskaraz kantatu eta euskal proiektu berri bat garatzeak gainditzen du norberaren burua».

ANDER:
«Opari bat da euskararentzat».

NEREA:
Beste hizkuntzetatik hartutako hitzak diren bezala!

ANDER:
Kasu honetan, Jonek aipatu duen afera, frantses jatorriko hitza da, maileguan hartutakoa.

NEREA:
Hizkuntza guztietan bezala, euskaran ere beste hainbat hizkuntzatatik maileguak hartu dira: latinetik, gaelikotik, gaztelaniatik, arabiarretik… Historian zehar, lurralde bakoitzean bertatik pasa diren kulturek hitzak uzten dituzte bertan betiko.

ANDER:
Hurbiltasunak eta elkarrekin hitz egiteak ere ondorioak ekartzen ditu. Horrexegatik, gure kasuan, eragin handia dute frantsesak eta gaztelaniak. Gehienetan gaztelaniak. Baina frantsesak ere bai. Horren adibide dira aipatu berri dugun afera hitza, edota Bidasoa bailaran asko erabiltzen diren fite edo xarmant.

NEREA:
Beste hainbat ere frantsesetik maileguan hartutakoak dira.

ANDER:
Afixa kartel bat adierazteko erabiltzen da, frantsesez affiche.

NEREA:
Gerretan herrialdeetako armadak izaten dira lanean, armée.

ANDER:
Lanean askotan greba egin behar izaten da langileen eskubideak defendatzeko; frantsesez, greve.

NEREA:
Hitza frantsesetik edo gaztelaniatik hartzea erabakitzean, nazioartean gailentzen dena hartu ohi da: ebakuntza-gela esaten diogu quirófano edo salle de operation-i.

ANDER:
Gauza bera gertatzen da maileguan hartutako hitzaren ortografia zehazteko orduan: krokodilo esaten da euskaraz, nazioartean hori delako hizkuntza gehienek darabiltena.

NEREA:
Frantsesez ere halaxe da, crocodile.

ANDER:
Eta berdin, labirinto hitzarekin!

NEREA:
Gu hitzen labirintoan sartu gara, baina saioarekin fite amaitu behar dugu! Bizkor-bizkor!

ANDER:
Hala da, bai. Amaitu aurretik, zer ikasi dugu gaurkoan?

NEREA:
Euskarak, beste hizkuntzek bezala, maileguan hartzen dituela beste hizkuntzetatik hitzak.

ANDER:
Eta frantsesa dela maileguan hartutako hitz askoren jatorri: afera, afixa, krokodilo, labirinto, armada, greba…

NEREA:
Beste kasu batzuetan, berriz, euskarazko jatorrizko hitza benetan ederra izaten da, nahiz askotan beste hizkuntzetatik hartutakoa gailendu.

ANDER:
Horietako bat izan liteke nostalgia hitza, euskaraz herrimina.

NEREA:
Askok nostalgia erabiltzen dute, baina zein ederra den herrimina hitza.  

ANDER:
Gure herriaren falta sentitzen dugula adierazteko erabiltzen da.   

NEREA:
Horixe da, hain juxtu, gaur hizpide izan dugun abestiaren gai eta izenburua, nostalgia.

ANDER:
Zenbaitetan plazera eta mina sortzen ditu aldi berean, Jonek elkarrizketan esan bezala.

NEREA:
Guk gaurkoan minik ez, plazera sentitu dugu aurkeztutako kantarekin.

NEREA:
Beraz, goza dezagun gu denontzat eta euskararentzat dugun abesti eta opari eder hau!

Hemen entzun dezakezue Jon Maiari Bigarren Kafea saioan egindako elkarrizketa, eta hemen, 'Nostalgia' kantua.

Jaurlaritza Logoa