

Zuzenean 08:00h - 10:00h
Bigarren Kafea
10:00h - 10:15h
Haria 2 aurrerapena
10:15h - 11:00h
MusikHaria
«Haserrea eta kezka dago gizartean Osakidetzarekin»
Iazko urtearekin lotutako txostena kaleratu du Manu Lezertua Arartekoak. Osakidetzarekin arazoak dituzten herritarren kexak asko hazi dira. «Osasunerako eskubidea dagoela gogorazten diogu Osasun Sailari», esan du. Azken baliabidea direla jakitun, erakundea berritzearen beharra aipatu du.

«Haserrea eta kezka dago gizartean Osakidetzarekin»

Manu Lezertua (Bilbo, 1957ko otsailaren 6a) Arartekoak egindako txostenean iaz Osakidetzarekin lotutako kexak %70 hazi zirela ondorioztatu du. 2.905 espediente landu zituzten, aurreko urtean 441 ziren bitartean. Txostenak azaleratu dituen ondoezen inguruan mintzatu da NAIZ Irratian.
Urtebetean %70 hazi dira Osakidetzari lotutako kexak, batez ere Lehen Arretako itxaronaldiei lotuta. Zein da egiten duzun balorazioa?
Igoera oso nabaria izan da. Erakusten du haserrea eta kezka dagoela gizartean Osakidetzarekin. Bestalde, osasuna da pertsona bakoitzak gehien sufritzen duena. Mina baduzu, zuretzat kezka handiena izango da. Bakoitzak bere osasuna defendatzeko tresna guztiak erabiltzen ditu. Arartekoari helarazten diote atzerapenak, tratamentu ezak...
Itxaron zerrendak kezka nagusietako bat dira. Alabaina, arlo guztiei eragiten die, edota badira espezialista jakin batzuk gehiago?
Kexen %25 diagnostikoaren eta lehen arretaren atzerapenak izan dira, bereziki arlo batzuetan: traumatologia eta oftalmologia izan dira atzerapen handienak dituztenak. Guregana datozenak kasu larrienak izaten dira, Osakidetzak ondo egin duen kasuetan pozik datorrena ez dator guregana. Egoera larrienak iristen zaizkigu.
Kexa hauek jasota zein dira Arartekoak egiten dituen gomendioak?
Osasunerako eskubidea dagoela gogorazten diogu Osakidetzari eta Osasun Sailari, esanez hau bete beharrekoa dela derrigorrez. Arazoak azaleratzen dizkiogu eta kopuru majo batean lortzen dugu arazoak konpontzea, arazo partikularrak. Arartekoa sartzen denean lortzen dugu itxaron zerrendadk gutxitzea, botikak ordaintzea edota tratamentua jasotzea. Pertsona batek Arartekoarengana jotzeko administrazioarengana jo behar du lehenik. Gu gara azken baliabidea. Badago Osakidetzan pazienteari arreta zerbitzua. Horra joaten da jende asko, baina ez daudenean gustura guregana jotzen dute. Gurekin egon ondoren jotzen dute batzuk epaitegietara.
Txostena argitaratu osteko balorazioan, Osasunaren Aldeko Euskal Itunean jarri zenuen azpimarra. Baikor zara itun horrek ekar dezakeenarekiko?
Gobernu berria sartu zenean berehala eskatu nuen bilera bat sailburu berriarekin, Alberto Martinezekin. Bilera izan genuen bere taldearekin aztertzeko guk ditugun arazoak. Hiru orduko bilera izan zen eta ikusi genuen borondate handia elkarrizketaren bitartez konpontzeko. Lehenik arazoa onartu behar da, eta eztabaida horretatik zerbait ona aterako dela uste dut.
Osakidetza ez da kexa gehien jaso dituen alorra: 523 kexekin gizarte inklusioko arloa izan baita herritarren kezka nagusia, Lanbidek kudeatzen dituen prestazio ekonomikoekin lotura du antza.
Betidanik gizarteratze arloan eta Lanbideren prestazioak izan dira kexa gehien jasotzen ditugunak arlo horretan. %110eko gorakada izan da, baina osasun arloan asko igo dira kexak. Maila berean kokatzen dira. Mota askotako kexak dira. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea konplexua da eta baldintza zein kontrol asko daude. Gainera, horrela izan behar da diru publikoa denez. Mota askotako kexak dira, legea aldatu zen baldintzak zorroztu eta horrek kexa asko sortu ditu.
Tokiko zein lurraldeetako administrazio publikoen zerbitzuen funtzionamenduak 266 kexa jaso ditu. Lakuatik hasita, kexen erdiak gutxi gorabehera honen jardunarekin dute zerikusia. Ba al dago errepikatzen den edo ohikoa den gabeziaren bat?
Tokiko adminsitrazioek eskumen asko dituzte, herritarren aurrean daude eta mota askotako kexak dira: hirigintza, ingurugiroa... erantzun eza da errepikatzen den kontua. Edozein gauza eskatu edo begiratzeko ez dute erantzunik jasotzen, eta gugana jotzen dute.
Imanol Pradalesen Gobernu berrian sailen aldaketak egon dira. Arazoak ekarri ditu horrek?
Guk ondorio hori ez dugu atera. Pasa den urteko kexak gehitu egin dira, Pradales Gobernura iritsi aurretik.
Arartekoa erakunde bezala erreformatzeko beharra jarri duzue mahai gainean. Zergatik?
Gure legeak 40 urte ditu. Euskal gizartea munduarekin batera aldatu egin da eta eguneratu. Nazioarteko mailako arauak egon dira eta gure arauak ez datoz askotan bat. Veneziako arauak mundu osoan garrantzitsuak dira eta eguneratzea behar dugu. Gure ingurukoek egin dute eta euskal gizarteak ere Ararteko hobe eta egokiago bat behar dute, independenteagoa.