

Zuzenean 04:00h - 08:00h
Haria 1
08:00h - 10:00h
Bigarren Kafea
10:00h - 10:15h
Haria 2 aurrerapena
«Biolentziari biolentziaz erantzuteko modu bat da ez bitartasuna»
Nerabezaroarekin batera hasi zen jendaurrean abesten ezagun egiten Aiert Alberdi Elorza (Oñati, 2005). Bere musika eta pertsona etengabeko eboluzio batean dabiltza eta 2024ko argazkia izan da debuteko ‘Somateka’ diskoa. Diskoaz, disidentziaz eta izaera politikoaz aritu gara hizketan luze eta zabal.

«Biolentziari biolentziaz erantzuteko modu bat da ez bitartasuna»

«Bilduma politiko biziduna, gorputzaren abstentzioa, bero berori eragiten dion subjektu eta elementu orok osaturiko aparatu estratifikatua, gorputza bera estratu bilakatzen duena. Oldartzen gaituzten materialekin sorturiko bizkarrezurra, erasokor sentitzetik armadura bilakatu ohi duguna». Horrela definitu du Aiertek bere ‘Somateka’ estreinako lana.
Azalpen konplexua diskoan topatzen duguna.
Hasiera batean akaso arrotza egiten da, bai, filosofiarekin lotutako zerbait delako. Baina uste dut gero samur ulertzen dela kontzeptua, denok garelako sistema bateko haur. Eta sistema horretatik hasten gara gure aukerak, erabakiak eta abar sortzen. Sistema horren pean.
Somateka somatizaziotik dator?
Bai, baina kartografia moduan, mapa baten gisara ere ulertu daiteke. Hau da, zuk zer egin dezakezun sistemako mugen barruan eta aldi berean sistemak zer egin dezakeen zugan.
Haurra esan duzu eta haurra zinela hasi zinen jendaurrean abesten, 13 urterekin gutxienez. Ez dakit orduko nerabearen begietatik hasten ote den «Autodefentsa» kantua.
Uste dut genero disidenteok, ze kasu honetan genero disidento moduan egiten dut berba, beste mila zapalkuntza ere bizi izaten ditugula eta sufritzen ditudala. Nik haurtzaro alaia bizi izan dut, baina biolentzia konstante bat da bizitza honetan. Eta esango nuke 13 urte horietara arte baino gehiago gaztaroan sufritu nuela. Erresistentzia geroz eta handiagoa egiten zoazen heinean biolentzia batzuen aurrean, biolentzia hori areagotu egiten da eta nire kasuan horrela izan dela esango nuke.
Baina akzio bakoitzak erreakzio bat izan behar duela argi duzu.
Bai, noski, baina bakoitzak bere baliabideen arabera egiteko duen gaitasuna kontuan izanda. Nik bai egiten dut dei autodenfetsara, amorru mobilizatzailera. Ez subjektu baten aurka, pila bat garelako zapaltzaile eta zapalduak, hortaz, ez da erabat akzio-erreakzio kontua, baizik eta egitura oso baten indarkeriaren aurrean antolatu behar da autodefentsa.
Esan daiteke egiten duzun musika hauskorra edo delikatua dela. Biolentzia xamurraz hitz egiten da, iraultza egin daitekeela xamurtasunetik.
Bai. Biolentziaren eztabaidak bere horretan uste dut ez gaituela inora eramaten. Biolentzia zertarako eta nola erabili eta ea biolentzia hori eraldatzailea den edo ez, nik uste dut hor dagoela eztabaida. Niretzat bai dela xamurtasunetik eta batez ere kontrasteetatik inpaktua sortzea, biolentzia sortzea. Baina esan dudan modu horretan, zati intimo batetatik oihu egitera pasaz, adibidez. Niretzat hor dago biolentzia.
Oholtza gainean baduzu epaitua zarenaren sentsaziorik?
Uste dut konstante bat dela gazteontzako eta bereziki disidente eta emakumeekiko. Ni txikitatik nabil oholtzan, baina gitarratik edota unibertso horretatik urruntzen joan naizen heinean, bai badagoela purutasunaren ukiezintasun bat gailentzen dena. Eta hori gitarra soinean dudala ematen ditudala kontzertuak.
Ez bitar izate hori zuk adierazi duzu edota modu naturalean joan zara bide horretara?
Ez bitartasunaren kontua ez da sentsaziotik edo sentimentutik sortzen den zeozer. Oso legitimoa da disforia batetik sortzea halako zerbait, baina nire kasuan hautu batetik dator, erabaki batetik. Nire bizitza subjektiboak eraman nau puntu honetara, baina erabaki pila baten ostean eta horietako bat da sexu-genero sistema baten kontrako aldarrikapen hau gorpuztea. Ulertzen dut sistema ekonomikoaren ardatzetako bat, patriarkala dena, sexu-genero sisteman bitartez egituratzea. Hortaz, horren kontra azaleratzeko modu bat gehiago da nire gorpuzte bera. Ez da sentsazio bat, ez ni tratatzeko modu bat ez ezer, inpaktu bat sortzeko modu bat da eta biolentziari biolentziaz erantzuteko modu bat. Gainera, ez naiz ez bitar moduan aurkezten, uste dut disidentzian nagoela generoari eta beste gauza batzuri dagokionez eta hor kokatzen naizenez, hor esploratzen jarraitzea espero dut.
Oñatiarra zara baina Bilbon pasatzen duzu astea, zientzia politikoak ikasten dituzulako. Leku-aldaketak badu eraginik zure artean?
Bai, batez ere Bilbon egin dudan harreman-sarearekin. Unibertsitatean espero ez nuen sare bat egin dut eta nire errealitatearen parte da orain eta ardatzetako bat ere bai.
Herri txikitik hirira salto egitean, populazioa handitzen den neurrian, zure kezkekin bat egiten duen jende gehiagorekin ere egiten da topo.
Izan daiteke, baina kapitalismoaren amuetako bat ere badela uste dut aipatzen duzun hori. Ordezkaritzarekin gertatzen den hori guztia diot. Hiri batean duzun zirkulua, herri batean duzunaren antzerakoa da. Hirian desberdina izan daitekeena da kaletik ikusten duzun zerbaitekin errazago identifika zaitezkeela, edota espazio propio batekin topo egiteko baliabide gehiago duzula. Hori akaso bai.
«Min partekatuak mantentzen nau hemen, men egitearen kontra egon arren». Esaldi sakona da hori gero.
Ez dakit oso ondo ulertzen den esan nahi dudana. Minetik egiten dugula borroka, biolentzia pairatzearen ondorioz, esaten dut lehen zatian. Hori beti horrela delako. Eta, bigarren zatian borrokarekiko daukagun dependentzia utzi nahi nuen agerian. Ez da deslegitimazio akzio bat e? Askatuko gaituen bakarra borroka dela oso argi dut nik. Baina, aldi berean, zer nolako kontraesan indibidual edo subjektiboak edo emozionalak ekarri ditzakeen ere agerian utzi behar da.
Bigarren bati zuzentzen dizkiozu gero hainbat mezu. Ez dakit bigarren bat dagoen edo zure buruari ari ote zaren.
Errepikan klase dominatzaile guztieri ari naiz hizketan, hori bai, nahiz eta bigarren pertsonan hitz egiten dudan. Oraindik ez gara poligamoak eta beti parean bakarra ikusten dugulako, kar-kar. Baina dominatzaile guztiei ari naiz, jakina. Beste zatia bai badela barne etsai baten inguruan.
Zuzenekoak nolakoak irudikatzen dituzu? Non ikusten duzu zure burua?
Ba egia esanda disko honekin asko kostatzen zaidan zerbait da hori. Oso pozik nago eta horren emaitza da, besterik gabe.
Hori ere disidentzia izan daiteke.
Bai eta uste dut hein batean hartu duen formagatik baduela egokitzapen gaitasun bat ere. Irudikatzen dut ostiral gaueko 21:00etan edota igande batean 21:00etan, edo larunbat arratsalde bukaeran edo gauaren hasieran, atzetik beste talde edo ekitaldiren batekin. Argi dagoena da ez dela parrandarako musika. Bai irudikatzen dudala trago batzuen inguruan, baina trago lasai batzuen inguruan.
Espazio aldetik, non ikusten duzu proiektua? Gaztetxeetan, aretoetan, tabernetan, txosnetan, zutik, eserita…
Bada, egia esan, automatikoki zutik irudikatzen ditut nik. Akaso izan daiteke ez naizelako larregi ikusten publikoa eserita dagoen aretoetan. Zerbait argi baldin badaukat da gaztetxe askotan jotzea nahi dudala eta autogestioan egiten diren proiektuei, merkatuko logiketatik kanpo daudenei, nik ere ahal dudan neurrian ekarpenen bat egiteko. Eta, noski, espazio horiek niri ematen didaten guztia mantendu eta oholtzara eramatea.
Iragarri daiteke datarik?
Momentuan ezin dut ezer ere esan, kontzertuak lotzen banabil eta, jakina, irekita nago proposamen berriak jasotzeko ere.