

Zuzenean 14:00h - 16:00h
Zebrabidea
16:00h - 17:00h
Bilbotarra
17:00h - 18:00h
Kontatzera Noazu

ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz zaude?
NEREA:
Nahiko nekatua, egia esan.
ANDER:
Gau mugitua izan duzu gaurkoan, ala?
NEREA:
Ba egia esan, bai. Lo gutxi egin dut!
ANDER:
Ui... Zer egin duzu, ba?
NEREA:
Ezer interesgarririk ez! Atzo gauean pertsona batekin kontutxo batzuk hitz egin gabe joan nintzen ohera; barruan gordeta utzi nituen eta hortxe ibili dira gauean nire buruan dantzan!
ANDER:
Hobe da ohera gauzak hitz eginda joatea, bai! Bestela gero...
NEREA:
Amesgaiztoak!
ANDER:
Normalean, ondo lo egiten al duzu?
NEREA:
Bai, ez dut lo egiteko arazorik edo insomniorik.
ANDER:
Zortea zurea! Nik gero eta ordu gutxiago egiten dut lotan.
NEREA:
Zenbat?
ANDER:
Ez naiz inoiz lo asko egitekoa izan, baina lehen sei edo zazpi ordu jarraian lo egiteko gai nintzen.
NEREA:
Eta orain?
ANDER:
Askotan lau edo bost besterik ez.
NEREA:
Lauzpabost besterik ez?
ANDER:
Hala da, bai!
NEREA:
Hori Nagore Irazustabarrenaren siesta bat izan liteke!
ANDER:
Nor da Nagore?
NEREA:
Historialari donostiar bat, egun Argiako Denboraren makina atala idazten duena. Entzun zer esan duen bere lo ordueiburuz!
AUDIOA - Nagore Irazustabarrena
ANDER:
Hiru-lau orduko siesta eta ondoren afalostean lokartzeko arazorik ez! A ze inbidia!
NEREA:
Zoragarria iruditzen zait!
ANDER: Baita niri ere!!
NEREA:
Egia da Gabonetan egindako siesta hori aipatu duela, eta akaso beti ez du horrelako erraztasunik izango!
ANDER:
Nik, badaezpada, bere artikuluak irakurriko ditut, ea bertan luze lo egiteko sekreturen bat aipatzen duen!
NEREA:
Siesta-ordu kopurua aipatzeko, hiru-lau esan du, hiru edo lau adierazteko.
ANDER:
Hiruzpalau egitura ere erabil dezakegu halakoetan.
NEREA:
Lau edo bost ordu izango balira, lauzpabost.
ANDER:
Bost edo sei direnean, berriz, bospasei.
NEREA:
Horiek dira gehien erabiltzen ditugun egiturak!
ANDER:
Oraindik siesta luze hori daukat buruan. Nerea, Nagorek beti egiten al du lo lasai?
NEREA:
Uste dut berak ere, guk bezala, zenbaitetan loa kentzen dioten buruhausteak izaten dituela!
AUDIOA - Nagore Irazustabarrena
NEREA:
«Badauzkat gau txarrak, kezkak, disgustuak… baina nik imajinatzen dut nire gau txarra, zuen ametsezko gaua bezala»…
ANDER:
Ai... zenbatetan kentzen diguten loa kezkek eta disgustuek!
NEREA:
Horrelakoetan, antsietatea murrizteko mila aholku daude!
ANDER:
Nik denak irakurri ditut; baina, hala ere, oraindik gau txarrak pasatzen ditut!
NEREA:
Nik ere bai. Egia da aholku hauetakoren batek agian pixka bat lagundu didala, baina... Hala ere, atzo hitz egin beharrekoak hitz egin izan banitu, lasaiago lo egingo nuela uste dut.
ANDER:
Beraz, badakigu: aurrerantzean ez gaitezen lotara joan gauzak hitz egin gabe! Tira, zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Jarraian dauden bi zenbakiren artean gaudela adierazteko, betiere zenbaki txikiak direnean, bi edo hiru, bi-hiru, eta bizpahiru egiturak erabil ditzakegu.
ANDER:
Hiru eta lau, lau eta bost eta bost eta sei zenbakiekin ere gauza bera egin ahal izango dugu. Bien arteko zalantza adierazteko edo eta beste egitura hau ere erabil dezakegu:
NEREA:
Hiruzpalau, lauzpabost, bospasei.
ANDER:
Nik oraintxe bospasei orduko siesta egingo nuke gustura!
NEREA:
Ni ere lo beharrean nago, beraz, hementxe utziko dugu saioa!
ANDER:
Ondo lo egin, Nerea!
NEREA:
Berdin!
Hemen entzun dezakezu 'Gure Insomnioa' podcasta.