

Zuzenean 18:00h - 20:00h
Paraleloan
20:00h - 21:00h
Bilynch
21:00h - 22:00h
Uluka

Trumpek muga-zerga berriak iragarri zituen, eta munduko ekonomia kolokan jarri zuen. Anabasa ikusirik, Trumpek 90 egunez eten ditu muga-zerga ehuneko berriak, baina Txinako produktuen muga-zergak mantendu ditu, eta %145ean kokatu ditu. Txinak, erantzun gisa, AEBko produktuen gaineko muga-zergak %125raino igo ditu. Aipagai konplexua delarik, NAIZ irratian egon da Jon Bernat Zubiri, munduko ekonomia irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean.
Muga-zergak zer diren azaldu du: «Lurreko mugetan zein portuetan produktu bat iristean ordaintzen diren zergak dira». Zerga horiek kobratzeko prozesua izan du mintzagai, eta herrialdeen arteko harremanak «garrantzi handia» duela azpimarratu du.
Zubirik Trump eta bere aholkularien jarrera gaitzetsi du, munduko ekonomia eta politika komertziala «negoziazioan» oinarritzen baitzen Trumpek «aldebakartasuna» bultzatu duen arte. Aldebakartasunaren arrazoiak bi direla aipatu du Zubirik; alde batetik, «berrindustrializazioa»; eta, bestetik, «negoziaketetan boterea lortzea».
AEBko eta Txinako arteko gatazka ere aztertu du, argiki esanez Txinak irabaziko duela borroka hori: «Txina munduko esportatzailerik handiena da, eta AEBak inportatzailerik handiena, ordea». Beraz, Zubiriren hitzetan, Txina da Trumpen mehatxuei aurre egiteko gai den herrialde bakarra.