Zuzenean 02:00h - 04:00h

Zebrabidea (errepikapena)

Oihana Azkue eta Ekhiñe Zapiain

04:00h - 08:00h

Haria 1

Peli Lekuona eta Zaloa Badiola

08:00h - 10:00h

Bigarren Kafea

«Hau ez da historiari buruzko liburu bat soilik»

'Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa' liburua argitaratu du Franck Dolosorrek. «Hau ez da historiari buruzko liburu bat bakarrik; bada historia, baina bada ere aktualitatea», egileak dionez, garai horietan borrokatzera eraman zituen askatasun nahiari erreferentzia eginez.

Audio_placeholder

«Hau ez da historiari buruzko liburu bat soilik»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Franck Dolosor Miguel Arroyo gudariak eman zion munizio kutxarekin.
Franck Dolosor Miguel Arroyo gudariak eman zion munizio kutxarekin. (Naiz Irratia)

Heldu den astelehenean (hilak 14) 80 urte beteko dira, Gernika Batailoiak Pointe de Graveko (Gironda) gudu zelaian sartu zela, II. Mundu Gerraren baitan. 'Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa' liburuak borrokaldi horren parte-hartzaileen berri ematen du. Naiz Irratiraino ekarri du gerra bat galdu ostean, Kepa Ordokiren gidaritzapean, askatasunaren alde eta faxismoaren kontra antolatu ziren 200 lagunen istorioa. Euskal herritarrek une historiko horretan egin zuten ekarpenaren kontakizuna da, gerra garaian bizi izan zutenekoa. Baina badu gaurkotasunetik, Europan eta hemen ere, eskuin muturraren berpizkundea ematen ari den garaiotan, etor daitekeenaren inguruko ohartarazpena delako Franck Dolosorrek idatzitako 'Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa' liburua, baita irakaspen bat belaunaldi gazteentzat ere.

Ezinbestean galdetu behar dizut ekarri duzun metalezko kutxaz. Lehen aldia da halako kutxa batekin norbait gure elkarrizketetara etortzen dela. Zer da?

Miguel Arroyo gudari zendu berriak eskaini zidan. 101 urte beteko zituen laster eta duela zenbait aste hil zen Angelun, bere etxean. Zenbait opari egin zizkidan. Batetik bere lekukotasuna eta hori eskertzekoa da, bere laguntasuna ere eta Gernika Batailoiaren talde argazki bat. Aipatzen dugun liburuaren azala da. Miguel Arroyo Kepa Ordoki komandantearen ondotik ibiltzen zen duela 80 urte eta horrelako kutxak zituzten lasterka ibiltzeko munizioekin.

Etxean dut eta gustatzen zait erakustea eskuin eta ezker hitzaldiak ematea aurkezpenetan edo hemen hedabideetan. Ez naiz batere arma zalea eta hau azkenean gerlaren eta lekukotasun zuzen-zuzena da, bunkerrak ditugun bezala, eskuin eta ezker gure kostaldean. Noizbait emanen dugu, ez dakit toki publiko batean, museo batean edo fundazio batean, baina baldintza bakarra izanen da: denen esku egotea betirako.

Bala asko jasoko zituen kutxa horrek duela 80 urte. Euskaldunek II. Mundu Gerran parte hartu zutelako. Eta Eusko Jaurlaritzaren baitan. Nola definituko zenuke Gernika Batailoia?

II. Mundu Gerran euskaldunek parte hartu zuten, nola ez, Ipar Euskal Herrikoek, hasteko. Eta ikusten da gure herri guzietan, Xiberoan, Baxenafarroan eta Lapurdin badira oroigarriak eta hilen izen deiturak. Nik hortik dut lotura zuzena. Familian hilak izan baikenituen. Espainiak ez zuen gerran parte hartu baina lotura zuzena ere izan zuen naziak laguntzeko eta ederki bizi izan ziren bertzeak bertze, Gipuzkoan. Erbestean zen jaurlaritzak pentsatu zuen euskaldunak biltzea Kepa Ordoki komandantearen inguruan eta agindua eman zioten hari. Biziki interesgarria da batailoi honek zuen aniztasuna. Hori ez da maiz gertatzen gure herrian, gure nazioaren historian. Alde batetik jeltzaleak bistan da, baina sozialistak, komunistak, anarkistak, Eusko Abertzale ekintzako kideak ere bai, komandantea (Ordoki) buru zelarik. Hor bazen batasun bat denak (Jose Antonio) Aguirreren zaleak zirelako. Asmoa zen, batailoi bat sortzea aliatuak laguntzeko, Point de Graven borroka egiteko. Duela 80 urte izan zen, 1945eko apirilaren 14tik 20ra. 

Miguel Arroyo aipatu duzu, Kepa Ordoki ere. Liburu honek baduena da gudari askorekin hitz egiteko aukera izan duzula.

Ohorea da, urrezko orduak. Jendeak erraten du, zuk diamantearekin lan egiten duzu. Nik esaten dut ezetz, balio gehiago duen zerbaitekin ari naiz, jendearekin. Ni berant etorri nintzen gai honetara, duela 10 bat urte. Ordurako pasa ziren jadanik 70 urte, dokumental bat egin nahi genuen eta bi gudari mintzarazi genituen luze eta zabal. Ondotik bertze bi gudari ezagutzeko ohorea izan genuen. Gure dokumentala osoa da, Gernika batailoia zer izan zen aipatzen dugu, baina liburu honek orain aukera ematen du gaian sakontzeko, banatzeko eta bereziki testuingurua lantzeko, Euskal Herria zatituta dagoelako. Bistan da muga hor dela eta orduan ere hor zen. Baina muga euskaldunek jakin izan dugu baliatzen alde batetik bestera pasatzeko. Naziek egin zuten lehen gauza izan zen mugaraino etorri eta Hendaian Frantziako bandera kendu, beren svastika emateko. Gernika Batailoiaren ekarpena hori da; totalitarismoa, diktadurak borrokatzea, Euskal Herrian, etxean, baina baita ere munduko edozein tokitan. 200 gizon ziren, bost gudari hil ziren, 17 zauritu. Ekarpen mugatua, baina ongi erakusten du demokrazia eta askatasuna laguntzeko eta sustatzeko prest zirela.

Ibilbide guzti hori akaso ordezkatu dezakeen gudari bat zen Paco Perez Lusarreta, Jaurrietan jaioa, gero Irunera joana, Bigarren Mundu Gerrarekin Bordele aldera jo zuena, gero Mugalari izateko eta Meliton Manzanasek torturatutako pertsona bat. 

Egia erran, Paco profeta zen. Eta gustatzen zait biziki uztartzen zituela gogoeta biziki sakonak eta umorea. Pacok erraten zigun beti hemen ez dela deus aldatu; Irunen, Gipuzkoan ez da deus aldatu 70 urtez. Nik erraten nion, zenbait urrats egin dira aitzina. Gernikako Autonomia Estatutua, hor dugu, Nafarroa Garaiak ere badu berea. Geroztik, Ipar Euskal Herriak ere zenbait urrats egin ditu aintzina Elkargoarekin. Nik esaten nion, hala ere, Paco, ikusi zuek nondik etortzen zareten. Berak ezetz. 93 urte zituen jadanik eta esaten nion, nik ez dizut kontra eginen Paco, baina esaidazu zergatik horretan gelditzen zaren. Pacoren erantzuna sinplea zen. «Horiek errepublika kendu ziguten. Ez dute sekulan berriz ere ezarri».

Duela 80 urte historiarako une gako bat bizi izan zuen Euskal Herriak. Hori ere ederki asko irudikatzen da Gernika Batailoian, haren funtzio bikoitzean, lehen pausoa zelako aliatuekin ahalik eta harreman hoberena edukitzea ostera Euskal Herria askatu ahal izateko. Baina amaiera ez zen halakoa izan. 

Kolpe ikaragarria izan zen, batetik entzuten duzu duela 80 urte De Gaulle jenerala honakoa erraten: «Frantziak ez du sekula ahantziko euskaldunak egin duten indarra eta sakrifizioa». Baina gauza bera da, euskaldunak beti galtzaile. Azkenean, hitz ederrak. Itunik ez zen, baina zerbait egiten ahalko zuten demokrata gisa, errepublikano gisa. 30 urte gehiago iraun zuen Francoren diktadurak. Hori kolpe ikaragarria izan zen. Eta pertsonalki erraten digute ikusten zutela beren herrialdea zer egoeran zen. Mugan bizi izan ziren denbora luzean. Jaurlaritzak Baionan zuen ordezkaritzan zenbait jantzi banaketa egin zituen. Gudari guzi-guziak joan ziren bila. Gu askatu gintuzten eta gero gaizki pasa zuten. Zer ikusi zuten? Zer jasan zuten? Egin zuten egin behar zutena, ederki egin zuten eta horregatik gogoratzen ditugu orain. Hau ez da filma, irratsaioa edo liburua. Hau omenaldia da. Hau ez da historiari buruzko liburua bakarrik, bada istorioa, baina bada aktualitatea.

Jaurlaritza Logoa