Zuzenean

Bigarren Kafea

«Komunikabideek kontatu dute Bidasoan zer gertatzen den, baina badirudi ez dela iristen»

'Faisaien Irla' pelikula apirilaren 23an iritsiko da zinema-aretoetara. Errealitatetik dena duen fikzio honetan, Asier Urbietak Bidasoan muga gurutzatzen saiatzen diren pertsonen egoera plazaratu du. 

Audio_placeholder

«Komunikabideek kontatu dute Bidasoan zer gertatzen den, baina badirudi ez dela iristen»

Loading player...

«Zenbat pertsonak gurutzatzen dute muga egunero? Edozein izan zitekeen» dio 'Faisaien Irla' pelikulako pertsonaia batek. Edozein horrek, izena du ordea. Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby), bikote bat, Faisaien irlaren aurrean paseatzen ari dira. Bat-batean, bi pertsona ikusten dituzte ibaia igerian zeharkatzen, beste aldera iristen saiatzeko. Egun batzuk geroago, hilotz bat agertuko da uhartearen subiranotasun-truke unean. Nor arduratzen da? Eta gu, arduratzen al gara? 

Hausnarketarako aukera anitz ematen dizkigu Asier Urbieta zinemagilearen pelikulak. Mundua ez da egun batetik bestera aldatzen. Baina aldatzen da? «Pixka bat beti aldatzen da, gure ekintza orok aldatzen du zerbait beti. Hor dago koxka, indibiduotik gauzak egin ala kolektibotik» esan digu Jone Laspiurrek. Horixe bera dio zuzendariak, «beti dago aldatzeko aukera, egiten dugun guztiak du eragina etorkizunean eta horregatik egiten dudu egiten duguna».

Bikote bat du protagonistatzat pelikulak, baina haratago, Bidasoa ibaia zeharkatzeko saiakeran hil diren migranteak ditu hizpide. «Gizakiak sortu du muga bat bertan, eta horrek oso ondorio tragikoak dauzka; komunikabideek kontatu dute zer gertatzen den, baina badirudi ez dela iristen».

Laidak eta Sambouk desberdin erreakzionatzen dute gertakari baten aurrean. «Pelikulak daukan gauza interesgarrienetako bat ikuslea zuzenen apelatzen duela da: nor zara? zeinekin enpatizatzen duzu?» uste du Laspiurrek.

«Artetik jendea ari da gerturatzen istorio honetara, era emozionalagoan eta espero dugu zerbait pixka bat aldatzea» kontatu digu zuzendariak. Grabaketa prozesuan bertan, topo egin dute errealitate horrekin, poliziak Sambou geratu zuenean, adibidez. «Errealitate hori nik ez nuen ezagutzen, kolpea izan zen eta ardura handia izan da hori kontatzea» esan digu Diabyk. 

«Pertsonaia bat dago Gari Garaialderengan inspiratuta, bereziki berak egiten duen lanean eta Gari dokumentazio iturri garrantzitsua izan da guretzako». Grabaketaren bitxikeriak kontatu dizkigute, pelikula aletu dugu, eta hausnartzeko tartea ere izan dugu Bigarren Kafean. 

 

Jaurlaritza Logoa