Zuzenean

Laneko osasunaren eguna dela eta, CCOO sindikatuak mobilizazioak eta batzarrak abiatu ditu EAEko hiriburuetan. Gaurkoan Donostian izan dira ‘Bajan egotea ez da absentismoa, langileen kriminalizazioari ez’ lelopean. Alfonso Riosek, CCOO sindikatuko osasun arduradunak, patronalari eta zenbait hedabideri absentismo hitza «langileak prekarizatzeko» eta «gizartea polarizatzeko» erabiltzea leporatu die.
Medikuek ematen dituzten bajak langileen «eskubidea» direla gogorarazi du, «ez dituzte oparitzen». Absentismo terminoa hedatu izanak «langileria eta osasun sistema publikoa bera zalantzan jartzen» dutela salatu du. Riosek lan istripuen kopurua izan ditu hizpide: «Lan istripuak prekarietatearen ondorio zuzena dira». Beraz, patronalaren jarrera kritikatu du, «arduragabea» dela aitortuz.
Sindikatuek Hego Euskal Herrian proposatutako lanbidearteko gutxieneko soldata propioaren proposamena babestu du: «Apustu handia egin dugu gai honetan». Negoziazio mahaiatik altxa izana aurpegiratu dio Confebaski, eta Eusko Jaurlaritza interpelatu du: «Eusko Jaurlaritza honetan inplikatu behar da».