Zuzenean
«Agroekologiak hirian ere lekua izan dezake»
EHNE Bizkaiak antolatutako Emakumeentzako Bigarren Eskola Agroekologiko Feminista martxoaren 11tik apirilaren 10era egin da. Maiatzean ere badituzte zenbait ekimen baina, lehen fasea bukatu den honetan, gurera ekarri nahi dugu Aran Ruiz Ferrerasen esperientziaren bidez.

«Agroekologiak hirian ere lekua izan dezake»

Landa eremuan bizi da Aran Ruiz Ferreras, herri txiki batean. Albaitaria da ogibidez eta urtetan ibili da landa ingurunean lanean. Jakintza horretatik hurbildu da eskola agroekologikora.
Zer motibaziorekin hartu duzu parte eskola agroekologiko feministan?
Batez ere, agroekologiari buruzko ikasteak eta antolatuta dagoen zerbait banatzeak interesatu ninduen. Batzuetan, arlo honetan zaila da aurkitzea feminismoaren ikuspegitik egindako lanketak eta, horrek, interesa sortu zidan.
Landa-eremua eta feminismoa. Literatura handia gaiaren gainean baina oraindik ez ditugu elkarrengandik daudena bezain gertu ulertzen?
Kontu jakina da, ikusi den eredua, batez ere, gizonena izan da eta emakumeak atzean gelditu dira, gutxienez, ikusgarritasunean. Baina feminismotik agroekologia begiratzea beharrezkoa da.
Hilabetez, astean bitan elkartu zarete arlo teorikoak eta praktikoak lantzeko eta apirilaren 10ean izango duzue azken atal praktikoa. Ondoren, maiatzean zehar, Txokoak izango dituzue. Zer da hori?
Nik ez dakit nola antolatuko duten baina, uste dut ostegunetan tailer praktiko modukoak izango direla, imajinatzen dut oso praktikoak. Gero, denbora utzi dute eskolan gaudenon artean pentsatzeko gure artean zer interes izan ahal ditugun eta zerbait prestatu ahal izateko.
Agroekologia ez da lurra lantzeko teknika soilik, ildo estrategiko bat da gizartea antolamendurako. Hori bistakoa izan da lurra nola lantzeaz gain, beste aspektu batzuk landu dituzuelako, antolaketa eta talde-lana, esaterako.
Lanketa hori oso interesgarria eta ona izan da. Azkenean, eskolara apuntatu gara eta ez zegoen oso argi egun bakoitzean zer egingo genuen eta, hori, oso interesgarria izan da, azkenean, taldearen inguruan pentsatzeko aukera izan dugulako. Astearteetan, adibidez, teoriaren ondoren, beti izan ditugu solasaldiak eta debatea sortzeko aukera. Niretzat hori interesgarria izan da, batez ere, besteen ikuspuntuak ulertzeko aukera delako eta gure artean antolatzeko bide ona izan delako.
Interes desberdinetako partaideak izan zarete, beraz.
Agian, une honetan aktibo dauden baserritar gutxi izan ditugu baina nahasketa ona egon da. Hiritik etorri den jendea eremu desberdinetatik etorritakoak… hortik ere atera ditugu gauza onak.
Agroekologia hirian ere txertatu daitekeenaren erakusgarri izan daiteke hori?
Eskolan dauden pertsona batzuk interes hori izan dute eta garrantzitsua da, zeren, agroekologiak hirian ere lekua izan dezake.
Edukiak EHNE Bizkaia eta Etxalde mugimenduko emakume baserritarrek emango dituzte gehienbat. Nolakoa izan da formatzaile lanetan baserritar profesionalak izatea eta eta ez dibulgaziora edo irakaskuntzara dedikatzen diren langileak?
Ezberdintasuna dator, batez ere, praktika aldetik. Praktika ez lan egiteko moduari dagokionez, baizik eta errealitatearen ikuspuntutik. Hori nahiko positiboa izan daiteke agroekologiaren gainean hitz egiten dugunean. Batzuetan, ikuspuntu oso teoriko eta polit batetik lantzen da landa eremua eta eskolara errealitatean bizi izan dituzten gauzak ekartzea oso ekarpen interesgarria izan da.
Eskola agroekologiko feministaren ondoren, hazi al zaizu gaia lantzen jarraitzeko interesik?
Lehen egunean esan zuten: «Hemendik pasa eta gero izango duzue hor zerbait bueltaka». Eta, egia da grina irteten dela beste modu baten bizitzeko eta beste aukera batzuk badaudela ikusteko.