Zuzenean

NEREA:
Kaixo, Ander, zer berri?
ANDER:
Zaharrak berri!
NEREA:
Hitz egin dezagun gaurkoan musikaz! Zuk oso gustuko duzu, ezta?
ANDER:
Oso, bai. Esnatu bezain laster, musika ipintzen dut. Nire esnatzeko kafea da!
NEREA:
Zein hizkuntzatan entzuten duzu normalean?
ANDER:
Denetarik entzuten dut. Duela uste asko batez ere ingelesez entzuten nuela esango nuke. Baina gaur egun euskarazko musikan dagoen aniztasunari esker, horixe da nire aukera.
NEREA:
Eta ezagutzen al duzu Ezezez talde bizkaitarra?
ANDER:
Ezagutuko ez dut ba! Euren Katuzaldia disko berria erosi nuen pasaden urteko Durangoko azokan.
NEREA:
2022an sortu zen taldea, eta Unai Madariaga izan da bere sustatzaile nagusia. Eneko Ajangiz gitarrajole eta ekoizlea unibertsitatean ezagutu zuen arren, 2022ra arte ez zuten elkarrekin musika talde bat osatzeko erabakiahartu.
ANDER:
Unibertsitate garaian burua beste lekuren batean izango zuten biek!
AUDIOA - Unai Madariaga
NEREA:
Lehen diskoarekin alderatuta, bi ezberdintasun nabarmendu ditu Iker Gurrutxaga kazetariak elkarrizketan.
ANDER:
Batetik, azken diskoaren izenburua laburra izatea, Katuzaldia, lehenengoarena oso luzea zen bitartean: The Living and Dying of a man.
NEREA:
Eta bigarrena, abestiak egiteko aukeratutako hizkuntza. Izan ere, euren lehen diskoan ingelesez aritzen baziren ere, azkeneko honetan euskaraz egitea erabaki dute.
ANDER:
Hementxe azaldu du Unaik zergatia.
AUDIOA - Unai Madariaga
ANDER:
Gure kulturgileei askotan egiten zaien galdera izaten da honakoa: Zergatik egin duzu antzezlana gazteleraz? Zergatik idatzi duzu liburu hau gazteleraz eta ez euskaraz? Musikariekin ere gauza bera gertatu ohi da.
NEREA:
Badirudi kosta egiten zaigula onartzea euskalduna den artista batek euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzea bere artea zabaltzeko.
ANDER:
Azken batean, norberaren hautu bat da.
NEREA:
Kalean ere halaxe egiten dugu denok! Batzuetan euskaraz, besteetan gazteleraz...
ANDER:
Unaik emandako erantzunari helduz, kasu honetan berak erabaki omen du euskaraz abestea.
NEREA:
Hori adierazteko, «nik neuk hartu dut erabaki hori» esan du.
ANDER:
Adibide honetan, erabakia nork hartu duen galderari erantzuteko erabili du nik neuk.
NEREA:
Horrexegatik dago aditzaren aurrean, galdegaia delako.
ANDER:
Nik neuk erabili beharrean, neronek ere erabil dezakegu: neronek hartu dut erabakia.
NEREA:
Kontrakotasuna adierazteko ere erabili ohi dugu. «Zeuk esan zenuen hori, ez beste inork».
ANDER:
Esaldi horretan esandakoa «zuk eta ez beste inork esan zenuela» adierazi nahi dugu.
NEREA:
Unairen adibidean, erabakia bere kabuz, berak bakarrik hartu duela adierazteko erabiliko genuke.
ANDER:
Ekintza nork egin duen adierazteko, baina garbi uzteko, nolabait ere.
NEREA:
Askotan, horrelako esaldi desegokiak erabiltzen ditugu: «ni pertsonalki ez nator bat zuk diozunarekin».
ANDER:
Zuzena «ni neu ez nator bat zuk diozunarekin» izan beharko litzateke.
NEREA:
Gazteleraren eraginez egiten ditugu halako akatsak.
ANDER:
Aitortu behar dugu, guk geuk ere horrelakoak egiten ditugula zenbaitetan.
NEREA:
Baina zuzen hitz egiten saiatzen gara beti.
ANDER:
Zerorrek esan duzu pertsonalki!
NEREA:
Adibide bat jartzeko besterik ez zen. Horixe da hain zuzen, gaur ikasi duguna.
ANDER:
Pertsona galdegaia denean, indartzeko ni neu, zu zeu, guk geuk eta halakoak erabiliko ditugu.
NEREA:
Gu geu izan gara mezu hori zabaldu dugunak.
ANDER:
Nik neuk hartu nuen zu kontratatzeko erabakia.
NEREA:
Eskerrik asko erabakia hartzeagatik! Oso pozik nabil hemen lanean!
ANDER:
Nerea, adibide bat besterik ez zen! Nik zoritxarrez ez dut horrelako botererik oraindik!
NEREA:
Tira, ziur egunen batean izango duzula!
ANDER:
Tira, hemen agurtu beharko dugu gaurko saioa!
NEREA:
Pena, baina hala da, agur!
Hemen entzun dezakezue EZEZEZ taldeko Unai Madariagarekin izandako solasaldia. Eta hemen EZEZEZ taldearen kantu bat, ea gustatzen zaizuen!