Zuzenean

«Ez da jaso beharko genukeen zapalkuntza bat, espero genuena baino larriagoa da egoera»

Ireki Lei(h)oa Euskarari, Leioako Campuseko Euskara Taldeak, ‘Hautazkoak Euskaraz’ aldarri duen dinamika martxan du, eta horri jarraiki Bertso Afaria antolatu du 7Katu Gaztetxean, apirilaren 10erako. Honetaz mintzatzeko, NAIZ Irratian izan dira Leire Mihura eta Ihintz Diaz de Gereñu, taldeko kideak.

Audio_placeholder

«Ez da jaso beharko genukeen zapalkuntza bat, espero genuena baino larriagoa da egoera»

Loading player...
Leire Mihura eta Ihintz Diaz de Gereñu, Ireki Lei(h)oa Euskarari-ko (ILE) kideak
Leire Mihura eta Ihintz Diaz de Gereñu, Ireki Lei(h)oa Euskarari-ko (ILE) kideak (NAIZ Irratia)

Ikasle borroka eta euskararen aldeko borroka, hamarkadetan zehar emandako aurrerapausoei jarraiki, indartsu jarraitzen duten bi borroka dira. Hainbatetan elkarrengandik edan, eta helburu berberari leku desberdinetatik ekarpena egiteko gai izan diren bi borroka. Horren islada dira ‘Ireki Lei(h)oa Euskarari’ (ILE) bezalako, unibertsitateetako euskara taldeak. 

2022an taldea sortu zenetik, hezkuntza euskaldun baten helburuari heldu, eta hainbat dinamika eraman dituzte aurrera. Izan ere argi dute zein den haien helburua: «Euskaraz ikasteko dugun eskubidea defendatzea. Gure eskubideengatik euskaldun gisa borrokatzea».

Oraingo honetan, hautazkoei heldu diete ‘Hautazkoak Euskaraz’ lemari jarraituz. Leire Mihura eta Ihintz Diaz de Gereñu taldeko kideek argi dute unibertsitateak ez dituela ikasleak euskalduntzen, eta egunerokoan euskararen aldeko apustu falta nabaria dela. Kasu honetan, hautazko ikasgaietan ikusi dute arazo nagusietako bat, izan ere, euskarazko graduetan matrikulatuak egonda ere, askotan ezinezkoa baita ibilbide osoa euskaraz egitea, nahiz eta kontrakoa saltzen duten. «Ni adibidez Nafarroatik nator, eta guk badakigu NUPen euskararen egoera oso kaskarra dela. Hona etorri eta nahikoa harrituta geratu naiz, euskararen aldeko beste jarrera bat espero nuelako» azaldu du Leire Mihurak.

Ikasleek argi nabarmendu dute irakasleen euskara maila ere «eskasa» dela batzuetan, eta material akademikoaren egoera «kezkagarria». «Euskarazko graduetan gaude eta materiala askotan gaztelaniaz da. Iparraldeko ikasleentzat, adibidez, zapalkuntza bikoitza da».  

Horrez gain, hautazko irakasgaietan euskaraz ikasteko dagoen aukera mugatuaz ere mintzatu dira: «Euskarazko graduetako hautazkoen ia %40a ezin da euskaraz egin, 142 dira euskaraz egin ezin diren hautazkoak. Arte ederretan %52a ezin da euskaraz egin, erdia baino gehiago da hori. Zientzietan eta Lan Harremanetan %50a, Zuzenbide fakultatean %40a eta GKZ eta Hezkuntzan %25a».

Euskararen aurkako jarrera orokorrago batekin lotu dute unibertsitateko egoera, hezkuntza gizartearen isla dela azpimarratuz. «Gizartean jarrera euskarafoboak ikus ditzakegun moduan, hezkuntzan ere bai».  

Mobilizatzen jarraitzeko asmoa

Honen aurrean, ILEk mobilizatzen jarraitzeko asmoa argi erakutsi du eta horren barruan kokatzen da apirilaren 10ean 7Katu Gaztetxean egingo den Bertso Afaria ere. Bertan, Beñat Zeberio, June Diaz eta Haira Aizpurua arituko dira bertsotan. Sarrerak Errondabide tabernan eskuragarri daude, baina antolatzaileek azkar ibiltzeko gomendioa luzatu dute.

Jaurlaritza Logoa