Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Geure burua/Neure burua

[1x24] Ikasgaia: Geure buruari. Geure burua/Neure burua.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Geure burua/Neure burua

Loading player...
Maite Larburu
Maite Larburu (Maite Larburu)

ANDER:
Kaixo, Nerea.

NEREA:
Egun on, Ander.

ANDER:
Galdera bat egin nahi nizuke: gizarteak nolakoak izan behar dugun zehazten duela esango zenuke?

NEREA:
Jakina! Patroi batzuk bete ezean, gizartetik kanpo gaude, «arraroak» izango gara.

ANDER:
Eta zuk, non kokatuko zenuke zeure burua?

NEREA:
Ni? Gizartetik kanpoko pertsona horien taldean!

ANDER:
Nik ere baditut nire zalantzak, eta Maite Larbururi entzundako elkarrizketak sortu dit gai honen inguruan hausnartzeko gogoa.

NEREA:
Ziur berak ere, gizarteak ezarritako normaltasun horretatik kanpo kokatzen duela bere burua, ezta?

ANDER:
Bai. Asko gustatu zait elkarrizketan zehar erabili duten txakur berdea kontzeptua.

NEREA:
Arraroa baino egokiagoa da agian.

 

AUDIOA - Maite Larburu


ANDER:
Behin baino gehiagotan esan du Maitek nire burua, berari buruz hitz egiteko.

NEREA:
«Nere buruarekin bizi naiz, nere burua harrapatzen det».

ANDER:
Horrelakoetan, neure buruarekin eta neure burua erabiltzea izango litzateke egokiena.

NEREA:
Adibidez: ez zenuke zeure buruarekin hain gogorra izan behar.

ANDER:
Alderantziz, geure burua maitatu eta gehiago zaindu beharko genuke.

NEREA:
Elkarrizketan interesgarria iruditu zait Maiteren lagun psikologo batek aipatu ziona. Askotan beregana terapia bila joaten den jendeak antzeko zalantzak eta beldurrak izaten omen ditu; eta, hauetako asko, geure buruari ezartzen dizkiogun arau edo espektatibekin lotuta daude.

AUDIOA - Maite Larburu

ANDER:
«Bere burua identifikatzeko zeukaten arau hori hausten denean, nor naiz? »

NEREA:
«Identifikazio guzti horiek, gure buruari jartzen dizkiogunak horiek huts egiten digutenean agian galduta sentitzen gara».

ANDER:
Azken esaldi honetan, geure buruari esan beharko genuke, izenordain indartua erabili.

NEREA:
Maitek ederrena hor egon daitekeela aipatzen du. Galduta sentitu beharrean, identitate berri bat eraikitzeko aukera ematen zaigula eta hori probestu beharko genukeela esaten du.

ANDER:
Hala ere, nik uste dut gehienetan gu geu izaten garela geure buruarekin gogorrenak, eta seguru asko atentzioa hor jarri beharko genuke.

NEREA:
Txakur berdea izatea ere ederra da! Arauetatik atera eta nork bere bidea bere kabuz egitea.

ANDER:
Ziur gutaz horixe esango dutela, txakur berdeak garela.

NEREA:
Gutaz mintzatzen direnean ohikoa izango da komentario hori, bai, baina ni harro nago neure buruaz.

ANDER:
Baita ni ere!

NEREA:
Ezberdina denari beldurra izaten zaio askotan, eta horregatik bakarrik estigmatizatu egiten da, baina ederra da geure ametsak eta nahiak jarraitzea.

ANDER:
Nahiz eta horrek askotan ingurukoen esamesak eta begiradak ekar ditzakeen.

NEREA:
Ni, Maite bezala, askotan saiatu naiz arau normatibo horietan sartzen, baina alferrik izan da. Ni neu izateariuzten badiot, nire esentzia bera galduko baitut.

ANDER:
Maita dezagun geure burua behar eta den bezala!

NEREA:
Inori minik egiten ez diogun bitartean, izan gaitezen gu geu!

ANDER:
A zer ikasketa gaurkoa, Nerea!

NEREA:
Bai, euskaraz harago jo dugu! Baina euskarari dagokionean ere ikasi dugu, ezta?

ANDER: .
Jakina! Norbaiti buruz mintzatzen garenean neure burua, zeure buruari, geure buruarekin bezalakoak erabiliko ditugu eta ez nire burua, zure buruari edota gure buruarekin.

NEREA:
Horixe! Eta esan bezala, zain dezagun denok geure burua!

ANDER:
Agur!

Jaurlaritza Logoa