

Zuzenean 10:15h - 11:00h
MusikHaria
11:00h - 13:00h
Haria 2
13:00h - 14:00h
KirolHaria

Martxoan 335 langile kale gorrian utziko dituen Enplegu Erregulazio Espedientea iragarri zuen Bridgestone pneumatiko ekoizle ospetsuak Basauriko lantegian. Erabakia, edo honen tamaina behintzat, harriduraz hartu dute plantillan, nazioarteko merkatuen egoeraz jakitun izan arren, ez zituztelako espero halako neurri tramatikoak: justifikaziorik gabekoak direla argi dute eta bazirela langileekiko hain gogorrak izango ez ziren irtenbideak. Testuinguru honetan deitu ditu enpresa batzordeak hiru greba egun (apirilak 8,11 eta 15). Lehen egunean, erabatekoa izan da jarraipena langileen arabera, ekoizpena eteteraino. Soilik zuzendaritzako kide batzuk sartu dira eraikinean astearte honetan, Ertzaintzaren babespean.
Egoera zail honetatik ateratzea lortu nahi badute, batasunetik egin beharko dutela dio Igor Mena CCOOko ordezkariak, «legeak euren alde daudenez, guri bakarrik gelditzen zaigu borrokatzea». Eta batasun bera aldarrikatzen du Menak Bridgestonek Kantabrian duen lantegiko beharginekiko, bi plantillen arteko mobilizazioak uztartzeko aukera baztertu gabe, «agian egun bat hemen eta bestea han, egunero egoteko gureaz hizketan».
Kantabriako lantegian kamioientzako gurpilak ekoizteari utziko diote, soilik nekazaritzako ibilgailuenak ekoizteko. Bertan langileen %50 kaleratu nahi dituzte. Badirudi dena den, lantegi hauen ekoizpenaren zati bat Poloniara eraman nahi duela multinazionalak. «Esaten dute merkeago dela eta langileak merkeagoak direla hemen baino», azaldu du ELA sindikatuko Iker Gabilondok. «Eurek nahi dutena errentabilitatea da bakarrik», gaineratu du.
Enpresaren argudio nagusia, lehiakortasun faltarena da Menak dionez, koiunturala zen egoera bat, egiturazko bilakatu dela, «eurek diotena da Bridgestonen merkatua gero eta murritzagoa dela, salmentak datozen urteetan ere baxuak izango direla, hori ez dela irauliko eta neurriak estrukturalak izan behar direla». Asiatik datozen eta merkeagoak diren pneumatikoen hazkundearen eragina ulertzen dute langileek, baita akaso moldaketak egin behar direla ere. Baina onartezina deritzote halako erabaki bat hartzea, lantegi honen jarduera posible egin duen gizartean izango lukeen eragina neurtu gabe.
Gabilondok zehaztu duenez, «831 langile gaude. Ez digute esan nondik gura duten hasi edo zelan. Bakarrik dakigu 335 joango direla kalera, baina ez dakigu zelan egingo duten. Ez dakigu ezer ez». Horrexek markatu baititu ere azken asteak, zuzendaritzatik jaso duten informazio eskasa. Susmoa dute plantillan ez ote duen erabakia hartu jada zuzendaritzak eta zailtasun ekonomikoena aitzakia bat baino ez den ekoizpenaren zati bat gelditzeko. Ez baitituzte ahazten Bridgestoneko langileek, Guardian, BSH edota SDA kasuak, besteak beste.
Lakuako eta gainontzeko erakunde publikoengan langileak entzuteko borondate sumatu dute, baita beraien egoerarekiko sentsibilitatea ere. Eta aurrean duten enpresaren tamaina ikusita, babesa da eskatzen dutena; Bridgestoneko langileen eta eskualdearen alde, «gehiago egiteko», horixe da Iker Gabilondok erakundeei egiten dien eskari sinplea.