

Zuzenean 11:00h - 13:00h
Haria 2
13:00h - 14:00h
KirolHaria
14:00h - 16:00h
Zebrabidea

Bere ibilbidearen amaiera iragartzearekin batera, Euskal Errepublikari babesa adierazteko 101 mozio erregistratu zituen Ehun Mugimenduak beste horrenbeste udaletan. Alkizako Udalbatzak eman du urratsa, aho batez gainera, eta ondorioz Plentziako Udalak garaian emandakoari batuta, Euskal Errepublika independente baten parte izan nahi duela adierazten duen bigarren udalerria da Alkiza, Ehunek mozio hauek erregistratzen hasi zenetik.
Urrats sinbolikoa bai, baina beharrezkoa Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkatearen arabera, gaur egungo testuinguruak erakusten baitu, burujabetasunik gabe, nekez gainditu ahalko direla sistematikoak diren betoak. «Une honetan Espainia eta Frantziaren menpe ez gara gure erabakien jabe», dio Akizako alkateak, «horretarako Euskal Errepublika behar dugu», ondorioztatu du. Zentzu honetan, eta aldarrikapen nazionala, testuinguru geopolitikoan txertatzeko, Irazabalbeitiak zehaztu du, «EBren egungo arkitektura instituzionala eta agintean daudenak», gustukoenak ez izan arren, beraiek defendatzen duten errepublika burujabe hori, «Europaren testuinguruan kokatu behar dela» defendatzen dute Alkizan.
Irazabalbeitia alkateak eta haren udal gobernuak ongi asko ezagutzen dute errealitatea, onartu duten mozioa «aldarrikapen hutsa» dela; are gehiago Irazabalbeitiaren arabera, «momentu honetan nekez ikusten dut indarra gure gizartean horrelako mugimendu indartsu bat Euskal Errepublika lortzearen alde». Baina hain zuzen, gaur egungo norabidea iraultzeko, «aldarrikapenak egin behar dira», antolatzen jarraitzeko ostera.
Uste du Alkizako alkateak, Euskal Errepublika, alegia, euskal herritarren burujabetasuna dela gero eta indartsuago azaleratzen ari diren oztopoei aurre egiteko bidea. Zentzu honetan, oztopo horien isla diren bi eredu aipatu ditu Iñaki Irazabalbeitiak, «bata da oldarraldi judiziala deitzen den hori, hau da, euskararen normalizazioan pausoak ematen ditugun bakoitzean, edo askotan behintzat, hor agertzen da Espainiako botere judiziala mugak jartzen eta nolabait gure herriaren euskalduntzea oztopatzen. Eta beste bat oraindik orain gertatu dena. Jaurlaritzak (atzerriko) unibertsitate tituluak homologatzeko eskumena hartu du konstituzioaren barruan adostuta. Gorenak beste interpretazio bat egin du konstituzioarena eta eskumen hori bertan behera utzi du. Horrek erakusten du zeintzuk diren egungo arkitektura instituzionalaren mugak».
Ehunen amaiera
Euskal Errepublikaren, bertako herritarren burujabetasun eta duintasunaren alde lan egiteko sortu zen Ehun Mugimendua. Aipatu 101 mozioak aurkeztu eta bultzatzea izan da euren azken ekarpena gizarteari, euren ibilbidearen amaiera iragarri aurretik. «Pena», eragin dio Alkizako alkateari Ehunen agurrak, batez ere hain beste lan egin ostean eta gizarteak gaur egun gai honen inguruan dituen lehentasunez nolabaiteko kritika egiteko baliatu du aukera, «ez da seinale ona nola gauden momentu honetan gure herrian burujabetasunaren borrokaren bide horretan».