Zuzenean 08:00h - 10:00h

Bigarren Kafea

10:00h - 10:15h

Haria 2 aurrerapena

Oinatz Aizpuru

10:15h - 11:00h

MusikHaria

Iker Gurrutxaga

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria

«Nire bizitzaren puzzlea osatzen duten piezak dira kantuak»

40 urte oholtzan bete berri,  bere ibilbidearen arrastoan eraman gaitu Jon Maiak 'Paraleloan'. Bertsolaritza zer zen  jakin gabe botatako lehen bertso hartatik, azken geltokia zapaltzear den 'Kantu berri bat gara' proiekturaino.  Jon Maia, euskal jendarte proletarioaren taupada hitz bilakatuta.

Audio_placeholder

«Nire bizitzaren puzzlea osatzen duten piezak dira kantuak»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Jon Maia
Jon Maia (NAIZ Irratia)

Iparrik gabe nortera, oin zailduen pausoan, bihotz urratuen nekea soinean etorri ziren haien biloba. Milaka kilometrotako bidaian pilatutako hauts, izerdi, malko eta irribarre estuen biloba. Bizi eta hiltzeko, hil arte bizitzeko bizitoki bila etorri ziren haien biloba. Hitzaren maitale. Hizkuntzaren malabarista. Herri honen taupadaren diapasoia. Garenaren kronista proletarioa.
40 urte bete ditu oholtza gainean Jon Maiak. Bertsoa izan zen lehenengo aldi hartan aitzakia, bertsolaritza zer zen oraindik erabat ulertzen ez zuen nerabe herabea eskolarteko txapelketa batean. Oraindik gazteleraz pentsatzen zuen emigrante espainolen biloba. Inpostore sindromearen itzalean, etzi eta etsi bertso oinak bereizten ez zekien arren, paradoxa, etsi ez zuena. Osatu zuen, bota zuen bertsoa.
Urte batzuk beranduago Anoetako Belodromoan, milaka entzuleren larruazala oilo ipurditan jarri eta begiak malkotan busti zituen bertso hartarako lehen urratsa. Abuela eta abuelori eskainitakoa. Euskaraz pentsatzen zuen jada. Eta euskara izan da bere historia eta istorioen errelatorako gaia eta bidea. Bere intimotasunetik, biluzik abesten du Jon Maiak, izan bertsoaren bidez, izan kantugintzan, izan dokumentalen bitartez. Zaurgarri izan zitekeen biluztasun horrek berak eraman du entzuleriaren bihotz- arimak konkistatzera. Bere hitzetan, bere bizitzaren puzzlea osatzen duten piezak dira bere kantuak. Ez da osatzen duten puzzle bakarra baina. Jon Maiak denok kantatzen, denok kontatzen gaitu.
Eta hori egin du lau hamarkada hauetan, adierazpide desberdinak hartu dituen sormen iturri agorrezinari gorputz desberdinak emanez. 'Kantu berri bat gara' proiektua izan da azkena. 'Kantu bat gara'-ren oinordeko naturala. Beste musikarientzat egindako hitzak berera ekarri zituen 'Kantu bat gara'-n. Kantu propioak egin ditu ordea 'Kantu berri bat gara' proiekturako. Bere proiekturik pertsonalena izan da. Euskal Herriaren luze-zabalean barna emanaldi hunkigarri andana oparitu dizkiona. Silvio Rodriguez euskaraz entzuteko ametsa egi bilakatzeko aukera eman diona.
Proiektu bat abiatzea baino zailagoa den unea iritsi da baina: amaiera noiz eta nola eman erabakitzekoa. Are nekezagoa, funtzionatzen duenean, oraindik irriak, malkoak, emozioak borborka jartzeko gai denean... baina hori da dotorezia keinurik eta dotoreena. Goian amaitzea. Amaitua izan aurretik amaitzea.  Eta ‘Kantu berri bat gara’ udaberri honetan amaituko da.  Aurrez pasako da Elizondotik apirilaren 19an, eta Iruñeko Baluarte auditoriotik apirilaren 24ean.  Azken geltokia maiatzerako nahi lukete lotu, burokraziaren itsasoak zer olatu ekarriko zain daude baina azken hitzordu hori iragartzeko.
Plazer bat Jon Maia ‘Paraleloan’ izatea, laster ikusi eta entzungo garelakoan, ahal bada ... San Telmo-ko aldean.

Jaurlaritza Logoa