Zuzenean

NAIZ Irratia

«Urte luzeetan lotsa egon da gai guzti hauen inguruan»

Bi urte luzetan ondutako 'Olaberria 1936-1945' liburua kaleratu du Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari Maria Laespadak. 1936ko estatu kolpean eta frankismoaren hasieran olaberritarrei gertaturikoak kontatzen ditu. Garai hartara gerturatu da Naiz Irratira historialariaren eskutik.

Audio_placeholder

«Urte luzeetan lotsa egon da gai guzti hauen inguruan»

Loading player...
Maria Laespada historialaria, liburuaren aurkezpen batean.
Maria Laespada historialaria, liburuaren aurkezpen batean. (Aranzadi Zientzia Elkartea)

Euskal Herriko, herri eta hiri askoren antzeko patua jasan zuen Olaberriak, 1936ko gerran eta atzetik etorritako gerraostean. Baina beste toki askotan bezala, luzaz baztertuta eta ia ezkutatuta izan zen garai mingarri hartako kontakizuna; sarritan etxeko lau hormen artean gelditu zen testigantzan, beste batzuetan etxean ere ez zuten gertatutakoaren inguruko informazio gehiegirik hurrengo belaunaldiek. Orain, herritarren memoriari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari esker, urte latz horietan jasandakoa bilduta gelditu da Olaberria 1936-1945 liburuan. «Urte luzeetan lotsa egon da gai guzti hauen inguruan», azaldu du Maria Laespada Aranzadiko zientzalariak, «eta hori pairatu zutenek ere, ez zuten kontatu nahi», gaineratu du.

Izan ere, frankisten arrakasta nagusia ez zen gerra irabaztea soilik, baizik eta galtzaileei galtzaile izaera inposatzea 40 urtez, Laespadaren arabera, «modu sistematikoan giza eskubideen aurka joan zelako diktaduran zehar, zehatzean emakumeen eskubideen aurka are gehiago». Iturri ofizial gutxirekin, herritarren testigantzak izan dira giza eskubideen urraketa sistematikoaren berri jasotzeko modu bakarra. Olaberrian ezagutu zituzten «ile mozketak», «errepresio ekonomikoa» edota «erbestea», Aranzadiko historialariak dionez.

Nafarroatik gertu izanda, Beasain eta Ordiziako gune industrialetatik gertu gainera, azkar hartu zuten (1936ko uztailaren 26) Olaberria, Lizarratik Sakanarantz egin zuten lehen tropa tradizionalistek, handik Gipuzkoako Goierrin sartzeko. Denbora gutxi izan zuten Olaberriako herritarrek antolatzeko, eta hala ere batzuk «herriaren defentsan» jarduteko denbora izan zuten. Ez da ahaztu behar ordea, txanponaren beste aldea, izan zelako erregimen autoritarioari ongi etorria eman zionik ere. Garai hartako landa guneko herri askoren isla zen Olaberria; bi korronte politikok zuten bertan presentzia: euskal nazionalismoari atxikitako jeltzaleak eta tradizionalismoari lotutako karlistak. «Modu demokratikoan hautatutako udalbatza kendu zuten frankistak heldu zirenean herrira eta haren ordez ezarri zuten bestelako udal gobernu horretan. Mantendu ziren bakarrak izan ziren karlistak», ekarri du gogora Maria Laespada historialariak.

Jaurlaritza Logoa