

Zuzenean 11:00h - 13:00h
Haria 2
13:00h - 14:00h
KirolHaria
14:00h - 16:00h
Zebrabidea
«Monolaborantza ez da garapen jasangarri bati zuzendutako landaketa mota»
Lakuak 2024ko Baso Mapa argitaratu du. 2005ean, 2016an eta 2020an ere argitaratu zuen dokumentua izanik, baso eta landaketen eta espezieen bilakaera aztertzeko aukera ematen du. Baso Biziak plataformako Edu Zabalarekin dokumentuaren irakurketa egin dugu.

«Monolaborantza ez da garapen jasangarri bati zuzendutako landaketa mota»

Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko 2024. urteko Baso Mapa argitaratu du. Bertan azaltzen denez, eta NAIZen irakurri ahal izan dugunez, zuhaitzez osatutako baso azalerak EAEko azalera osoaren %54,8ra iristen jarraitzen du. Lurraldez lurralde: Araban %46,7, Bizkaian %59,7 eta Gipuzkoan %61,7.
Horren harira mintzatu zen Baso Biziak plataformako kidea den Edu Zabala NAIZ Irratian. Aipatu zuen nahiko kritikoak direla mapa honekin, izenburutik beretik. «Iruditzen zaigu manipulazio bat dela, ez baita baso mapa; izatekotan, baso eta landaketa mapa izango litzateke. Zeren, beraiek aitortzen duten bezala, egiten dute bereizketa zer den landatua eta zer ez, eta zuzenena izango litzateke hori jasotzea izenburuan ere».
Baina hori ez da Baso Biziaki gustatzen ez zaion bakarra. Izan ere, gehien kritikatzen duena monolaborantza jarraitzen duela da. «Datuetatik harago, ikusten da Pinus radiata behera egiten ari dela, xingola marroiaren gaitza jasan zuelako. Bere goia jo du eta espezie horrek jada ez du espero zenik ematen monolaborantzaren bidez. Orduan begiratzen hasi ziren beste espezie batzuk, izan Pinus pinaster, izan Cryptomeria edo izan Sequoia», azaldu du.
Era berean, kontatu du nola herritarrek eukaliptoaren kontra egin duten kanpainak bere fruituak izaten ari dela, eta, espezie horren monolaborantza justifikatzea zailagoa dutenez, Gobernuak moratoriak aurkeztu dituela eukaliptoaren landaketarekin jarraitzeko.
15 puntuko kritika
Zabalak azaldu duenez, Baso Biziak plataformako hainbat kidek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin ziren basogintza berriari buruzko jardunaldietan parte hartu zuten, euren ekarpena egiteko. Hala, 15 puntuko kritika aurkeztu zuten bertan, eta horiek galdera batekin hasi ziren: «Zeri deitzen diogu basoa?». «Zaku horretan dena sartzen badugu, berde guztia basoa bada, tranpa galanta da, eta uste dugu tranpa horrekin zabaltzen ari direla informazioa behin eta berriro», argitu du adituak.
Hori «tranpa» bat dela dio, jendeak mendiak berde daudela ikusi eta horrekin konformatzen direlako; ez du axola zein espeziek osatzen duten berde hori, bertakoak edo kanpoak. «Nahiz eta hemengoa izan, bakar-bakarrik landatzen badugu, adibidez, pagoa, edo bakar-bakarrik haritza, hori ere ez da kontserbazio edo garapen jasangarri bati zuzendutako landaketa mota bat. Orduan, kontuz ibili beharra daukagu, lehen-lehenik, izenarekin, ze horrek ezkutatu eta justifikatu nahi baititu gabezia batzuk», adierazi du Edu Zabalak NAIZ Irratian.
Baso Mapa aztertuz gero, atera dezakegun ondorioetako bat izan daiteke bertako espezieen aldeko neurri argirik ez dela hartu, espezie horien datuak ez baitira modu esanguratsuan hazi. Aldiz, beste espezie batzuetako kopuruak gehiago handitu dira.
Hori dela eta, Zabalak uste du eredu industriala hartu dutela eta horren atzetik bultzaka «basogintzako lobbyak» daudela. «1916an Pinus radiata sartzen hasi zirenetik, badago interes eta industria hedatu bat egurraren inguruan, eta horiek markatzen dute, gure ustez, politika nagusia basogintzan. Gainera, monolaborantza existitzeko behar ditu, batetik, dirulaguntza publikoak, nahiz eta sektore pribatu bati eman; eta, bestetik, behar du teknika bat, ateratzeko dagokion momentuan egur guzti hori matarrasa edo arrasteko mozketaren bidez», aipatu du Baso Biziakeko kideak.
Jarrera horrek sortzen dituen txikizioak «ikaragarriak» omen dira, eta higadura, espezieen desagerpena, bertako landareen suntsitzea eta beste hainbat ondorio kaltegarri ekar litzake. Hori da arrazoi nagusia, espezieak kontuan hartzen dituzten arren, horiek baino gehiago kritikatzeko monolaborantza sistema bera. «Monolaborantza sistema desagertuko balitz, neurri handi batean, beste egoera baten aurrean egongo ginateke. Baina, horretarako, Gobernu honek ulertu behar luke aldaketa klimatikoak eta beste hainbat aldaketek ekarri behar dituzten bide berriak. Hori baso ponentzian ikusi dugu argi eta garbi; 23 ponentziak osatzeko beren aldekoei bakarrik kasu egin diete, hau da, basogintzakoei», dio.
Honenbestez, behar diren neurriak hartzea eskatzen dute, garaiak aldatzen ari direlako eta ez direlako berdinak oraingo premiak eta 1916koak.