

Zuzenean 01:00h - 03:00h
MusikHaria (Errepikapena)
03:00h - 04:00h
Beste Bat
04:00h - 06:00h
Euskal klasikoak
Diasporaz hitz egiten dugunean, noizbait hemendik kanpora atera eta han komunitate bat sortu dutenez aritzen gara. Ateak Ireki egitasmoak alderantzizko bidea egiteko aukera ematen die, neurri batean, euskal jatorria duten Amerikako Estatu Batuetako gazteei. «16 eta 25 urte arteko gazteak dira» kontatu digu Ander Elordui, egitasmoko kideak. Udan Euskal Herrira etortzeko eta Goierriko familia batean egonaldia egiteko aukera eskaintzen zaie eta aurten, ekainaren 28tik uztailaren 20ra egingo dute egonaldi hori. «Diaspora zabala da, zortzigarren probintziarena oso kontzeptu zabala da, eta egia da gazte hauetako askok euskal jatorria dutela, baina baditugu euskal jatorririk ez duten gazteak ere. Hizkuntza ikasten hasi zirelako etorriko dira» dio Elorduik.
Mende erdi bete da Boiseko Unibertsitateko (AEB) ikasle eta irakasleek Oñatin burutu zuten lehen egonaldi programatik eta hori izan zen gaur egungo ekimenaren txinparta. «Gaur egungo Euskal Etxeetako zuzendaritza taldeetan daudenak Oñatira etorritako gazte horiek dira» kontatu digu.
Harrera familia modura parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko aukera. «Asteburuak familiekin egoteko dira, baina astean zehar ikastaroak antolatzen ditugu: herri kirolak edo sukaldaritza, besteak beste».
Egitasmoaren alde guztiak hobeto ezagutzeko gonbidatu dugu Ander Elordui, Ateak Irekiko koordinatzailea Bigarren Kafera.