

Zuzenean 23:00h - 01:00h
Bigarren Kafea (Errepikapena)
01:00h - 02:00h
Gelditu Makinak (Errepikapena)
02:00h - 04:00h
Zebrabidea (errepikapena)

NEREA:
Kaixo, Ander. Zer moduz?
ANDER:
Primeran, eskerrik asko, eta zu?
NEREA:
Ondo, baina burua lehertzeko puntuan daukat!
ANDER:
Lanez gainezka, ala?
NEREA:
Bai, badakizu antzezlan berri baten sorkuntzan murgilduta gabiltzala, eta prozesua ederra den arren, bere buruhausteak ere badakartza!
ANDER:
Kontatuko diguzu zeri buruzkoa izango den?
NEREA:
Oraindik ezin dugu gauza askorik kontatu, baina lehenengoa izango zara edozer berri jakiten!
ANDER:
Gai honi helduta, ba al duzu buruan lantzea gustatuko litzaizukeen gairik?
NEREA:
Egia esan, ez dut oso argi zer egin nahi nukeen, baina emakume ekintzaileren baten benetako istorioa kontatzea gustatuko litzaidake, Angela Davis, Clara Campoamor, Frida Kahlo...
ANDER:
Horretarako, aurretik, detektibe-lan sakona egin beharko duzu.
NEREA:
Bai, eta hori egiteko gogo berezia daukat. Gainera, gaur Jon Artano bere azken liburuaren inguruan, Juana, hizketan entzun dut, eta horrek gogoa piztu dit!
ANDER:
Juana Perea Plata, Gerra Zibilean Euskal Herritik Bogotara joandako familia bateko alaba da, heldutan eleberri eta antzerki obrak idatzitakoa.
NEREA:
Obraren bat argitaratu gabe ere bazegoen; eta, Juanari buruz jakin nahian, gauza asko ezagutu ditu Jonek.
AUDIOA | Jon Artano
NEREA:
Jonek Juanari buruz galdezka lortu du bere izebak idatzitako autobiografia horren berri izan eta bere PDFa izatea.
ANDER:
Galdetu eta galdetu ibilita, gauzak lortu egiten dira.
NEREA:
Juanaren izebak ere horrelaxe idatzi zuen liburua, “bere txikitako oroimenei tiraka”.
ANDER:
Eta, horri guztiari esker, haren familiak eta beste hainbatek bizitakoa ezagutzeko aukera izango dugu.
NEREA:
Zinez interesgarria Jonek detektibe lanei esker lortu duena.
ANDER:
Nerea, konturatu al zara, bat-batean –ka atzizkia dezente erabili dugu: galdezka, tiraka...
NEREA:
Izen edo aditzak adberbio bilakatzeko balio du, eta behin eta berriz errepikatzen den ekintza adierazten dugu berari esker.
ANDER:
Adibidez: jo aditza. «Atea jo dut, baina ez dit inork ireki».
NEREA:
Atea behin eta berriz jotzen ariko bagina, berriz, «norbait ate joka dabil» esan genezake.
ANDER:
«Ez dut zurrunka egiten duen jendea jasaten!»
NEREA:
«Ba gaur zu ere zurrunkaka aritu zara, gelditu gabe!»
ANDER:
Ziur, Jonek ez zuela atseden handirik hartzeko aukerarik izango liburu hau idatzi bitartean. Bati eta besteari galdetzen, lan handia izan du, baina eskuzabaltasun handiarekin hartu omen dute denek Juanaz galdezka aritu denean.
AUDIOA | Jon Artano
ANDER:
Detektibe lana burutzeko, laguntza ederra izan du Jonek.
NEREA:
Horrexegatik egin nahi nuke nik pertsona erreal baten inguruko lana. Berari buruzko liburuak irakurri, ezagutu zuten pertsonekin elkarrizketak izan, etab.
ANDER:
Nerea, zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Galdezka ibiltzea, aztarrika aritzea, joka irabaztea… -ka atzizki horren bidez, ekintza behin eta berriz errepikatzen dela adierazten dugu, gauzak egiteko modu bat adierazten du.
ANDER:
Nerea, begira… Joar teknikaria keinuka ari zaigu...
NEREA:
Zer ari da hor besoak alde batetik bestera gelditu gabe mugitzen?
ANDER:
Uste dut isiltzeko esaten ari zaigula! Gaurko asko hitz egin dugula eta saioa amaitu behar dugula.
NEREA:
Hurrengo batean kontatu beharko dizkizut nire lan berriaren nondik norakoak.
ANDER:
Hala da, gaur korrika joan beharko dugu kanpora, bizi-bizi!
NEREA:
Goazen, ba! Ez dugu Joar haserretzerik nahi! Agur!
Jon Artano 'Paraleloan' saioan izan zen JUANA liburuari buruz hitz egiten, hemen entzun dezakezue elkarrizketa.