

Zuzenean 23:00h - 01:00h
Bigarren Kafea (Errepikapena)
01:00h - 02:00h
Gelditu Makinak (Errepikapena)
02:00h - 04:00h
Zebrabidea (errepikapena)

NEREA:
Kaixo, Ander. Zer moduz?
ANDER:
Aupa, Nerea. Ondo, eta zu?
NEREA:
Hementxe, Zetak taldearen Aaztiyen disko berriarekin dantzan.
ANDER:
Elektronika gustatzen zaizu?
NEREA:
Niri edozein musika estilo gustatzen zait, batez ere, dantzagarria baldin bada!
ANDER:
Aralarko dama eroriko bada
Nafar lurretan izango da
NEREA:
Ikusten dut zu ere Zetak taldearen zalea zarela.
ANDER:
Oinak mugitzera naramate euren melodiek.
NEREA:
Eta zer diozu euren azken diskoaz? Aldaketak egon direla esango zenuke?
ANDER:
Nik uste euren nortasun eta oinarria mantentzen jakin dutela, eta berrikuntzak ere ekarri dituztela. Erritmo berezi batzuk sartu dituzte.
NEREA:
Taldearen sortzaile eta abeslari den Pello Reparazek aurrekoetan baino Euskal Herriko identitate tradizional gehiago sartu dituela dio, eta baita beat ezberdinak ere.
ANDER:
Badakizu zein den diskoko nire abestirik gustukoenetakoa?
NEREA:
Utzidazu asmatzen! – tarte txikia – Badakit, zu ezagututa Deskontrola izango da.
ANDER:
Bete-betean asmatu duzu! Ondo ezagutzen nauzun seinale.
NEREA:
Elkarren ondoan hainbeste ordu pasatzeak horixe dauka!
ANDER:
Izugarri gustatzen zait Pello eta bere barneko ahots horren arteko jokoa. Entzun dezagun abestiaren zatitxo bat.
ANDER:
Ziur nago ahotsen joko berezi horrek zerbait adierazi nahi duela.
NEREA:
Berari egindako elkarrizketa bat entzun dut, eta ahots horien bidez, Pelloren eta bere barrutik datorren ahotsaren arteko elkarrizketa irudikatu nahi izan omen dute.
AUDIOA - PELLO REPARAZ
NEREA:
Bere barnean dagoen deabrua akaso».
ANDER:
Iker Gurrutxaga kazetariak hasieran aipatu du abesti iluna dela, deabruaren zera hori adierazten duela.
NEREA:
Deabruek badute zerbait berezia. Kasu honetan, Ikerrek ez daki oso ondo zer den deabruek duten elementu berezi hori. Horregatik erabili du zera hori espresioa.
ANDER:
Askotan esan nahi dugun hitza topatzen ez dugunean zera esaten dugu.
NEREA:
Nik badut lagun bat, hitz egiten hasi eta askotan eh... zera, zera... hori esaten duena.
ANDER:
Ni oso urduri jartzen naiz halakoetan! Hitza topatzen lagundu nahi izaten diet horrela daudenei, eta ezintasunak urduritu egiten nau.
NEREA:
Ander, pasako didazu, zera, zera...
ANDER:
Nerea, zer behar duzu?
NEREA:
Zera...
ANDER:
Esango al duzu behingoz!
NEREA:
Ez zait ateratzen.
ANDER:
Nerea, mesedez, zertzen hasi naiz, urduritzen hasi naiz.
NEREA:
Ondoan duzuna, zera...
ANDER:
Katilua!
NEREA:
Horixe, ez nuen hitza topatzen!
ANDER:
Esan dizut oso urduri jartzen naizela!
NEREA:
Horrexegatik! – umorearekin.
ANDER:
Xomorroa... Zure barneko deabru txikia atera duzu! Deskontrola abestian bezala.
NEREA:
Deabru, deabru... Nire barneko deabrua ez da sekula ateratzen!
ANDER:
Ez, zera!
NEREA:
Nereak oraintxe beste adiera bat eman dio zera hitzari.
NEREA:
Izan ere, hainbat esamoldetan ere erabil dezakegu: Baita zera ere! Bai, zera! Edo, ez, zera!
ANDER:
Kasu horretan, harridura edo ukatzea egin nahi dugu.
NEREA:
Norbaitek zerbait jakitea zaila dela uste dugunean zera jakingo du horrek esaldia erabiltzen dugu.
NEREA:
Beraz, gaurkoan zera ikasi dugu:
ANDER:
Aipatu nahi dugun hitza ateratzen ez zaigunean zera erabil dezakegula, askotan makulu gisa.
NEREA:
‘Gauza’ hitza ere ordezka dezakeela definizioetan. Lotura hitza definitzeko hau esan genezake: bi atal elkartzen dituen zera da.
ANDER:
Hainbat esamoldetan ere aurki daiteke harridura adierazteko: baita zera ere! Bai, zera! Ez, zera!
NEREA:
Ba guk dantzan jarraituko dugu gure deabrutxoekin batera, beraz, hementxe utziko zaituztegu.
ANDER:
Ondo izan eta hurrengora arte!