Zuzenean 21:00h - 22:00h
Beste Bat
22:00h - 23:00h
Sateliteak
23:00h - 00:00h
Beste Bat
«Deportatuak euskal memoria kolektiboan txertatu behar ditugu, aitortzaren bitartez»
Kontzentrazio esparruen askapenak 80 urte beteko dituen honetan, sortu berria da Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea. Asteon aurkeztu da Bilbon, eta bertatik izan ditugu NAIZ Irratian Etxahun Galparsoro, Anton Gandarias eta Unai Egia.

«Deportatuak euskal memoria kolektiboan txertatu behar ditugu, aitortzaren bitartez»

Bizkaia eta Gipuzkoako zazpi elkarte memorialistaren baturak osatu du Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakunde jaio berria, hain zuzen ere, lankidetza hori sustatzeko motor nagusiarekin: «Gure lana bat egin nahi dugu, ea hainbat eta hainbat ur-tanta batuta itsaso bihurtzen garen».
Taldearen aurkezpenean argi esan dute deportazioaren auzia ez dela gure oroimen kolektiboaren parte. Faktoreak anitzak dira; esate baterako, bizirik ateratzea lortu zuten deportatuek erbestean egin behar izan zuten euren bizitza eta ez ziren etxera itzuli, horrek transmisioa eten zuelarik.
Beste faktore aipagarri bat frankismoa bera da, bere intereseko mitoa saldu zuelako. Alegia, Bigarren Mundu Gerran espainiar Estatuan borrokarik egin ez zenez, ez dela bertako ezta Hego Euskal Herriko historiaren parte. «Frankismoak saldu zigun argudio hori hein batean bereganatu dute askok», azaldu dute, «eta trantsizioa delakoan ere ez zen interesatzen gai hauek jorratzea. Aro berri bat zabalduko zela eta, kontu hauek alboratuta geratu ziren».
Anton Gandariasek, Anjel Lekuonaren iloba den aldetik, bizi izan du sentipen hori: «Busturiako udaletxera lehen aldiz joan nintzenean, ez zekiten ezer gure osabaren istorioaren inguruan. Nik kontatu nien, txosten bat egin nuen orduan neukan informazioarekin eta harrituta gertatu ziren». Gaineratu du ordutik beti izan dutela «harrera ona» bere proposamen guztiek.
Aitortza eta batasuna
Aldaketa hori ehuntzen hasia da zentzu zabalago batean ere. Kolektibo desberdinen bategitean, adibidez. Positiboki baloratu dute elkarketa hori, kontuan hartuta «orain arte tanta horietako bakoitzak berea egin duela».
Ekimen berriak sustatzeko batu dira orain, familiak sorburu, baina oinordekoak behar dituztela aipatzen betiere. Hemendik aurrerako lan-ildoak ezartzerako garaian, badute identifikatuta jomugan egon beharko den ezinbesteko elementu bat: aitortza. «Euskal Herrian gure memoria kolektibotik at geratu dira pertsona guzti hauek», salatu dute beste behin. «Berreskuratu eta horretan txertatu behar ditugu, aitortzaren bidez».
Aitortza hori ahalbidetuko duten ekimenak aurrera eramateko, erakundeekin harremanetan dira. Gogora institutua batu berri zaie lan horretara, kontzentrazio esparruen askapenak 80 urte beteko dituen honetan. Maiatzean dute jarria begirada, eta hurrengo batzarretan zehaztu ondoren emango dute datozen proiektuen berri.
Historia ezagutarazteko bideak
Edonola ere, badira hainbat ekimen koordinadoraren aterki pean bultzatuko direnak eta dagoeneko ezagutzen ditugunak. Tartean, apirilaren 16ra arte Bizkaia Aretoan ikusgai egongo den ‘Hradistko. Txikoria-belarrak loratzen ez zirenean’ erakusketa edota hilabete bereko 15ean Pragan egingo duten omenaldia. Azken horretan, Busturiako Udalak Gernikako Arbolaren urtadar bat eskainiko dio txekiar hiriburuari, eta bertan landatuko dute.
Galparsorok, Gandariasek eta Egiak nabarmendu dute askapen urteurrenak «oso data garrantzitsuak» izaten direla Europa mailan, baita Ipar Euskal Herrian ere, eta ohikoak direla omenaldiak zelaietan. Hego Euskal Herrian, ordea, ohitura ez dago hain errotuta, baina «geureganatzeko» deia egin dute. Aipatu erakusketen gisako proposamenak eskoletan eta herrietan hedatzeko beharra aipatu dute, kolektibo hori handitzeko.
Datorren maiatzaren 5ean zortzi hamarkada beteko dira azken euskal deportatuak Ebenseen askatu zituztela. Euskal Herri mailan ere nazioartean bezainbeste gogoratzea espero dute Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakunde berriko kideek.