Zuzenean 14:00h - 15:00h
Gramofonoa
15:00h - 16:00h
Beste Bat
16:00h - 17:00h
Ad libitum

ANDER:
... Eperrak, badütüzu, bere bi hegalak.
NEREA:
Kaixo, Ander, kantari etorri zara gaur.
ANDER:
Bai eta burun gainin, kokarda ejer bat.
NEREA:
Ander!
ANDER:
Barkatu, Nerea! Anje Duhaldek moldatutako Eperrak abestia etorri zait burura eta horretan nenbilen.
NEREA:
Konturatu naiz, bai!
ANDER:
Zuri abestea asko gustatzen zaizu, ezta?
NEREA:
Bai, gustuko dut musika-talde berriak ezagutu eta abestien bidez kultura ezberdinak ezagutzea.
ANDER:
Zein esango zenuke dela zure bizitzaren soinu banda?
NEREA:
Nire bizitzaren soinu banda? Puff! Horrela bat-batean... ez da erantzuteko galdera erraza!
AUDIOA | Anje Duhalde
ANDER:
Nire bizitzan, saioko esatariaren kasuan bezala, Anje Duhalde garai batean oso presente egon zen; rock&roll-aren hastapenean murgiltzeko aitzakia izan zen bere Errobi taldea.
NEREA:
Michel Ducau-rekin batera sortu zuen taldea 1973an eta folk eta rock estiloak landu zituzten batez ere.
ANDER:
Niko Etxart zuberotarrarekin batera, euskarazko rock-aren lehen doinuak izan zirela esan dezakegu.
NEREA:
Euskal tradizioaren melodiak erabili ohi zituzten eta atzerritik etorritako doinuekin uztartzen zituzten. Baina betiere Euskal Herriko gaiez arituz.
ANDER:
Taldeak luze iraun ez bazuen ere, bakoitzak bere aldetik ibilbide oparoa izan du.
NEREA:
Nire kasuan, berriz, Benito Lertxundi aipatu beharko nuke. Gurasoekin familia bisitatzera joaten ginenean, amak kotxean beti jartzen zituen bere diskoak, eta hor aritzen ginen kantuan. Horregatik, nire bizitzan leku handia hartu duela esan dezaket.
ANDER:
Anjek eta Benitok elkarrekin 'Oi kanta berri' abestia kantatzen zuten!
NEREA:
Lehen irratsaioko esatariak aipatu du Anjeren diskoak, hainbeste entzun ondoren, izorratu egin zaizkiela.
ANDER:
Disko bat behin eta berriz entzuten genuenean hori gertatu ohi zen. Gustuko dugun seinale!
NEREA:
Beharbada, irratian, izorratu hitza erabili beharrean hondatu erabili beharko luke, ezta? Edo matxuratu, galdu...
ANDER:
Bai, testuinguruaren arabera, hitz kolokialak aukeratu beharrean, formalagoak erabili beharko genituzke.
NEREA:
Kasu honetan, irratian ari garenez, egokiagoa litzateke hitz formalagoak erabiltzea, bai. Ez baita gauza bera, lagunarteko erregistroa edota erregistro jaso edo formala.
ANDER:
Mintzatzen garen inguruaren arabera egokitu egingo dugu.
NEREA:
Izorratu hitza lagunartean erabiltzen dugu. Izorra hadi! Edo Izorrai! esamoldea ere testuinguru honetan erabiliko genuke.
ANDER:
Askotan esaten ditugu halakoak: «Horrek, lagundu beharrean, ederki izorratuko nau». Edo, «gaurko eguna izorratu didazu motel ibiltzeagatik, arratsalde osoa galdu dugu!»
NEREA:
Guk, berriz, ziur nago ez diogula inori eguna izorratu, alderantziz, baizik! Alaitu egin diogu!
ANDER:
Zuk beti alaitzen duzu nirea, Nerea.
NEREA:
Alproja!!! Amaitu aurretik, gaur ikasitakoa birpasatuko dugu.
ANDER:
Hizkuntza bakoitzaren baitan erregistro ezberdinak daudela ikasi dugu.
ANDER:
Izorratu aditza adibidez, lagun artean erabiliko dugu, eta ahozko hizkeran.
NEREA:
Formalago ari garenean, berriz, irratian edo hitzaldi batean, adibidez, hondatu, galdu edo matxuratu!
ANDER:
Ezer hondatu aurretik, hementxe utziko dugu gaurko saioa!
ANDER:
Hurrengora arte!
Anje Duhalderi egindako elkarrizketa osoa aditu nahi baduzu, hemen.