Zuzenean 07:00h - 08:00h
Bidaiari
08:00h - 13:00h
Asteburuko Haria
13:00h - 14:00h
Kontatzera Noazu

NEREA:
Kaixo, Ander. Zer moduz zaude?
ANDER:
Ondo, eskerrik asko!
NEREA:
Pozten naiz. Gaur, galdera batekin hasi nahi nuke.
ANDER:
Hasteko galdera izanik, ez da konplikatua izango, ezta?
NEREA:
Ez, lasai. Zer da zuretzat arrakasta?
ANDER:
Ene! Galdera sakona ekarri duzu gaurko saioarekin hasteko!
NEREA:
Zuk ezagutzen duzu Zuhaitz Gurrutxaga, ezta? Hainbat taldetan aritutako futbolari-ohia, telebistako aurkezle, antzezle eta bakarrizketetan aritzen dena.
ANDER:
Ezagutuko ez dut, ba! Oso interesgarria iruditu zitzaidan bere NOK-ei buruz sortu zuen bakarrizketa.
NEREA:
NOK edo nahasmendu obsesibo konpultsiboa. Jende askok TOC bezala ezagutzen du.
ANDER:
Ezinbestekoa da horrelako gai eta gaitzei buruz hitz egitea.
NEREA:
Are gehiago, akaso, berak aipatzen duen bezala, gai mental edota psikologiari hain garrantzi gutxi ematen zaion mundu batean.
ANDER:
Futbolean, hain zuzen ere.
NEREA:
Beti egin zait bitxia futbola utzi eta ondoren bakarrizketa eta antzerki munduan sartzea. Zerk eramango ote zuen erabaki hori hartzera?
ANDER:
Ziur horri buruz mintzatzen dela Ander Izagirrerekin batera idatzi duen ‘Subcampeón’ liburuan.
NEREA:
Jarraian entzungo dugun irratsaioan ere, horri buruzko zertzelada batzuk eman zituen. Entzun dezagun.
AUDIOA - Zuhaitz Gurrutxaga
NEREA:
Badirudi Zuhaitzek ez duela guztiz argi nolatan eman zuen jauzi hori futboletik telebistara eta antzerki mundura, baina badu zergatiaren irudipen bat.
ANDER:
Eta, hori adierazteko, «irudipen bat dut ez ote den» egitura erabili du.
NEREA:
Izan ere, askotan ziurtasun osoa ez dugunean, ote partikula erabiltzen dugu.
ANDER:
Zalantza adierazteko erabiltzen denez, galderetan ikusi ohi dugu. «Non ote daude nire giltzak»?
NEREA:
Galdera erretorikoak egiteko balio du, norberak bere buruari egiten dizkionak. «Etorriko ote da»?
ANDER:
Askotan susmoak eta beldurrak ere adierazten ditu. Adibidez, «beldur naiz ez ote garen garaiz iritsiko».
NEREA:
Kasu horretan ez da galdera, zehar galdera baizik; hizlariaren beldurra adierazten du.
ANDER:
Zuhaitzek beldurrak alde batera utzi zituen, eta, futbolean jasandako presioa gaindituta, jendartean jarri zen antzezle lanetan.
NEREA:
Badirudi futbolari gisa urtetan sentitutako porrot hori gainditu nahi izan zuela horrela, fokoa beste leku batean jarri eta bertan arrakasta izateko.
ANDER:
Horrela, aurretik dezepzionatu zuen jendearen aurrean lasai egoteko eta begietara begiratzeko gai izatea lortu zuen. Jende gutxiago aurrean, baina bere buruaren barruan beste egoera bat.
NEREA:
Bere hitzetan arrakasta lortu zuen.
ANDER:
Hori izango ote da arrakasta?
AUDIOA - Zuhaitz Gurrutxaga
NEREA:
Ez dakit arrakasta izango ote den, baina badirudi Zuhaitz gustura dagoela lortutakoarekin.
ANDER:
Nik esango nuke arrakasta oso pertsonala dela, bakoitzak bere helburuak zehazten baititu, eta, horren arabera, arlo batean edo bestean bakoitzak ezarriko du bere muga.
NEREA:
Bat nator zurekin, Ander. Ez da kontzeptu erraza, baina hausnarketarako ematen du.
ANDER:
Baita euskarako kontzeptu berriak ikasteko ere!
NEREA:
Hala da! Gaur ote partikula erabiltzen ikasi dugu.
ANDER:
Galdera erretorikoetan eta hizlariaren ziurtasun eza adierazteko erabiltzen da.
NEREA:
Adibidez, datorren asteko festara nor etorriko den neure buruari galdetzeko, «Maialen eta Irati etorriko ote dira?» esango nuke.
ANDER:
Gehiegi luzatzen ari den guda baten amaierari buruz «bukatuko ote da behingoz?» galdetuko genuke.
NEREA:
Eta itxaropenarekin erantzutea gustatuko litzaiguke.
ANDER:
Hala da, bitartean gu itzuliko ote gara?
NEREA:
Hala espero!
Hemen entzun dezakezue Zuhaitz Gurrutxagari eta Ander Izagirreri egindako elkarrizketa.