Zuzenean 13:00h - 14:00h
Gramofonoa
14:00h - 15:00h
Beste Bat
15:00h - 16:00h
Ad libitum

2024ko abenduaren 7an amaitu zuen Ikamak kongresu prozesua, eta ordutik sekulako salto politiko eta organizatiboa emateko gai izan da Ikasle Antolakundea. Ihaurri ponentzia aurkeztearekin batera argi utzi zuten hezkuntza eremu osoan antolatzera zihoazela, eta halaxe egin dute.
Hori horrela, urtarrilaren 13an ‘Behar Dugun Hezkuntzarako, Independentzia!’ dinamika aurkeztu zuten, eta ordutik honetan lanean ibili dira, martxoaren 20ko mobilizazioak mugarri hartuta. Aimar Loiti, Ikamako bozeramailearen hitzetan «harro egoteko moduko urratsa» izan da hilabete hauetan eman dutena.
Azaldutakoaren arabera, abenduaren 7a oso data garrantzitsua izan zen haientzat, izan ere, hezkuntza eremu osoan antolatzeko erabakiaz gain, Independentziaren aldarria esplizituki haiena egin zutelako. Aimarrek azaldutakoaren arabera, ‘Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa’ dute helburu, baina ulertzen dute horraino iristeko «beste eszenatoki batetik» igaro behar dela. «Hezkuntza propioa lortzeko independentzia tresna modura ulertzen dugu. Uste dut hau badela Ikasle Antolakunde modura aldarrikatu behar dugun zerbait, baina baita herri oso baten inplikazioa eskatzen duen zerbait ere, herri modura garatu behar dugun estrategia bat delako».
Finean, espainiar eta frantziar estatuen logiketatik at kokatuko den hezkuntza sistema bat dute helburu, euskalduna, feminista eta interes ekonomikoetan oinarrituta egongo ez dena: «gure herriaren biziraupena bermatuko duen hezkuntza baten alde mobilizatuko gara».
Koiunturari erreparatuta, maila globalean aurrera doan «olatu erreakzionarioari» aurre egiteko ere independentzia tresna ezin egokiago baten gisa ulertzen dute, eta martxoaren 20an, jarrera erreakzionarioen aurka ere aterako dira kalera.
Mobilizazioak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira, guztiak 12etan abiatuta: Donostian Bulebarretik, Iruñean Hezkuntza Departamentutik, Gasteizen Elurretatik eta Bilbon Jesusen Bihotzetik.