

Zuzenean 11:00h - 13:00h
Haria 2
13:00h - 14:00h
KirolHaria
14:00h - 16:00h
Zebrabidea
Une oparoan da Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa feminista eta generokoen doktorego programa. Horren baitan, Euskal Herriko gatazka politiko armatua perspektiba feministatik ikertzen ari dira.
Horren adibideetako bat da 'Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat. 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua' doktorego tesia. Olatz Dañobeitiaren sinadura dauka lanak, eta NAIZ Irratian izan dugu.
90eko hamarkadaren testuinguru soziopolitikoan hasi dugu kontaketa. Garai hori testuinguratzeko orduan, hainbat ardatz hartu zituen kontuan: gatazka politiko armatua zertan zen (kale borroka deritzonaren garaia, dispertsio politikaren hastapenak eta ‘dena da ETA’ tesi politiko, judizial eta polizialaren zabalkuntzarekin), «demokratak-biolentoak» dikotomiaren hasiera eta, mugimendu feministari dagokionez, feminismoaren erakundetzea.
Izan ere, 70eko hamarkadan Euskal Herrian abiatutako mugimenduaren ostean, desmobilizazioa ematen ari zen bi hamarkada beranduago kaleko presentzian eta auto antolaketan. Aldi berean, berdintasunaren fikzioa edo lilura sortu zen, «berdintasuna lortuta zegoelako uste ustela». Kolokan jartzen zen feminismoa bera, baita tarteka kriminalizatu ere.
Ezker abertzaleko aldarrikapen feministek forma desberdinak hartu dituzte 80ko hamarkadatik gaur arte, eta Dañobeitia saiatu da XX. mende amaieran erakunde desberdinetan parte hartutakoak jarraitzen: «kontuan izan behar dugu aldarrikapen horiek forma desberdinak hartu zituztela, KASetik Egizan arte, baina ez naiz prozesu horiek ikertzera sartu. Motibazioa, dokumentazioa aztertuta eta elkarrizketak entzunda, patriarkatuaren zapalkuntzak proiektu politikoan sortzen dituen dominazio eta boteregabetze horretatik, feminismoa kokatzeko beharra izan da».
Ariketa horretan, kontuan izan du «zapalkuntza hirukoitz» deritzona (nazio zapalkuntza, klase zapalkuntza eta genero zapalkuntza), guzti horiek nola lotzen diren aztergai. Feminismo beltzak garai batean erabilitako ‘intersekzionalitate’ terminoa erabiltzen dugu egun kontzeptu hori izendatzeko, eta bertako emakumeen motibazio gisa identifikatu du ikerlariak. Izan ere, asko dira ezker abertzaleko emakumeek horretan izan duten gaitasuna aipatzen duten autoreak: «hiru zapalkuntzak lotzen eta haien proiektu politikoan feminismoa txertatzen, barne-mailan pratika ez-patriarkalak edo feministak lantzen baino».
Edonola ere, argi utzi du bere asmoa eta bere jakin-minaren iturburua ez dela izan ezker abertzalearen baitako matxismoa, «emakume horien bizipenak ezagutzea» baizik. Bizipen horiek ulertzeko, garrantzitsua iruditu zitzaion ibilbide osoari begiratzea, errepresioan izandako bizipenekin ere lotuz ostekoak, jarraipen bat izan zelako.
Horrekin batera, genero-erregimena eta genero-ordena izan ditu aztergai. Alegia, edozein gizarte zein garai historikotan badela emakumea zer den eta gizona zer den definitzen duen ordena bat. Horietako bakoitzaren barruan erregimen bat egoten da, hierarkien araberakoa. Ezker abertzalearen zein estatu espainolaren errepresio dispositiboen instituzioetan emandako erregimenak dira aztertu dituenak, «emakume egoki izateko moduak eta bi instituzioen artean egon zitezkeen antzekotasunak zein hausturak». Horretan barnebiltzen dira, hain zuzen ere, emakumeak zuzendaritzetan kokatzen ziren lekua, hartzen zuten garrantzi politikoa, lehen lerroan edo bigarren mailan egoten ziren gaiak edota zaintza bera ere (hau da, militatzearekin batera zaindu ere egin behar zutela, eta zainduak izateko eskubidea ukatzen zitzaiela aldi berean).
Azken hori azaltzeko, garai hartan Euskal Herrian zeuden bi idealak gogora ekarri ditu Dañobeitiak: «alde batetik Itziar, ama, emazte edo zaintzaile hori, sarritan presoaren amarengan islatuta ikus dezakegun figura hori; eta bestetik Itziarren alaba, semearen eskema bera jarraitu baina emakume gorputzean ibiltzen dena». Bi mutur horien artean, ordea, «abaniko zabala» ikusi du, emakume egoteko eta izateko eredu desberdin ugari, baina guztiak erregimen horren barruan.
Azken zortzi urteetan zehar egindako lanean, eta ostera ere, arreta deitu dio Dañobeitiari «oso gutxi galdetzen diogula geure buruari ezker abertzaleko emakumeek egin dituzten ekarpen feministei buruz». Asko dira barne-mailako eraldaketetan horrenbesterako arrakastarik izan ez zutela aipatzen duten egileak, baina 90. hamarkadako amaieran eta 2000ko hasieran garatutako prozesu feminista «sendo eta zabalari» garrantzia eta aitortza eman nahi izan dizkio elkarrizketatuak: «esango nuke gaur egun ikerketa ekintza deitzen den horietako bat izan zela. Elkarrizketa zabal bat abiatu zuten jakiteko zergatik emakumeek militantzia politikoa uzten zuten, ezagutzeko nola sentitzen ziren ezker abertzaleko egitura desberdinetan, eta hortik prozesu oso bat abiatu zen».
Gaur egun, esaterako, jai herrikoien testuinguruan asko zabaldu dira erasoen aurkako protokoloak, bai erakundeetan bai herri mugimenduetan. Dañobeitiak azaldu duenez, «zentzu horretan, ezker abertzaleko emakumeek aitzindaritza handia izan dute».
Horrekin lotuta, emakume horiek politika arloan garatutako desobedientzia ekimenak eta praktika feministak aipatu ditu, haren tesian agertzen direnak horiek ere. «Iruditzen zait fokua asko jartzen ari garela ezker abertzalearen matxismoan, eta ez horrenbeste emakume horiek testuinguru horretan garatzen duten praktika feministan».