

Zuzenean 14:00h - 15:00h
KirolHaria
15:00h - 17:00h
Zebrabidea
17:00h - 18:00h
Bilynch
«Berriztagarrien zabalpen masibo honek ez dio auzi ekologikoari erantzuten»
Larunbat honetan, martxoaren 22an Euskal Herria ez dago salgai! lelopean manifestazioa deitu du EH Bizirik sareak Gasteizen. Azpiegitura handien aurka eta natur eremuak zaintzearen alde mobilizatzen den plataformako Iraitz Elordirekin bildu gara.

«Berriztagarrien zabalpen masibo honek ez dio auzi ekologikoari erantzuten»

2023an antolatu zuen Euskal Herria Bizirik sareak lehen manifestazioa eta izandako arrakasta ikusita, urteroko ekintza bihurtu da. Baina, nola dago osatua Euskal Herria Bizirik?
Sare izaera hartzen du. Lekuan leku datozen makroproiektu berriztagarriak ugaritu ahala, horiei aurka egiteko plataformak sortzen hasi ziren eta ikusi genuen elkartzeko beharra genuela maila altuagoan, Euskal Herri mailan erantzuteko beharra zegoela. Hari horretatik jarraituz, aldarri nagusia lurraren defentsa da ikusi dugulako, makroberriztagarrietatik harago, makina bat proiektu dagoela, bai martxan, bai martxan jartzeko asmoarekin, beraz, antolaketa da plataforma ezberdinak eskualde desberdinetan antolatuta eta sarea egiteko eta indarrak batzeko elkartzen garenak.
Plataforma lokal bakoitzak ditu bere lehentasunak leku bakoitzean normalean proiektu bakoitzak inposatzen dituen erritmoei jarraituz eman beharreko urratsak. Horrez gain, saiatzen gara asmo komunen gaineko adostasunak lortu eta horiek aurrera eramateko elkargunea izaten. Lan ideologikoa egiten dugu lurraren defentsaren garrantziaz jabetzeko, hau da, nola den lurra egungo krisi ekologikoan guztiaren sustengu eta nola erabili nahi duten gutxi batzuek negozioa egiteko.
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu berri da eta Euskal Herria Bizirik kontra agertu da. Zergatik?
Aurrez aipatutako logika auspotzera datorrelako. Ulertzen dugu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial (LPS) baten premia, azkenean, lurraldea antolatzeko plan bat beharrezkoa delako, eta hau horri erantzutera dator. Baina, LPSaren nolakotasunak ez datoz, inolaz ere, bertan bizi garenon interesetara egokituta, hau da, guk ulertzen dugu Energia Berriztagarrien LPS hau guztiz dagoela enpresen neurrira egina eta enpresa horiei erraztasunak jartzeko egindako lege bat dela. Azkenean, egiten duena da enpresei esan zein diren erraztasun gehien izango dituzten eta energia gehien ekoitzi ahalko duten espazioak. Hori da beteko duen funtzio nagusia.
Gainera, nahiz eta LPSaren behin betiko onarpena eman gabe dagoen, lege horren barruan agertzen diren espazio gehienetan enpresek eskariak eginak dituzte proiektuak aurrera eramateko, orduan, jada martxan dagoen dinamika bat da nahiz eta legea onartu gabe izan.
Nola bermatu herritarren interesak?
Ezinbestekoa da gaur egungo krisi ekologikoari buelta eman nahi badiogu, eredu ekonomikoa gainditzea. Bai eredu ekonomikoarena eta, ondorioz, instituzionalarena. Hauek egiten dutena da lurralde bateko ongizatea enpresen irabazien arabera neurtzea. Orduan, ikusten duguna da lurralde horretako biztanleen premien araberakoa den LPS bat onartu behar dela eta orain mahai gainean dagoenak ez duela zerikusirik, inondik inora, horrekin.
Beharraren eta urgentziaren diskurtsoa errotuta dago makroproiektuen gaian.
Diskurtsoa guztiz tranpatia da, alegia, duela asko dakigu egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den eta, bestalde, argi dago auzi ekologikoa bere osotasunean hartu behar dela eta mahai gainean dauden proposamenek ez dute inondik inora hori konpontzeko gaitasunik eta, gure ikuspuntutik, ezta inolako posibilitaterik ere; berriztagarrien zabalpen masibo honek ez dio horri erantzuten.
Auzi klimatikoa bai, oso auzi larria da eta horri erantzun bat eman behar zaio baina, horrekin batera, erantzuna eman behar zaien auzi larri gehiago ere baditugu: biodibertsiatearen galera, lurretako nitrogeno eta fosforo eraldaketa, ur gezaren kutsadura eta murriztea, itsasoen azidifikazioa… faktore guztiak hartu behar dira kontuan gaur egungo krisi ekologikoaz hizketan ari garenean. Gaur egun planteatzen denak krisi klimatikoa baliatzen du diskurtso moduan proiektuak aurrera eramateko baina, benetan, ez du puntu bakar bati erantzuteko gaitasunik. Zergatik? une honetan planteatzen ari dena baita elektrifikazioa ematea esfera batean baina ez elektrizitate gutxiago kontsumituko duen eredu batean.
Elektrizitate gehiago beharko den aurreikuspena egiten da adimen artifizialaren garapenean, industria konputazionalaren garapenean, Europaren pobrezia energetikoaren testuinguruan eta hor planteatzen da energia berriztagarrien zabalpen masiboa. Horrek ez du inolako pretentsio ekologikorik, baizik eta krisi ekologikoan sakontzea dakar, nolabait autonomia estrategiko ekonomiko eta militar bat ezkutatzera begirako posibilitate bat mahai gainean jartzeko. Hori da gaurko testuingurua, beraz, beharra eta urgentziarekin ados gaude baina hau ez da ezer berria eta mahai gaineratu den moduak ez dio benetan auziaren sakontasunari erantzuten.
Lurraren defentsan dabiltzan hainbat mugimenduren kriminalizazioa ematen ari da. Zeri erantzuten dio horrek?
Entzuten ari garena bada Europatik datozen eta bertako instituzio nagusiek bat egiten duten pretentsioa dela natur baliabideen ustiaketa modu masibo batean egitea bai berriztagarriak inposatuz, edo minak ezarriz, edo dena delakoa, horri aurre egiteko elkartzen den herritarren aurkako kriminalizazioa areagotzea, esango dugu, guztiz koherentea da beraien asmoekin. Guri tokatzen zaigu gogor egitea, salatzea, zeren lurraren defentsarako aukerak kentzen saiatzen ari dira eta hori oso larria da. Azken hilabeteetan izan ditugun adibideek erakusten dute –Aroztegiko auziperatzeak, Arabako Mendiak Askeko multa…– mugimendua gogor zanpatzera datozela. Beldurraren logikan, aurrekari izan asmo duten ekintzak dira eta ez da berria.
Larunbatean, hilaren 22an egingo den manifestazioan zer bilatzen duzue?
Espero dugu jende ugari bilduko dela manifestazioan eta giro ona izango dela.
Helburua da gauzak argi uztea eta, azken bi urtetako aldarrien bidetik, beste behin, lan ideologikoari begira garrantzitsua da kaleak hartzea. Atxikimendu sortaren babesarekin, lurraren defentsarako borroka indartzeko elementu garrantzitsua da manifestazio hau, zeren, izan baditugu momentuko urgentzia azpimarratzen duten gertakari batzuk. Alde batetik, Energia Berriztagarrien LPS-a uda honetan onartu nahi dute eta, hor eragite aldera, uste dugu manifestazio hau oso garrantzitsua dela. Bestalde, garrantzitsua da gogoraraztea badaudela jada makroproiektuak non baimen guztiak emanda dauden eta obrak edozein momentua has daitezkeen. Beraz, oso garrantzitsua da sozialki oposizio garbia erakustea azpiegitura eta lege guzti horiei.
«Joan den sasoia gogorra izan zen faktore desberdinengatik, baina hori nire motxilara doa»
«Nafarroarekin elkar ulertzeko ateak irekita daude eta zubiak luzatu ditugu»
